GAUR8 - mila leiho zabalik
infraganti

ELENE CARRETO

Dantzari eta sortzaile durangarra. Umetatik konturatu zen dantzak sustrai sakonak zituela bere baitan eta 25 urte bete berri, dantza du ogibide. Dantzaz konpainiako dantzaria eta bitartekaria da. Alegia, dantzaren bidez bide desberdinak urratzen ditu, museoetan edo ikasgeletan kasu. Egunotan Euskal Herriko etxe askotan sartu da, Naiz.eus atariaren bidez, zumbarekin herritar askoren itxialdia astintzera.


Durangarra da eta 25 urte ditu. «Oraindik 24 urte ditudala esaten dut konturatu gabe, 25. urtemuga ez dudalako ospatu. Justu martxoaren 14an izan zen, konfinamenduaren berri eman zuten egunean». Opari bitxia. Eta hain justu itxialdi honetan, 25 urte bete berri, Euskal Herriko etxe askotara sartu da arratsaldero dantzari durangarra, Naiz.eus atariaren bidez zumba eskaintzera.

Esperientzia ederra izaten ari da. Egunero, 19.00etan, familia guztiarentzako zumba saioak. «Familian, bikotean, zure buruarekin egunero dantza pixka bat egitea sekulakoa da. Denontzako pentsatutako saioak dira; nik proposatzen ditudan pausoak bakoitzak berera ekarri ditzake, nahi duen energia jarri pausoetan eta bere estiloan egin. Nire ustez hori da aberasgarriena, bakoitzak bere nortasuna jartzea nire proposamenari».

Harrera ona izan du Naiz.eus atariaren proposamenak. «Jendeak oso eskertuta dagoela adierazi dit eta ni ere halaxe nago, eskertuta. Nik ez dut ikusten pantailaren beste aldean gertatzen dena, baina iritsi zaidanarekin sumatzen dut jendea pozik dagoela. Eta niretzako ere terapia da zalantzarik gabe; gorputza mugitzeko aukera, sormena lantzekoa eta partekatzekoa. Oso gustura nago». Eta euskarazko eskaintza izatea ere datu garrantzitsua da. «Ez gaude ohituta horrelako eskaintzak euskaraz jasotzera. Zumba, finean, dantza estilo desberdinen nahasketa da eta ez gaude ohituta era horretako abestiekin zumba egiten, klaseak euskaraz jasotzen... Hori ere berezia da».

Seguruen, aurretik sekula zumbarik egin ez duten askok konfinamenduan lehen aldiz egin dute Carretoren laguntzaz. «Horrek asko pozten nau. Horrelako mezu asko jaso ditut; inoiz dantzarik egin ez dutenak, sofatik altxarazi ditudanak, familian zumba saioaren zain egon direnak... Horrek sekulako poza ematen dit. Ea gero ere jarraitzen duten dantza egiten edo gorputza mugitzen. Zumba saioek horretarako balio izan badute, primeran».

Dantza, bitartekaritzarako

Dantzaria, dantza irakaslea eta sortzaile «hasi berria» da Elene Carreto. Orain Hernanin bizi da eta Errenteriako Dantzaz konpainian lan egiten du. «Bertan dantzari moduan lan egiten dut eta bitartekaritza taldeko kide ere banaiz».

Guztira hamalau dantzari aritzen dira konpainian eta horietatik bik bitartekaritza lana ere egiten dute. Baina, nola lantzen da bitartekaritza dantzaren bitartez? «Eragile desberdinekin proiektuak garatzen ditugu, beti sorkuntzarekin eta dantzarekin lotuta. Proiektu horiek testuinguru desberdinetan garatzen dira eta helburu desberdinak dituzte. Adibidez, museo baterako proiektua izan daiteke. Bide horretan, Balenciaga museorako bisita dantzatuak sortu ditugu. Gidariaren azalpenak dantzarekin uztartzen dira eta erakusketa horrek kontatu nahi duena dantzaren bidez ere kontatzen dugu. Finean, dantza hitz egiteko beste modu bat da», hasi da azaltzen.

Hezkuntza arloan ere lantzen dituzte bitartekaritza proiektu horiek. «Eskola batera joaten gara astebetez eta haurrekin egunean ordubetez lan egiten dugu. Astearen bukaeran landutako guztiarekin emanaldi txiki bat egiten dugu». Eskoletan lantzen dituzten sorkuntza txiki horiek Dantzaz konpainiaren sorkuntzekin lotura izaten dute. «Gure piezak koreografo batek diseinatzen ditu eta horretarako erreminta koreografiko batzuk erabiltzen ditu. Hartara, erreminta koreografiko horiek moldatu egiten ditugu eta haurrei eskaini, beraiek ere beren sorkuntza erreminta horien bidez egiteko. Bi prozesuak lotzen dira; Dantzaz konpainiaren prozesua eta haurrek egiten duten sorkuntza txikia». Finean, dantza erreminta pedagogiko modura erabiltzen dute.

Mesede gorputzari eta buruari

Izan ere, dantza baliabide indartsua da, bai gorputzarentzat eta baita buruarentzat ere. Eta hori nabarmen geratzen ari da bizi dugun itxialdi gogor honetan. «Dantzak gorputzari mesede egiten dio, ariketa fisikoa egiten laguntzen duelako. Baina buruarentzat ere ariketa bikaina da. Sorkuntza lantzeko modua izan daiteke, konfinamenduan bizi dugun egoera estua ahazten lagundu dezake eta, horrez gain, sortzaile moduan dantza erreminta kritiko bezala erabil daiteke. Guk, sortzaile moduan edo interprete moduan, dantza gizartea aldatzeko erabili dezakegu», iritzi dio.

