GAUR8 - mila leiho zabalik

Kale-eszenografiak


Azken asteotako kale-irteerak ezberdinak dira. Ezberdintasunez aritzeko, saia gaitezen normaltasunaren barometroaren epaia albo batera uzten, esperientzian bertan sakontzeko. Kalean ezberdin ibitzen ari gara, etxealdiak gure gorputzean eragindakoagatik akaso, kaleari zentzu ezberdina eman diogulako. Bizi dugun egoerak espazio publikoen birformulaketa bat ekarri du, ez soilik oinezkoek ibilgailu pribatuaren aurrean irabazi (berreskuratu) beharreko espazioan, baita kalea erabiltzeko eta ibiltzeko modu eta formetan ere. Ohitura bilakatuta genuen “kalera joatea” funtzio konkretu bat egiteko; erosketak, kiroldegira joatea, paseo bat ematea, terraza batera joatea, norbaiten etxera joatea. “Kalera ateratzearen” akzio fisikoa eginkizunen agendan atrapatuta genuen: puntu ezberdinen arteko konektore huts bihurtuta, trantsiziozko espazio eta denbora, entitate propiorik gabe. Etxealdiak, egunerokoaren erritmoa esplotatzearekin batera, kaleen edukia aldarazi du, funtzioan zein performatibitatean.

«Paseoak» estatus berri bat irabazi duen garaiotan, paseoa egunero egitera ohitu gara, ez soilik igandeetako erromeria bezala ulertuta. Paseatu dugu ez bakarrik pasealekuetatik, baita kaleetatik ere, errutinetatik atera gaituzten ibilbideak egitera animatu gara, ibiltzearen deskubrimenduan. “Paseo” hitza bera zabaldu egin dugu. Baina nago ofizialki “paseoa” hobetsi dela “ibiltzearen” aurrean, oraindik ere lengoaia ez delako iraganeko funtzionaltasun eta zereginaren esleitze beharretik askatu. Ze irudipena dut, paseoan baino ibilian ari garela, kaleak ibiltze hutsaren plazeragatik zeharkatzen dituzten gorputzez bete direla, gorputzaren mugimenduekin konektatuz eta pausu bakoitza kaleek duten komunitate-sinbologiarekin elikatuz. Ibiltzea ekintza sinplea da, produktibitatearen parametroetatik eskapatzen dena, norberak zentzuz betetzeko aukerari irekita dagoen hitza, norberaren mugimendu erritmikoak deskribatzen dituena, eta, batik bat, bestelako bizi-taupadekin lotzen gaituena. Hain justuan etxealdiak ekarri digun mezuetako bat...

Kaleen voyeur izan naiz nahi gabe. Txundigarria suertatu zait gorputzen gelditasuna kalean esperimentatzea, hain ginen ohituak kalea bizkortasunarekin harremantzeko, zutik egotearen gorputz-presentziak, besterik gabe egonean, mugimendurik gabe, kale-eszenografia ezberdin bat irudikatu duela, patxada islatzen duen eszena bat. Kalearen okupazio-forma ezberdinak ageri dira horregatik egunotan; adibidez, arrandegiko ilarak okindegikoarekin bat egiten duenean, kalea gorputz ilara jarraitu batekin marraztuta ageri denean, lagunarteko korroak borobil zabal bat marrazten duenean. Terrazek kaleen erabilera eta kalearen esperientzia zenbat eraldatu duten hain da orain nabarmena... Terrazek espazioa antolatzen dutelako: ez dute abagunerik uzten “kalean egoteko” beste moduak deskubritzeko. Horregatik harridura sortzen du egunotan espazio publikoetako petril eta zoruak eserleku edo jolasleku bilakatzeak. Kalea gorputzentzako aukera-leku gisa ulertzen ari gara, eta horrekin kale-eszena aldakorrak eta askotarikoak sortzen dira, espontaneotasunak eta istantean kalea konpartitzen duten gorputzen presentziak irudikaturikoak. •