GAUR8 - mila leiho zabalik
Elkarrizketa
Miren Artetxe Sarasola
bertsolaria, upv/EHU-ko irakaslea eta ikerlaria

«Gazte batzuek bertso munduan eta euskaraz bide bat topatu dute beraiek izan nahi duten bezalako gazteak izateko»

Bertso eskolan gazte identitatea eraikitzeko moduko adreiluak topa daitezke; lotsa galtzea, ausartzea, gogoetatzea, eztabaidatzea, kritiko izatea, hanka sartzea, antolatzea... eta gazte identitate positibo hori osatzen duten adreilu guztiak euskarazkoak dira.


Gazteek zergatik ez dute euskaraz egiten? Normalean, galdera horren bueltan joaten dira kezkak, gogoetak eta kritikak. Miren Artetxe Sarasolak justu kontrako abiapuntua paratu dio bere doktore tesiari: «Gazteek zergatik egiten dute euskaraz?». Ipar Euskal Herriko gazte kuadrilla baten kasua ikertu du. “Ipar Euskal Herriko bertso eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak: gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta legitimizazio prozesuak” izenburuarekin jositako lanak erantzun batzuk eman eta galdera berri batzuk pizten ditu, euskarak luze eta sano bizitzeko beharrezko dituen galderak. Izan ere, dabilen harriari goroldiorik ez.

Zein gazteri buruz ari zara zure tesian?

Iparraldeko bertso eskoletan ibili den gazte kuadrilla bat aztertu dut. Ni tesia egiten ari nintzen garaian Baionako Bernat Etxepare Lizeoko bertso eskolan elkartzen ziren. Hortik Iparraldeko gazteak; lapurtarrak, zuberotarrak eta baxenabartarrak zeudelako. Horiek aztertu ditut, bai behaketaren bidez –beraiekin egon naiz saioetan, udalekuetan, bertso eskolan...– eta bai elkarrizketa bidez.

Zer-nolako taldea da?

Oso-oso desberdinak dira beren artean. Ezin da esan ezer homogeneoa daukatenik. Baina bertso eskolako kide dira eta orokorrean euskaraz hitz egiteko joera daukate, bai bertso eskolan eta baita bertso eskolatik kanpo ere. Eta hori egiteko erabakia hartu dute. Gauza horiek partekatzen dituzte.

Eta hori gauza bitxia da, nabarmentzea merezi duena?

Bai, arraroa da. Iparraldeko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, oso gutxi dira euskaraz dakitenak, oso gutxi dira euskaraz jakinda hitz egiten dutenak eta, gainera, gazteei begiratuz gero, zaila da eskolatik kanpo eta bestelako arrazoirik gabe beren artean euskaraz egiten duen kuadrilla bat topatzea. Datuak ikusita, Iparraldean kale erabilera %5,3koa da eta gazteen artean hamarretik zortzik ez dute euskara ezagutzen. Lizeoan ikasten duten ikasleen %4k ikasten dute euskaraz, hamarretik bederatzik ez dute ez euskara ez euskaraz ikasten lizeoan, eta gazteen artean lagunartean euskararen erabilera trinkoa egiten dutenak ez dira %4ra iristen. Orduan, egoera horretan beren bizitza euskaraz egiten duen gazte kuadrilla bat izatea nahiko berezia da.

Erabaki egin dutela diozu. Hizkuntza ideologia ere aipatzen duzu tesian. Zer dago horren atzean?

Gazte hauek gehienak familia euskaldunetakoak dira eta familia euskaltzaleetakoak denak. Ikastolan ikasi dute lehen mailan, bigarren mailan, Lizeoan... bizitza guztia daramate euskararen aldeko diskurtsoak entzuten eta erreproduzitzen. Baina hori ez da nahikoa. Beren klasekideek ere gauza bera pentsatzen dute, baina gero praktikan ez dute euskaraz egiten. Eta hori inguruan asko ikusten da. Argi dago hizkuntzarekiko ikuspuntu politiko bat badagoela, konbentzimendu eta kontzientzia badagoela, baina ez da hori gakoa. Oso gutxik aldatzen dute hizkuntza praktika bat bat-batean konturatzen direlako Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa dramatikoa dela. Hori badakite, baina horrek ez du bat-bateko aldaketa bat eragiten, aldaketa sakon bat... Beste elementu batzuk dira gakoak.

