GAUR8 - mila leiho zabalik

Oroitza


Irakurri eta entzun dizkiagu hitz xamurrak, goxoak, kolorez jositako berbak. Neuk ere lerro hauek eskaintzen didaten aukeraz baliatu nahi diat agur eupada igortzeko. Bazekiat irakurriko dituala. Irri egingo duk, betiko moduan. Bai, bazekiat, eder zale bahintzen ere, ez ditut izan sekula losintxak gogoko.

Entzungo huen behin baino gehiagotan badirela sekula hil beharko ez liratekeenak; agian heuk ere ezagutuko huen bat baino gehiago eta ziur aski halako aitorpenen bat egina izango haiz. Oraingoan hiregatik entzutea tokatu zaiguk eta buruarekin zalantzarik gabe aitortu diagu. Hiri gehiegizkoa irudituko zaik eta egindako lana lantalde bati eskertuko diok eta haienganako laudoriotan urtuko haiz. Nik ez diat ukatuko hala izan ez denik, baina horretan ere beti asmatu izan duk.

Denok aitortu diagu, irakaskuntzaren etengabeko berrikuntzari eginiko ekarpena. Hik Hasi mugimendutik, aldizkariaren orrietatik, pentsamenduaren sakontzetik, emozioen aldarrikapenetik egin duk/duzuen/dugun ibilbidea sendoa eta irmoa izan duk eta horretan, hiri aitortzea gustatu ez arren, alma mater izan haiz. Ez zekiat nola esan hi gehiegi lotsarazi gabe, halako liderra edo... ez, agian hiri, «itzaina» deitzea gehiago gustatuko zaik. Badakik, idien aurretik bidea erakusten zuen hura. «Kar, kar» egingo duk, bizkarrean kolpetxo bat emanez, hor eten nahian bezala kontu horiek.

Aitortzen diat, mugimendu horren hasiera hartan ez genuela pentsatu ere egingo halako balioak biltzeko gai izan zitekeenik, baina pauso bat aurrera eman eta ausartu hintzen tira egitera eta, bere bueltan, askotan mokoka ibili izan garen ikastola eta eskola publikoetako irakasleak batera lanean jartzeko dohaina izan duk.

Orain aste batzuk jaso genian berria: «Joxe Mari Auzmendi hil duk!». Mina hartu genian baina biharamunean kantuan agurtu hindugun. Hirekin batera zahartu nahi genian, borrokatu genuenagatik borrokatzeari utzi gabe, baina hi aurretik joan haiz, beti bezala, aurretik bidea egiten.

Ba jakin ezak, orduan ere, hire alboan nahiko genukeela! •