GAUR8 - mila leiho zabalik

Zer da eskola?


Soziologiaz hutsaren hurrengoa jakinik ere, gustura egingo nuke azterketa soziologiko bat. Ikerketak galdera bakarra izango luke, sinplea bezain konplexua: «Zer da eskola?». Txiki, heldu eta nagusi, denok pasa gara eskolatik. Nire azterketaren hipotesia da pasabide bakoitzak modulatu duela bakoitzak eskolaz egingo duen definizioa. Gehienok eskolaz eman daitezkeen zehazpenak bata bestearengatik ez direla hain urrun egongo pentsatzeko tentazioa izan dezakegu. Tira, hori nire azterketaren bigarren hipotesia izango litzateke...

Zuri luzatuko dizut lehenik galdera: “Zer da eskola?”. Une batez irakurtzeari utzi eta gogoeta egitera gonbidatzen zaitut. Zuretzat eskola zer den topatu duzunean, aurrera jarraitzeko moduan izango zara.

Nora Salbotx Amaiurko (Nafarroa Garaia) eskolako maistra eta zuzendaria da, beste gauza askoren artean. Duela aste batzuk honela definitu zuen eskola: «Toki fisiko, topografiko bat izateaz gain, toki antropologiko bat ere bada eskola, toki erlazional bat non komunikatzen garen eta harremanetako sareak josten diren. Dinamika kulturalak gertatzen dira anitzen, desberdinen, artean».

Ane Ablanedo, besteak beste, Eskola eta Unibertsitateko irakaslearen arabera, «eskola haurrak sozializatzeko leku bat da, beste haur eta gazte batzuk topatzeko, beste harreman batzuk, beste bizipen eta esperientzia batzuk izateko lekua. Krisi momentu honetan, eskolaren bertsiorik itsusiena ikusten ari gara, kendu zaio neska-mutilei begira daukan politena, daukan alderdirik funtzional, osasuntsu eta aberasgarriena, kendu zaio harreman sare bat suposatzea».

Zer ote da eskola guraso batentzat, neska-mutilentzat, langile, irakasle, herritar, Hezkuntza sailburu, kontseilari edota akademia ikuskari batentzat. Zer politikarientzat, euskalgintzako eragileentzat, aberatsarentzat, jendarteak baztertu duenarentzat.

Nire ikerketak landa-lana behar zuela iritzita, eta etxeratzea herrialdera zabaldu zela baliatuz, Gipuzkoan errepidea amaitzen den lekura joatea pentsatu nuen. Bideko kartelean irakurri nuen izenak erakarrita, Mazmela (Eskoriatza), elizatxoaren atarira iritsi nintzen. Han, errepidea amaitzen den lekuan, jolasean ari zen Alin hurbildu zitzaidan, begi erneko mutiko berritsua. Euskaraz aritu ginen hitz eta pitz. Ama errumaniarra duela kontatu zidan, eskolan lan asko bidaltzen dizkiotela, Lehen Hezkuntzako 4. mailakoa dela eta abar. Tarteka behar zuen hitza ekarri nahian ari zela ohartu nintzen. Aspaldi ez zela eskolara joan eta euskara ahanzten ari zitzaiola esan zidan. Orduan galdetu nion ea eskolara joateko gogorik ba al zuen eta baietz, lagunak ikusi nahi zituela esan zidan. Ez zidan aipatu ikastea, irakaslea, ikasturtea gainditzea... Atera kontuak Alinentzat eskola zer den.

Hezkuntza lekuz mudatu den garaiotan, Ane Ablanedoren arabera, «gelditu zaigu eskolaren irudi bat nahi duena haurrarengana joan edukiekin, etxerako lanekin, azterketekin, kalifikazioekin. Nabarmen gelditzen ari da zenbateraino den zentzugabea, balio gabea».

Joseba Sarrionandiak bere definizioa idatzi zuen “Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako” (Hik Hasi, Donostia, 2010) lanean: «Ikasten duguneko lekua da eskola. Edozein leku izan daiteke, hala nola etxea, kalea, mendia, itsasoa, parkea, zinema aretoa eta, behar bada, eskola».

Ane Ablanedok ideia horretan sakonduz dio «eskolak utz diezaiola eskola izateari, ikasketa kontzeptua zabal dezala eta gehiago hurbil dadila bizitzara eta ez alde akademikoetara, deskontestualizatuetara. Izan dadila toki bat modu naturalean ikasketa eta bizitza gertatzen dena».

Itzuli zure eskolaren definiziora. Ikasketa bizirik egotearen ondorio naturala balitz, gutxienekoa litzateke non eta noren bidez ikasten den... zailagoa litzateke, hortaz, inor atzean edo bazterrean uztea. •