Zein dira elementu horiek?

Gazteak dira. Nik jarduera komunitatea esaten diet. Ez dira euskal komunitatearen parte edo ez dakit zein komunitateko parte. Finean, gazteak dira eta beren lagunak dituzte futbolean, errugbian, dantzan, festa batzordean, gaztetxean, bertso eskolan... horietan garatzen dute beren identitatea.

Bertso eskola, hain justu, elementu jakin batzuekin lotzen dute: lotsa galtzearekin, ausartzearekin, gogoetatzearekin, eztabaidatzearekin, pentsatzearekin, ekintzaile izatearekin, antolatzearekin... eta hori guztia gazte identitatearekin lotzen dute. Eta nire ustez gakoetako bat hori da; oso zaila da aipatu dudan egoera soziolinguistiko horretan euskaraz hitz egitea eta gazte guay-a izatea. Baina bertso eskolan eta bertso eskolako sozializazioaren bidez ezagutzen duten jendearen bitartez, identitate positibo bat garatzen dute. Eta hori euskaraz gertatzen da. Ez da zuzenean euskarari buruz hau edo beste pentsatzen dutela, euskarak beren burua gazte bezala aldarrikatzeko bide bat baimentzen diela baizik.

Gazte «guay»-ak izateko euskarazko modu bat.

Bai, baina gazte guay-ak ez modu peioratiboan, baizik eta norberak nahi duen bezalako gaztea izateko modu bezala. Akaso beste batzuen begietara ez dira guay-ak, baina beren begietara bai.

Askotan hitz egiten da bertso eskolak dituen balioez, bertan lantzen diren gaitasunez.

Bertsolaritzak berez, praktika bezala, gauza batzuk eragiten ditu. Adibidez, gaia jartzen dizutenean edo ofizioka ari zarenean gogoetatu behar izatea; gai bati prisma desberdinetatik begiratu beharra... Bestetik, bertsolaritzak praktika bezala baldintzatzen du bertso eskola existituko bada, taldean konfiantza izan behar dela nagusi, babesa, ez epaitzeko joera, errespetuzko entzute aktiboa... Izan ere, inprobisatzen ikasteko aurrena gaizki inprobisatzen ikasi behar duzu eta 15-16 urterekin ez da gauza gustagarriena zure ikaskideen aurrean barregarri geratzea. Baina, gauza horiek kenduta, bertso eskolako gazteentzat garrantzitsua da bertso eskola haien espazio bihurtzea. Bertsolaritza edukia izanda, irakasleak aulkietan eserita ariketak egiten edukiko balitu, ez luke funtzionatuko. Gehiago da bertso eskolako giroa eta hori askotan irakasleen esku ere badago. Gazte hauei galdetzen diedanean beraientzat zer den garrantzitsua bertso eskolan, oso gutxitan aipatzen dute bertsoa. Eztabaidak, hizketaldiak, merendolak, digresioak... aipatzen dituzte.

Aisialditik edo gozamenetik. Hori da gakoa akaso.

Bai, baina aisialdia era jakinean ulertuta. Ikerketetan-eta garbi ikusten da haurrek eta gazteek badakitela bereizten aisialdi mota desberdinak. Batzuek eusteko tokiak dira, haurrak aparkatzeko tokiak. Besteak parte hartzen duten eremuak, erabakimena dutenak, ekimena izan dezaketenak, beren nahiak errespetatuak izango direnak... bereak kontsideratzen dituzten aisialdi eremuak, finean. Horrelako aisialdi bat izan behar du.

Lehen aipatu duzu euskararen alde egoteak ez duela esan nahi praktikan euskaraz egitea. Zuk aztertu duzun eremu txiki horretan asmatu al da bi gauzak lotzen?

