2020 API. 18 LORALDI ISOLATUAK Gaur ere bide ertzeko parkera zuzendu ditu begiak Amaiak. Ezin du saihestu. Bi aste izango dira konturatu zela, eta ordutik bere momentutxoaren parte bihurtu da erritoa. Ogi bila doan bakoitzean, belardi txikian iltzatzen zaizkio begiak. Aspaldidanik ezagutzen du okindegira bidean dagoen belar puska hori, baina sekula ez zuen erreparatu aurrean zuen mikromundu horretan. Iñaki Sanz-Azkue Isolamendua hasi zenean, belardia horixe bera zen Amaiarentzat: belar-di bat. Alegia, belarrez beteriko lur puska bat. Non eta, asfalto ondoan. Bide ertzean. Laugarren egunerako, ordea, “berdetegi” hura “lorategi” bihurtzen hasi zen, eta Amaiak, sekula santan zelai horretan erreparatu ez zuen Amaiak, arrosa koloreko lore txiki eder bat ikusi zuen. Ikusi eta hartu, eurekin bizi zen amonari oparitzeko. Hor hasi zen dena. Itxialdiak mundua bat ireki zion Amaiari. Leherketa Isolamendua hasi zenetik, galdera bat dago airean. Noiz arte? Etorkizunera begiratze horretan ahazten zaigu etorkizuna irensten ari garela segundoero. Hori bera gertatu zaigu etxean sartu gaituzten arte. Denboraren atzetik joan gara korrika, inoiz harrapatzeko esperantzarekin. Eta orain, denboraren neurria non dagoen erakusten ari zaigu gure ingurua. Isolamenduan sartu ginenean, herri eta hirietako parke eta lorategi asko “txukun-txukun” moztuak ziren. Belarrak eskuaren zabalera hartzen bazuen, luze zegoen sentsazioarekin gainera. Gizakiak jarri izan duelako erritmoa eta estetika lorategietan. Naturaren denbora kontrolatu nahi izan du. Luzea itsusia delako, eta moztu beharra dagoelako belarra. Hala erakutsi digute, behintzat. Hirugarren astean, eta eguraldi onaren laguntzarekin lehertu zaigu parkea. Belarra baino ez zegoen lekuan hasi dira koloreak azaltzen. Zuri eta arrosen azpitik etorri dira horiak, eta tartean moreek ere hor daudela erakutsi. Tamaina bereko belarren eremua zenak askatasuna lortu du, eta orain, loreak azaldu zaizkigu muturren aurrean. Sekula ikusi ez ditugun lore horiek. Enara lorea Okindegira bidean jasotako lore arrosa etxera eraman zuen Amaiak, eta seme txikiari eman. «Eman amonari, Mikel». Txikiak liluraz begiratu zuen lorea, eta amonarengana gerturatu zen. «Zuretzat, amona». Amaiaren eta Mikelen begiradapean jaso zuen amonak lorea. Irribarre txiki bat egin, eta bota zuen zalantza izpirik adierazi gabe: «Enara lorea». Gero etorri ziren amonak Mikel magalean hartu zuenekoa, eta leihoaren beste aldera begiratu eta kontatu zizkionekoa: «Zuek ez zarete konturatu, Mikel, baina badira bi aste enarak zeruan hegan dabiltzala. Etxeko leihotik ikusi ditut. Gure baserri alboan izaten zen beti belaze eder bat, lorez betetzen zena. Eta enarak etortzen zirenean, hauxe, eskuetan dugun lore hau bera hazten zen, zelaiari kolorea emanaz. Hargatik deitzen genion guk enara lorea». «Ama, sekula ez didazu halakorik kontatu…». «Hik galdetu al didan, ba?». Okindegiko belardi txikiak mundua ireki zion Amaiari. Ordura arte ezezaguna zuen mundua. Ordutik iltzatuak ditu begiak Amaiak bide ertzeko belardi txiki hartan. Egunero lore ezberdin bat ikusten du, eta amonari eraman. Landare itsutasuna Amaiak zelaiko loreak ez ezagutzea ez da gauza arraroa. Hala diote, behintzat, ikertzaileek. Eta izena ere jarri diote mundu mailan gertatzen ari den fenomeno horri: Plant blindness-a edo landare itsutasuna. Ez ditugu landareak ezagutzen, baina hori gutxi balitz, ikusi ere ez ditugu egiten. Bizitza osatzen duen atze-oihala bezalakoak dira. Hor daude, baina ikusezinak dira guretzat eta ez diegu baliorik ematen. Landareekiko itsutasuna dugu. Ikerketen arabera, horrek ondorio larriak izan ditzake. Ez soilik naturarentzat, baita gure osasunarentzat ere. Landareak inguratzen gaituen biodibertsitatearen parte dira, bizitzaren eta gizakiaren ongizatearen oinarrietako bat. Ez ezagutzeak, balioa ez emateak, horien kontserbazioa zalantzan jar dezake. Begiak zabaldu beharrean gaude, itsutasunean ez galtzeko. Esan bezala, mundu mailako fenomenoa da landare itsutasuna, baina Euskal Herrian ere ezagutzen dugu. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta EHUk elkarlanean eginiko ikerketa batek hala adierazi zigun. Kosta egiten zaigu inguruan ditugun landare arruntenei izena jartzea. Euskal Herriko 12 urteko mila ikaslerekin egindako azterketak hori ondorioztatu zuen. Batez beste bost landare izen baino ez zituzten izendatu ikasleek, eta landareekiko interesa, animaliekiko ez bezala, txikia da oso. Mikelen amonaren kasuak ere badu adibiderik gurean. 2012-13an Hernanin egindako landare izenen bilketa lan batean, Burbunak eta Etsayak proiektuan, elkarrizketaturiko hamar adineko lagunek, batez beste, 68 landare belarkara izendatu zituzten (zuhaitzak eta zuhaixkak kontuan izan gabe). Guztiak etxean ikasitakoak eta etxe ingurukoak ziren. Elkarrizketatuek bertako izenarekin eman zituzten denak, bai eta horietako askoren loraketa garaia aipatu, edota ematen zaion erabilera azaldu. Gizartea ez ezik, bizi garen eremua ere urbanizatu egin baita, eta bertako landareek protagonismoa galdu dute gure egunerokoan. Lorategietako belarra maiz mozten dugu, eta kanpoko landareak landatu ditugu bertakoei hazteko denbora eman gabe. Zentzurik baduen ere pentsatu gabe, agian. Estetika deitzen diogu. Baina, nork markatzen du estetika? Lorategi urbanoen biodibertsitatea Ordutik, Amaiak ogia ez ezik, egunero lore ezberdin bat ere ekartzen du etxera. Zelai txikitik etxera eramandako lore bat. Eta lore horren aitzakian aritzen dira berriketan amona, ama eta biloba. Izan ere, lorategi urbanoek jaso dezaketen biodibertsitatea ez da kontuan izaten maiz. Moztu ezean, edota ondo kudeatu ezean asko dira gure herrietan eta hirietan topa ditzakegun landare loredunak. Eta hala, gu itxi gaituztenean ireki dira loreak, eta lorezainak alde egitean, koloreztatu dira belardiak. Azaldu dira hirustak, txikori-belarrak, bitxiloreak, urre-botoiak, kuku-belarrak… eta koloreztatu digute asfaltoaren erresuma. Gertaerak, alabaina, estetikaz haratago ere badu garrantzia. Aranzadi Zientzia Elkarteko Alberto Castro entomologian doktorea da, eta bere ustean lorategi urbanoen kudeaketak eragina izan dezake hainbat kontutan. «Landareei hazten uztea, dudarik gabe, intsektu polinizatzaileentzat hobea da. Baina ez hori bakarrik. Kontuan izan beharko genuke hazten uztean, lorategiaren konplexutasun estrukturala ere handiagoa izango dela. Alegia, tamaina eta forma ezberdineko landareez osaturiko eremu gehiago izango ditugula, eta horrek, esaterako, ornogabe dibertsitatea handiagoa izatea ekartzen du». Aniztasunak zertan lagun dezakeen galdetuta, Albertok hiri eta herrietan sortzen diren izurriteen kontrako neurri moduan izan dezaketen funtzioa azpimarratzen du: «Ornogabe askok izurriteen kontrako neurriak betetzen dituzte. Armiarmek, esaterako. Baina ez hori bakarrik, ornogabe dibertsitateak polinizazio arrakastatsuagoa ekarriko du, eta hainbat hegaztiren bazka ere badira». Albertok, ordea, garbi du lorategien kudeaketa aldatu beharra dugula. «Ez dut ulertzen nola bertako landareak hazten uzteari ‘zikina’ egotea dei diezaiokegun oraindik ere. Herri eta hirietako parkeen antolaketa on batek guztientzat onura ekar dezake, eta parkeetako eremu batzuetan bertako landareak hazten uzteak ‘hesi efektua’ eragin lorategi batean sortu daitezkeen izurriteak besteetara igarotzea zailduz. Bertako ornogabe gero eta gehiago, orduan eta zailagoa izango du izurriteak aurrera egiten». Izan