2020 MAI. 23 infraganti JOSEBA LOYARTE Hockey jokalaria, kazetaritzako ikaslea eta modeloa da Joseba Loyarte Etxeberria, 21 urteko donostiarra. Datorren uztailean Castellon ospatzekoa den Mister Spain lehiaketan Arabako ordezkaria izango da. Koronabirusaren eraginez, zozketa batek erabaki du Araba ordezkatuko duela. Bitxikeriak. Umetako bere ametsa ortzimugan du oraindik: eguraldiko aurkezlea izatea. Amagoia Mujika Telleria U metan eguraldiko aurkezlea izan nahi zuen. Eta, akaso izango da. Joseba Loyarte Etxeberria donostiarra da, 21 urte ditu eta kazetaritza ikasten ari da. Komunikazioa maite du eta kameraren aurrean ere moldatzen da, modeloa ere badelako. «Umetatik telebistan ateratzeko gogoa izan dut. Beti esaten nuen eguraldiaren aurkezlea izan nahi nuela. Santo Tomas Lizeoan ikasi nuen eta bertan antzerkia ere egiten nuen». Datorren uztailean Castellon ospatzekoa den Mister Spain lehiaketan Arabako ordezkaria izango da. Konfinamenduak hori ere baldintzatu du. «Arraroa izan da aukeraketa. Nola ezin izan diren herrialde mailako lehiaketak antolatu, online egin dira, argazkien bitartez. Eta bukaerara iritsi garen hiru hautatuen artean zozketa bidez erabaki da ordezkatuko dugun EAEko herrialdea. Niri Araba egokitu zait». Horrelaxe, koronabirusa tarteko, donostiar batek ordezkatuko du Araba Mister Spain lehiaketan. Kalean fitxatu zuten Baina, nolatan modelo? «Amarekin Donostian kalean nenbilela emakume batek geratu ninduen, modelo bezala lan egiteko aukera izango nukeela esanez. Donostiako Keymodels agentziakoa zen. Proba batzuk egiteko gonbidapena egin zidan eta horrela hasi nintzen modeloen mundu honetan», hasi du azalpena. «Hasieran txantxa bat zela pentsatu nuen, kalean zoazela horrelakoak gertatzea ez duzu inoiz espero. Baina gerturatu nintzen, jakin-minez, mundu hori nolakoa zen ikusi nahian. Bost bat urte daramatzat». Euskal Herri mailan ez dira asko modeloen munduan dabiltzanak, «gutxi gara, denok elkar ezagutzen dugu eta ondo samar moldatzen gara. Madrilen, Bartzelonan eta bestelako toki handiagoetan desberdina da kontua. Nazioarteko desfileak dira eta tentsioa egoten da, modeloen arteko norgehiagoka sumatzen da», jarraitu du azalpena. Lanbide estua da. «Egia da fisikoki exijentzia handia daukala. Nire kasuan, lasai samar daramat. Kirolaria naiz, betidanik jokatu dut hockeyan, Donostiako Kale Lagunak taldean. Kiroleko diziplina hori badaukat umetatik, kirolak eskatzen didalako zaintzen dut gorputza eta horrek modelogintzarako balio dit». Loyarte, beraz, kirolaria da modeloa baino lehen. «Egunero entrenatzen dut, batzuetan taldearekin eta beste batzuetan nire kasa. Eta asteburuetan partida izaten dut. Ez naiz etxean geldirik egotekoa». Itxialdian, baina, etxealdia derrigor. «Hasieran pentsatzen nuen oso gaizki pasatuko nuela, baina uste baino hobeto moldatu naiz. Bizikleta-estatiko bat daukat etxean eta saio luzeak egin ditut». Elikadura ere zaintzen du. «Lehen gehiago kostatzen zitzaidan elikadura kontrolatzea. Txokolatea izugarri gustatzen zait. Baina ikasi dut elikadura orekatua mantentzen eta ondo daramat. Hori bai, orain kalera ateratzen hasi garenean, izozkia jaten hasi naiz, noski!». Printzipioz uztailean Castellora joango da Mister