2020 EKA. 27 ERROTARRI FORMAKO AURKIKUNTZA EDER BAT Dokumentu zaharrek azaleratu dute herritarrek ahaztua zutena. Jaizkibel mendian ezkutatua egon den XVI. mendeko ondare ederraren atzetik ibili gara ordutik. Denborak horitutako paper tolestuen hitzak josi, eta mendiko harkaitzetan gelditu ziren arrastoak irakurri nahian aritu gara. Eta hala, arian-arian, harginak harriari forma ematen dion moduan, eman diogu guk ere itxura bilaketari; eta lau mendetan ezkutaturik izan den errotarri itxurako aurkikuntza eder bat bistaratu zaigu mendi magalean. Gure historia gehiago xehatzen lagunduko digun errotarri harrobia. Iñaki Sanz-Azkue Artxiboetako paperen moduan daude horituak Jaizkibelgo harkaitzak. Ez zaharrak direlako, hori ere egia baita, baizik eta harez osaturik daudelako. Hondarribiarrek “harri mimarriya” deitzen diote bertako harriari. «Mimatzeko edo lantzeko erraza delako omen da», diote. Ez da harritzekoa, beraz, Jaizkibel mendia harrobiz betea egotea. Dagoeneko landaretzak eta higadurak ezkutatu dituen harrobi txikiz betea. Harrobi guztiak ez dira berdinak, ordea. Eta horien artean badira oso bereziak direnak ere, ondo aztertuta, XVI. mendeko ofizioei eta gizarteari buruzko informazioa emango digutenak: errotarriak egiteko harrobiak. Egun galduriko ofizioa da harrobi haietan lan egiten zutenena: errotarriak egiten zituzten harginak ziren eta, bere garaian, berariazko garrantzia izan zuten gizartean: errotarririk gabe, ezin zen errotarik martxan izan. Eta errotarik gabe, goseak herritarren etxeko atea jo zezakeen. Hala, saltoka ibili gara paper horietatik harkaitz horietara. Batetik bestera. Arrastoa non topatuko. Jaizkibelgo errotarriak egiteko harrobi ezkutu horiek non diren jakiteko, paperak ez ezik, harkaitzak ere irakurri egin behar baitira. Dokumentuak eta mapa zaharrak 1802ko “Diccionario de la Real Academia de la Historia” liburuak aipatzen zuen jada: «… Jaitzquibel en jurisdicción de la ciudad de Fuenterrabía… y se extiende desde el cabo de Higuer hasta la villa de Pasage y entrada del canal, y hácia la parte de Lezo abunda en piedra arenisca á propósito para edificios, losas y muelas de molino». Besteak beste, errotarriak egiteko ere gune aproposa omen zen Jaizkibel mendia, beraz. Aipu hori ondo gordea zuen Javi Castrok, Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko kideak bere datu basean. Hor bukatzen ziren arrasto guztiak, ordea. Hortik aurrera, aztarna gehiagorik ez zegoen. Herritarren artean ez zuen inork errotarriak egiteko gunerik ezagutzen, eta inguruko harginen artean ere, berririk ez. Eta hala izan da urte batzuetan, harik eta Maximo Sagarzazuren mapetan (ikus “Attona Maximoren bihotzeko mapak” izeneko erreportajea) “errotarri” izeneko leku izen bat aurkitu genuen arte. Eta orduan, bai. Orduan, Jaizkibelgo errotarri harrobiak bilatzeko ikerketa zizelkatzen hasi ginen. Javi Castrok urteak daramatza Euskal Herriko mendiak miatzen eta haietan errotarri harrobiak bilatzen, “Errotarri” izeneko proiektuaren baitan, eta Europa mailako proiektu zabalago baten babesean. Euskal Herrian, jada, 306 dira aurkiturikoak eta katalogatuak; baina Jaizkibelgoak badu zerbait berezia. Ikertzailea kitzikatzen duen zerbait. Izan ere, Madrilen idatzitako liburu batek errotarriak egiteko mendi ona zela esateak harridura sortzen du. Bereziki ona behar zuen mendiak Madrilen mendiari