Bai, baina bada tranpa txiki bat, nolabait esatearren. Bertso munduan, bertso eskola guztietan, bertso udalekuetan, bertsoari lotutako eremu guztietan ez dago estres linguistikorik. Badakigu denok dakigula euskaraz. Adibidez, Lizeoan zure lagunekin musika talde bat sortu eta kontzertuak ematen hasten bazara, segur aski Iparraldean hamar antolatzailetik zortzik ez dakite euskaraz. Edo zure baxuak taldea utzi eta beste bat hartuz gero, gerta daiteke baxu berriak euskaraz ez jakitea. Hartara, entseguak ez dira euskaraz izango. Hori oso gertagarria da Iparraldean. Bertsoak hori blindatu egiten du. Badira beste eremu blindatu batzuk ere, ikastola bera, baina akaso ez dute eskaintzen gazte identitatea bera garatzeko motibazioa. Ez dut uste bertso munduak asmatu duenik euskararen aldeko ideologia eta praktika uztartzen. Nire ustez gehiago da gazte hauek bertso munduan bide bat topatu dutela beraiek izan nahi duten bezalako gazteak izateko, beren kideekin harremanak edukitzeko eta elkarrekiko identifikatzeko.

Hiztun berriaren eta hiztun zaharraren arteko bereizketa ere egin duzu.

Gazteei beren hizkuntza ibilbidearen eta bertso ibilbidearen inguruko elkarrizketak egiten hasi nintzen. Bi bideak non gurutzatzen ziren ikusi nahi nuen. Elkarrizketatutako gazteetatik bi hiztun berriak dira –euskara ez dute etxean ikasi– eta gainontzekoak hiztun zaharrak. Hiztun berrien artean gauza berezi batzuk ikusten nituen eta horretan sakontzen hasi nintzen.

Hiztun berriei buruzko ikerketek esaten dute hizkuntza erabiltzeko garaian gakoetako bat legitimitatea dela. Hiztun zaharrok berez daukagula legitimitatea eta ez dugula borrokatu beharrik hiztun legitimo izateko, aldiz hiztun berrien egoera desberdina da. Imajinatu, hiztun berria naiz eta batuaz hitz egiten dut. A priori hiztun zaharra den ondarrutar batek edo abaltzisketar batek baino puntu gutxiago ditut hiztun legitimoa izateko. Legitimitatea lortzeko estrategia desberdinak erabiltzen dituzte eta horiek aztertu ditut. Konturatu naiz legitimitatea lortzeko garaian, kanpora begira, bertsotan egitea badela palanka bat. Finean bertsolaria hiztun ikoniko batekin identifikatzen dugulako; hiztun ona, komunikatzen duena, jarioa duena, erabilera trinkoa egiten duena, euskararen aldeko diskurtsoa zabaltzeko ardura duena... Ondorioz, bertsotan egiteak hiztun berriei puntuak ematen dizkie eta legitimatu egiten ditu. Baina, aldi berean, bertso munduaren baitan, batez ere Hegoaldean sozializatzerakoan, zeharka gutxietsiak dira. «A bai, zure gurasoek ez dakite euskaraz. Ba oso ondo egiten duzu bertsotan». Bai, oso ondo egiten duzu bertsotan hiztun berria izateko. Hori da esan nahi dena. Orduan, bertso munduaren baitan badago zer hausnartua hiztun zaharra vs hiztun berria bereizketa horrekin. Eta kontua da egun Euskal Herriko gazteen erdiak baino gehiago hiztun berriak direla. Azterketa soziologikoan ere ikusi da publikoaren artean kalean baino askoz hiztun zahar gehiago dagoela proportzioan.

Autentikotasuna eta kategorizazioa ere aipatzen dituzu.

Hizkuntza ideologia da hizkuntzen inguruan pentsatzen dugun guztia. Hor tartean kategoria batzuk erabiltzen ditugu pentsatzeko.

Hizkuntza batzuetan “hiztun natiboa-hiztun ez natiboa”, “hiztun berri-hiztun zahar”, ez da hain bereizlea. Gure kasuan, berriz, oso bereizleak dira kategoria horiek.

Autentikotasuna eta anonimotasuna ere erabiltzen dira. Adibidez, ingelesaren edo gaztelaniaren kasuan, hiztun ona izatea anonimotasunak zehazten du. Alegia, zenbat eta azentu gutxiago, zenbat eta neutroago hobe; zenbat eta jasoago, zenbat eta idatzitik gertuago, hiztun hobea. Aldiz, euskararen kasuan –eta hizkuntza gutxituetan askotan gertatzen da–, autentikotasunaren arabera ebaluatzen da eta orduan alderantzizko prozesua da. Zenbat eta dialekto markatuagoa, kokagarriagoa lekuan, zenbat eta elebakarragoa hobeto... Hori da hiztun egiazkoa eta hiztun ona. Badaukagu kutsu hori eta ez dut uste estrategikoa denik.

