2020 EKA. 06 IKUSMIRA AEB-AK: NOLA ALDATU (EZ) DIREN GAUZAK Dabid Lazkanoiturburu Gauza asko aldatu dira Ameriketako Estatu Batuetan duela 50 urte luze Martin Luther King ekintzaile beltzak «I have a dream» oihukatu zuenetik. Argazki hauek bikain azaltzen dituzte aldaketok. 1968an inor gutxik pentsa zezakeen beltz bikote bat kontrako noranzkoan doan manifestazio bati selfie bat ateratzen ibiliko zenik luxuzko auto batetik. Edota beltz batek Reyes abizeneko polizia bati kargu hartuko zionik... Gauzak asko aldatu dira, bai, baina polizia batzuek atxilotu berri duten beltz bat itota erailtzeko aukera ez da aldatu. Hori bai, tamalez, leku askotan gertatzen dira horrelakoak. Kontuak kontu, bada AEBetan aldatu ez den zerbait: herritarrek egiturazko arrazakeriaren aurka kalera ateratzea behar-beharrezkoa dela sentitzea. Horrek egiten ditu txiki, eta bide batez handi, AEBak. Emakume beltz bat barren eta izarren ikurrina eskutan Afrikatik zuzenean heldutako estatua ikusgarria bailitzan, guardia nazional bat besarkatzen duen emakumea... Gauza batzuk ez dira aldatu. Zoritxarrez eta zorionez. Dabid Lazkanoiturburu