Durangarrak garbi dauka dantzak sekulako potentzialtasuna duela, nahiz eta jende askoren begietara azalekoa izan. «Nik uste dut hezkuntza arazo bat dela. Umetatik dantzari garrantzia gutxi ematen zaio, ez digute erakusten nolako gaitasuna duen eta, normala denez, helduak garenean ez diogu apenas garrantzirik ematen. Uste dut kultura arazo bat dela». Aldiz, oso kontuan hartu beharreko baliabidea da Carretoren ustez, korapilo asko askatzen lagundu dezakeelako. «Adibidez, haurrekin lan egiten dugunean garbi ikusten dugu. Dantzaren bitartez emozioak lantzen dira; nola kudeatu barruan emozioak eta nola komunikatu kanpora gorputzaren bidez. Finean, dantza lengoaia bat da eta komunikaziorako erreminta ona izan daiteke. Haur batek arazoak izan ditzake bere emozioak hitzekin adierazteko eta, aldiz, gorputzarekin eta dantzarekin egokiago kanpora ditzake. Terapia bezala indartsua izan daiteke, batzuetan erreprimituta egon diren eta nola kontatu asmatu ezinda egon diren emozioak kaleratzen lagundu dezakeelako».

Madrilen eta Dantzertin

Elene Carretok umetatik ulertu zuen dantzak sustrai sakonak zituela bere baitan. 4 urte zituela hasi zen balleta egiten. «12 urtegaz konturatu nintzen balletak ez ninduela asetzen. Entrenamendu bezala, gutxi edo gehiago, ondo zegoen, baina niretzat ez zen adierazteko modu bat. Barnean nituenak adierazteko eta kanporatzeko modua ez nuen topatzen balletean. Orduan hip-hoparekin eta jazz estiloarekin hasi nintzen. Gero, dantza garaikideko ikastaroak egiten hasi nintzen eta erabat harrapatu ninduen horrek. Hip-hoparen eta dantza garaikidearen bitartez lortu nuen nire emozioak adierazteko bidea».

Dantzaren bidean pausoak ematea erabaki eta Madrila joan zen arte bisualak eta dantza ikastera. «Asko ikasi nuen han. Unibertsitateko konpainian ere aritu nintzen dantzan eta gustura. Justu bigarren mailan nengoela Bilbon Dantzerti irekiko zutela jakin nuen, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskola, eta hona bueltatzea erabaki nuen. Lehen promozioa zenez, berriz lehen mailatik hasi behar izan nuen. Lau urteko ikasketak amaitu ditut eta ikusi dut dantza nire ogibidea dela. Hasieran nire burua dantzari bezala eta klaseak ematen ikusten nuen bakarrik, baina orain sortzaile modura ere ikusten dut. Uste dut Dantzertin ate hori ireki didatela, sorkuntzan aritzeko erremintak ematen dituztelako».

Elene Carretok oso garbi dauka, «dantza emozioak adierazteko bide bat ez ezik, gizartea aldatzeko tresna ere» badela. «Eta hezkuntza prozesuetan erabat beharrezkoa ikusten dut dantza txertatzea. Dantzak ni asetzen nau eta dantzaren bidez beste batzuk ase ditzakedala ikusi dut. Uste dut horregatik aukeratu dudala ogibide hau».

Dagoeneko egin ditu zenbait sorkuntza. 2017ko Durango Azokaren itxialdirako pieza bat prestatu zuen ikaskide batekin. Horrez gain, Olatz Salvador abeslariarekin eta Skakeitan taldearekin elkarlanean aritu da zuzenekoetan. «Asko interesatzen zait beste sortzaile batzuekin elkarlanean aritzea. Beraien musikak izugarri inspiratzen nau eta are gehiago agertokia haiekin partekatzeak. Beraien sorkuntza prozesua gertutik ezagutzea aberatsa izan da. Haiekin elkarlanean ari naizenean etxean bezala sentitzen naiz, sentitzen dut gauza bera kontatu nahi dugula bakoitzak guretik; haiek musikarekin eta nik dantzarekin», kontatu du.

Sortzaileen etorkizuna, beltz

Aste honetan kulturgileen deitutako greba digitalarekin bat egin du Elene Carretok. «Osasun krisi honen aurretik sortzaileentzat baliabideak eskasak eta prekarioak ziren dagoeneko eta krisi honek areagotu egin du berez larria zen egoera. Ezin dugu lan egin, ezin dugu klaserik eman, ez emanaldirik, ezin dugu entseatu... etorkizuna nahiko beltz dator eta beharrezkoa da greba hau egitea. Kulturak gure gizartean daukan tokiaz hausnartzea beharrezkoa da. Futbol partida bat ikusteko sarrera lasai ordaintzen da, baina kultura kontsumitzeko orduan gehiago kostatzen da. Ohitura horiek aldatzeko ordua da. Eta espero dut futbol zelaiak irekitzen dituzten neurri berean irekiko dituztela kultura aretoak. Hori ere ikusi beharko da», bukatu du sortzaile gazteak. •