GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

IMAJINATU EZINEKO ALTUERA ETA ZABALERA

Isabelle MIQUELESTORENA

Berdin neskato, emakume edo atso. Aberats zein pobre. Goi mailako ikasketetan zerrenda luzea dutenak eta bizitzako unibertsitatean behin baino gehiagotan lizentziatuak. Umore onekoak eta petralak. Ederrak eta zatarrak. Ispiluaren zaleak eta kontrakoak. Kaskagogorrak eta kaskarinak. Bakearen zaleak eta beti gerrarako prest daudenak. Matxismoak ez du bereizten. Denak lotzen ditu, zapaltzen, eusten, limurtzen, jipoitzen, komeni zaionaren arabera. Hori gauza gogorra da berez, emakume jaiotze hutsa baldintza astuna gertatzen baita. Baina, txarrenetik onena nola ateratzen den, zapalkuntza orokortua denean, zapalduak kolore guztietakoak direnean, haien borrokak imajina ezineko altuera eta zabalera hartzen ditu.