Bertsotan ere badago kutsu hori, berezkotasuna eta autentikotasuna lotuz, berezko bertsolariaren eta ikasiaren arteko eztabaida horretara bueltatzen gara. Hizkuntzarekin gauza bera gertatzen zaigu; etxetik dakarrena vs ikasia, kategorizazio horiekin funtzionatzen dugu eta ez da estrategikoa.

Hizkuntza txiki batentzat ahultasun handiagoa da.

Bai, batez ere jakinda egun gazteen erdiak hiztun berriak direla. Hemendik hamabost urtera bertsolaritzak herriaren praktika bat izaten segitzea nahi badugu, inklusiorako bideak topatu beharko ditugu. Bestela, ez du zentzurik. Badira euskaraz egiten ez duten hiztun zaharrak eta badira erabat euskarari emanda bizi diren hiztun berriak; Araban bertsolaritza ez litzateke existituko hiztun berririk gabe eta, hala ere, oraindik gertatzen da bertso eskoletan itxaropen baxuagoak edukitzea hiztun berriekin inkontzienteki. Edo hori guztia lantzen dugu edo aterabide txarra daukagu.

Hizkuntza gaitasuna eta erabilera.

Hizkuntza gaitasuna asko dago Euskal Herrian eta erabilera gutxi. Nik erabilera sustatu nahi dut eta, horretarako, hiztun berrien kasuan legitimitatea da negoziaketan dagoena. Beraiek eskatuta ere hiztun zaharrek ez badiegu legitimitate hori ematen –oraindik hiztun zaharrek erabakitzen dutelako–, gure buruaren kontra ari gara.

Hiztun berrien edota euskalkirik gabekoen ahalduntze prozesu baten beharra ere aipatzen duzu.

Azkenaldian ikusi dira txinpartatxoak; Jon Maiaren diskurtsoa, Saioa Alkaizaren artikulu bat, Imanol Uriaren agur bat... Ikusten da jendea nazkatuta dagoela euskalduntasunaren eta autentikotasunaren hitzaldi horrekin.

Nik ikerketan hau ikusi dut eta hau idatzi dut, baina ondo legoke hiztun berriek hitz egitea horri buruz eta haiei hitza ematea. Ni hiztun zaharra naiz eta ez naiz eroso sentitzen horri buruz hizketan, beren diskurtsoa usurpatzen ariko banintz bezala.

Tesiaren hasieran egiten diren galderak eta bukaeran topatzen diren erantzunak ez dira beti parean gertatuko, ezta?

Adibidez hiztun berriena ez nuen espero edota gazte identitatearena hain garbi ere ez nuen espero. Ezustekoak izan dira. Baina batez ere tesiak baimendu dit pila bat irakurtzea hizkuntza identitateari buruz, hizkuntza praktikaren inguruan, gazteen inguruan... eta nire mundua ikusteko modua aldarazi dit. Azken finean, ikuspegi feministatik eta antropologia feministatik identitatearen eta praktiken inguruan landu diren kontzeptuak hizkuntzara aplikatu ditut eta horrek mundua ikusteko modua aldatu dit. Paralelismo handiak daude, edozein zapalkuntza eta botere harremanetan dauden bezala, nahiz eta zorroztasunez ibili behar den horiek egiterakoan.

Baina hortik haratago, feminismoaren tresnak ere baliagarriak dira. Gure hizkuntzan kategoria zurrunak, itxiak eta zaharkituak ditugu. Gure erresistentzia honetan, biziraute honetan, ondo dago kaskagogorrak izatea, baina, aldi berean, kontzeptuak berritu beharra daukagula uste dut.

Burua zabaldu beharra daukagu.

Ikasten segi. Askotan dabilzkigun kontzeptuak 70eko hamarkadako soziolinguistikako kontzeptuak dira. Balio badute, aurrera. Baina kontua da batzuetan ikuspuntu horretatik gauza asko ez ditugula ulertzen; gazteak hau eta beste, sare sozialak zer, zergatik ez da erabiltzen...

Gure problematika antzekoak dituzten munduko txoko askotan egiten diren praktiketatik ikas dezakegu. Akaso errealitateari beste era batera begiratu behar diogu. Orain arteko betaurrekoekin gauza batzuk ikusezinak zaizkigu eta badaude betaurreko gehiago.