ere, Albertoren ustez, ez du zentzurik egungo kudeaketak. Belarra moztu eta moztu ari gara, eta kanpoko loreak ekartzen ditugu landatzeko. «Eta kanpoko loreekin batera ekartzen ditugu izurriteak sortzen dituzten kanpoko ornogabeak…». Isolamendu garaian ornogabeen mundua ezagutzera emateko, proiektu bat ere jarri dute martxan Aranzadin: Escaralimania du izena. Jendeak etxe inguruan aurkitzen dituen ornogabeen argazkiak bidaltzen dizkie eta horiek identifikatzen laguntzen diete adituek. Dibulgazio izaera duen proiektua da, eta horren ezezaguna, eta era berean, garrantzitsua den mundua ezagutarazi nahi dute herritarren artean. Loreak behatzearen sekretua «Kirkir lorea», esan du Mikelen amonak lorea eskuan duela. «Lore honetatik ateratzen den fruitua ematen genien kilkerrei jateko». Izan ere, Mikelen amona baserrian bizi zenean, urtean bitan mozten zuten inguruko belarra. Batzuetan, baita hirutan ere. Horrek, ordea, denbora ematen zion zelaiari zomorroak erakarri, horiek polinizazioa egin, eta landareek fruitua garatzeko. Eta amonak, hala ikasi zuen bizitzaren erritmoa landareen, eta orokorrean, naturaren arabera neurtzen. Landare bakoitzak baitu bere momentua urteko zikloan. Eta itxuraldatu ere egiten baitira denborarekin. Eta horren ispilu izan dira sare sozialak azken asteetan ere. “Xuxurlatuaz” izenpean txiokatzen duen Twitterreko @ane_maite erabiltzaileak bota zuen txioak, esaterako, eman zuen zer esana, eta zabaldu zituen hainbat begi, ordura arte landareentzat ireki gabeak zirenak. Txikori belarraren lore horia ernaltzean haziz beteriko buru zuriko landarea bihurtzen zela eta, jende askok onartu baitzuen bi landare ezberdin zirela pentsatu izan zutela beti, eta landare batek sekula jaso gabeko erantzuna izan zuen sare sozialetan. Izan ziren ere landare izenek Euskal Herrian duten aberastasunaren lagin izan ziren erantzun asko. Jendeak «guk horri hala deitzen diogu» batekin erantzun baitzuen. Belaunaldiz belaunaldi igaro diren landare izen asko desagertzear dauden honetan, ahozkotasunaren eta naturaren arteko erlazioaz konturatzeko aukera ona eman zuen landareak. Hezkuntzaren loraldia Amaiak gaur ere ezin izan dio uko egin bide aldameneko lorategia behatzeari. Ederra dago, ederrean. Etxeko leihotik ere hasi dira egunean-egunean gailentzen hasi diren koloreak ikusten. Amonak izendaturiko enara-lorea (Silene flos-cuculi) izan zen hasieran begiztatu zuena, baina geroztik, bista ere findu du, eta ezagutu ditu hirusta gorria (Trifolium pratense), txikori-belarra (Taraxacum officinale), girtangorria (Ajuga reptans), ezpata-plantaina (Plantago lanceolata), urre-botoia (Ranunculus acris) eta makina bat landare eder. «Horiek ere hemen zirenik…». Eta pentsatu du, eskolara bueltatzen denean, ikasleei ere gauza bera egin beharko liekeela. Eremu txiki bat hartu, eta eremuaren jarraipena egin. Liburuek “segida ekologikoa” deitzen dioten eta ikasleentzat horren zaila den kontzeptua ikastetxe inguruko belardi txikian ikusteko. Eta zergatik ez, biodibertsitatea landare moduan azaltzeko! Amaiak, hurrengo udaberrian loraldiaren hezkuntza landuko du. Hezkuntzaren loraldi berri honetan, halako dinamikek hartu behar dutelako indarra. Eskola ez dadin izan irla bat herri barruan, baizik eta herriari eta inguruari loturiko eremu dibertsoa. Eta @ane_maite erabiltzaileak bidalitako txioa frogatzeko, Amaiak bere belardi txikiko txikori-belarrari laxo txiki bat jarri dio zuztarrean. Amonak ere hala egiten omen zuen txikitan. Hala, ogi bila doan bakoitzean behatzen du lorea, eta argazki bat ateratzen dio. Sare sozialetara igo du, landare itsutasunari begiak eman nahian. Izan ere, Amaiari, beste askori bezala, itxialdi honetan, mundu berri bat loratu zaio. Eta zuri?