GAUR8 - mila leiho zabalik

Europar Batasunak bere labirintoan galduta dirau


Pandemiarekin edo pandemiarik gabe, Europar Batasunak norabide politikorik gabe jarraitzen du. Erabaki ahalmena ez duten egiturek, Eurotaldeak kasu, gaiak eztabaidatzen dituzte, baina ezin dute ezer erabaki; eta erabakitzeko ahalmena dutenek, Europar Kontseiluak adibidez, lotesleak ez diren erabaki orokorrak hartzen dituzte, gero Ministroen Kontseiluaren esku uzteko. Batzuek zein besteek denbora irabazten dute, zeozer egiten ari direla irudikatuz. Brezhneven garaiko Sobietar Batasunaren itxura hartu du Europar Batasunak. Orduan izen oso adierazgarri bat asmatu zuten: zastoi (“geldialdia” errusieraz). Hura nola bukatu zen ezaguna da eta, itxuraz, Europar Batasuna antzeko bidetik doa.

Azken adibidea berreraikuntza plana da. Eztabaida ez da hainbeste zer eta nola egin. Izan ere, aurreko egoerara ahalik eta azkarren bueltatu nahi dute eta, horretarako, betikoa egitea nahikoa da: eskaintza suspertu obra publikoen bidez. Horretarako gakoa programa nola finantzatuko den zehaztea da. Eta berrogeialdi osoa daramate horri buruz eztabaidan. Hasieran esan zuten larrialdi egoerak erantzun azkarra behar zuela, baina martxa honetan pandemia pasako da eta oraindik ez dute jakingo nola finantzatu plan hori.

Eskaintza suspertzeko funtsa osatu behar dela onartzen dute Europar Batasuneko bazkideek. Baina funts horrek bi arazo nagusi ditu. Alde batetik, izaera. Estatu batzuek funts horren dirua transferentzien bidez banatzea nahi dute. Transferentziak badira, baliabideok ez dira bueltatu behar eta, ondorioz, zor publikoaren kontuan ez dira agertuko. Beste estatu batzuek, aldiz, maileguak izatea nahi dute, hau da, bueltatu beharra izatea. Zor handiak dituzten estatuek ez dute hori nahi. Krisi honetan zor publikoaren adierazleak asko haziko dira eta, mailegu gehigarriekin, are eta gehiago. Gaur egungo austeritate dialektika ikusirik, zor publikoa gutxitzeko presioak areagotuko direla aurreikusten dute hainbat estatuk eta horregatik ez dute nahi maileguak izatea. Besteak, aldiz, ez dira fio nola gastatuko diren baliabide gehigarriok. Eta horrela, jira eta buelta.

Eztabaidaren beste gakoa da nortzuk emango duten zor berri horren abala. Europa hegoaldeko estatuek bermea orokorra izatea nahi dute, hau da, denek ematea zor osoaren abala. Horrek estatu txikienek ere zor osoaren kargu egitea suposatzen du eta, jakina, horietako askok ez dute nahi horrelako zamarik izaterik. Logikoa da, aurreko krisialdian zer gertatu zen ikustea besterik ez dago. Gurasoek beraien pisuak jarri zituzten seme-alaben negozioen abal gisa –«tramite hutsa da, ez da ezer gertatuko, banketxearen prozedura da soilik»...– eta, gero, berehala, bankuak pisuon bila joan ziren. Hori saihesteko, Estatu espainolak trikimailu batera jo zuen, eta betiko zorra jaulkitzea proposatu zuen. Zor horrek epemugarik ez du eta ez da diru-itzultzerik egin behar. Teorian horrela da, baina, praktikan, interesen bidez –ohi baino handiagoak izaten dira– joaten da kapitala itzultzen eta interesak ordaintzen. Itzuli behar ez denez, abal-emaile bat izateko beharra ere albo batean gelditzen da. Garrantzitsua interesak nork ordaintzen dituen da eta, kasu honetan, Europar Batasuneko aurrekontua izango litzateke. Formula hori ere ez zaie gustatu. Horrek ezer baino gehiago adierazten du Europar Batasunak Estatuen Europa izaten jarraitzen duela. Gainegitura bat eraiki da, baina ez da integraziorik eman. Eta herrientzako lekurik ere ez dago. •