2020 MAR. 28 Bizitza kutsatuak Itziar Elizondo Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea Zer ikasiko dugu bizitzen ari garen konfinamendu egoeratik? Zer ondorio izango ditu horrek guztiak gure ikuspuntu, jarrera eta ekintza politikoetan, pertsonaletan zein sozial-komunitarioetan? Eta gizartean? Izan ere, egoera horrek are ageriago utzi ditu sistemaren zuloak, gabeziak eta gehiegikeriak. Lehen eta behin ohartu gara pertsona eta gizarte gisa deriba tekno-indibidualistan sartuta egonagatik, izaki gorpuzdun, xume, ahul eta sozialak garela. Alegia, norbanakoen bizitzak besteenekin ehuntzen direla, gainditzen gaituzten situazioetan hurbilekoekin elikatzen dugula gure izate ñimiñoa, eta komunitateko bizikideekin elkarlanean atera gaitezkeela aurrera. Hori izan daiteke lehen ikasketa. Bestalde, argi eta garbi ikusten ari gara vademecum liberalak ganorazko gizabanako produktiboa izateko inposatzen dizkigun pilula-balio nagusiek huts egiten dutela krisi egoera baten aurrean: gure artean lehiatzeko abiarazitako grina, mozkinak zanpa-zanpa jateko irrika, kontsumitzeko bulimia, ego apetak… ez dira, ez jauna, beraien hitzekin esanda, emankorrak. Justu kontrara. Elkartasuna, norbanakoaren engaiamendua hurbilekoekiko eta komunitatearekiko, eskuzabaltasuna, lan indarra gaixoen eta ahulen mesedetan jartzea, tresna publikoen efikazia, inbertsio publikoak... dira eta izango dira krisi hau bideratuko dituztenak, materialki larrialdi honetatik aterako gaituztenak. Labur eta kutsatu gabeko ñabardurarekin esanda: benetan produktiboak diren balio eta ekintzak. Eta, jakina, pertsonak: egoera larri honetan, zeintzuk ari dira zaintzen, zeintzuk amankomunaren alde jarduten, zeintzuk bere osasuna arriskuan jartzen gaixoekin egoteko? Langileen energiak eta beraien lana dira, zalantzarik gabe, bizitzaren eremu guztiak sostengatzen dituztenak, espekulatzaileek, burtsako yuppiek eta gainontzeko parasitoek beren luxuzko konfinamendua Instagramen erakusten duten bitartean. Eta azkenik: etxean konfinatuta gure bizitza pertsonala ispiluan ikusteko aukera dugu. Ikusteko, bestela esanda, non jartzen ditugun helburuak, non indarrak, zeri ematen diogun garrantzia eta zeri ez. Edota ohartzeko zenbateraino kamuflatzen dugun egunerokoa pantailak baliatuta, eta zer-nolako ohiturak metabolizatu ditugun oharkabean. Sareetan ari gara ikusten itxialdian bizitzen ari garena erromantizatzeko joera, edabe batekin «buenismo»-ak aztikeriaz dena konponduko duelakoan. Ez, ez da izango gure postureo emozionala egoera honetatik aterako gaituena, gure buruarekiko, besteekiko eta gizartearekiko konpromisoa baino. Dena da politikoa eta une hau bereziki. Pandemia agertu aurretik gure bizitzak jada kutsatuta zeuden, eta akaso konorabirusak etorri behar izan du horretaz jabetu gaitezen eta gizarte gisa, aitzakiarik gabe, zer egiten ari garen behin betiko ikus dezagun. •