Spainera. «Ez dago garbi noiz izango den lehiaketa. Hasiera batean ekainean egitekoa zen eta atzeratzen, atzeratzen joan da. Akaso oraindik abuztura atzeratu daiteke». Baina, nolakoa da edertasun lehiaketa bat? «Astebeteko ekitaldia izango da eta egunero proba desberdinak egingo ditugu. Triatloi bat egin beharko dugu; igeri, bizikleta eta korrika. Norberak bere herrialdeko jantzi tradizionalarekin desfilatu beharko du beste egun batean, nire kasuan baserritar jantzita. Beste desfile bat trajez eta beste bat bainujantzian. Bost lehiakide pasatzen dira finalera eta bertan diseinatzaile desberdinen jantziak erakutsi behar dira», azaldu du donostiarrak. «Modeloa naiz eta Mister Spain lehiaketara noa». Zer diote lagunek? «Nire lagunak dagoeneko ohitu dira, baina, hasieran, txantxa bezala hartzen zuten eta barre asko egiten zuten nire kontura. Egia da estereotipo asko daudela modelogintzaren inguruan eta jakitun naiz». Inposizio estetikoek eta eredu zurrunek sufrimendu asko sortzen dute jendartean, gazte zein zahar, eta Loyartek pentsatu du horren inguruan. «Uste dut azken urteetan aldatu egin dela panorama. Gaur egun modelogintzan dabiltzan askok bestelako ikasketak dituzte, ez dira modelo izateaz bakarrik bizi. Nolabait, fisikotik harago baloratzen da jende hori. Eta lehiaketetan ere kontuan hartzen dira alderdi horiek. Arropa markek beren jantziak duintasunez eramango dituzten modeloak nahi dituzte. Eta uste dut betiko ereduak zabaltzen ari direla pixka bat. Oraindik akaso ez asko, baina uste dut hori etorriko dela». Joseba Loyartek 1,86 metro neurtzen ditu eta 85 kilo pisatu. Ez dago ohiko estereotipo horietatik urrun. «Jendeak pentsatzen du modelo guztiak berdinak garela; Barbye eta Ken. Nik ere hori uste nuen hasieran, baina mundu honetan nagoela, konturatu naiz ez dela horrela. Azkenean, modeloak ez du izan behar fisikoki ederra. Modeloek arropa markentzat eta diseinatzaileentzat erakargarriak izan behar dute, honengatik edo hargatik haien arreta bereganatu behar dute. Interesgarria iruditu behar zaie pertsona horrek beren jantziak eta diseinuak erakustea. Egia da oraindik altuerak eta gorpuzkera klase batek agintzen dutela, baina iruditzen zait hori aldatu daitekeela». Alegia, oraindik diseinatzaile, agentzia eta arropa markentzat tentagarri diren gorputzak betiko estereotipoetatik gertu daude. «Hori egia da. Telebistan, iragarkietan... nagusi diren gorputz ereduak betikoak dira eta hori barneratzen du gizarteak. Baina uste dut aldaketa batzuk hasi direla sumatzen, marka batzuk ari dira bestelako edertasun eredu batzuen alde egiten eta pentsatzen dut joera hori izango dela», iritzi dio Loyartek. Horrek estutasun asko laxatuko lituzke, pisu asko arindu. Joseba Loyartek, bitartean, kazetaritza ikasketak eta modelogintza uztartzen segituko du, komunikatzen eta kamera aurrean trebatzen. «Tira, akaso eguraldiaren aurkezle izan naiteke, umetan amesten nuen bezala!». • «Telebistan, iragarkietan... nagusi diren gorputz ereduak betikoak dira eta hori barneratzen du gizarteak. Baina uste dut aldaketa batzuk hasi direla sumatzen» «Modeloek arropa markentzat eta diseinatzaileentzat erakargarriak izan behar dute, honengatik edo hargatik haien arreta bereganatu behar dute»