buruzko ezaugarri hori nabarmentzeko. Ahozko transmisioan, ordea, galdua zegoen jada harrobi horien kokapena. Erronka ez zen txikia. Eta hala, Maximoren mapek lehenbiziko froga ekarri zutenean hasi zen bidea irekitzen, eta ezkutuan zeuden arrastoak bata bestearen atzetik ateratzen. Mapetan “errotarri” moduan azaltzen zen gunetik ez oso urruti, errotarri erdi bat aurkitu genuen 2020aren hasieran. Egiten hasi, erditik puskatu eta harginak mendian utzitako errotarria zen. Ikerketaren lehen harria, beraz, jarria zegoen. Jon Aldaia hondarribiarrak aurkituriko dokumentu batek, baina, are gehiago indartu zuen gure ustea. Jaizkibelen errotarri harrobi handia behar zuen ustea. 1596an, Guadalupeko Ama izeneko itsasontzi batek 14 errotarri eraman zituen Hondarribitik Sevillara. Errotarriak Andaluziara eramaten bazituzten, asko egiten zirelako seinale zen hura. Ez zituzten bertako errotentzat egiten soilik. Guk Jaizkibelen aurkiturikoa, ordea, errotarri erdi bat baino ez zen. Zerbait ezkutatzen zigun mendiak, baina ez genekien nondik hasi miatzen… 100 errotarri Jaizkibel mendian Hala, Javi Castro adituak eta Yoseba Alonsok osaturiko lantaldeak dokumentu zaharrak miatzeari ekin zion. Oñatiko artxiboetatik tiraka, eta Hondarribiko XVI. mendeko testamentuak ikertzen, lehenbiziko ezustekoa iritsi zen: Joanes de Aldasoro harginaren 1583ko testamentua. Bertan harginak errotarriei buruz hitz egiten du behin eta berriz, eta datu garrantzitsuak ematen ditu horien inguruan. Besteak beste, Jacobe de Azaldegui izeneko hondarribiarrari 62 errotarri utzi zizkiola, hark Pontevedrara eraman eta sal zitzan. Eta are eta harrigarriagoa dena: jada eginak eta landuak zituen 100 errotarri utziak zituela Jaizkibel mendian, eta beste 100, Hondarribiko Santa Engraziaren ermitaren aldamenean. Hala, gure usteek gero eta indar handiagoa zuten. Une horretan 200 errotarri eginak zituen harginak, eta dozenaka esportatzen zituen; beraz, harrobi ona behar zuen Jaizkibelen, errotarri horiek guztiak egiteko. Baina, non? Non ezkutatzen ote zen harrobi hura? Hala, mapa zaharrak begiratuz, eta haietan ageri diren arrastorik txikienei tiraka, mendiko miaketekin hasteko garaia etorri zen. Jaizkibel, ordea, handia izan, eta miatzen hasteko, nonbaitetik hasi behar. Erabaki beharra zegoen. Maximoren mapek eta 1667ko plano zahar batean azaltzen zen ermitak eman ziguten nondik hasi jakiteko lehen aztarna: Santa Barbararen ermita zaharra zegoen ingurua miatu behar zen. Santa Barbararen ermita zaharra Egun Jaizkibelgo paradore zaharraren arrastoak dauden eremuan egon zen Santa Barbararen ermita garai batean (1543an aipatzen da lehen aldiz), eraitsi eta Guadalupera doan kalbario bidera lekuz aldatu zuten arte. Bestalde, deigarria gertatu zitzaigun ikustea bide zuzen bat zegoela dokumentuetan agertzen ziren eta harginekin lotura zuten hainbat herritarren baserrietatik ermita ingurura. Eta, orduan, Javi Castrok bota zigun hipotesia: Santa Barbararen ermita han bazen, harrobiek ez zuten urruti izan behar. Ezjakinak gu, ez genuelako Javik esan nahi ziguna ulertu hasiera batean: Santa Barbara harginen zaindaria da, eta harginek euren ermitak harrobietatik gertu egiten zituzten, lanean ari ziren bitartean babestuak egoteko. Eta hala, mendiko ikerketa fasea hasi zen, eta hainbat harrobi kokatu genituen ermita egondako inguruan: Arrobieta, Arginzuloeta, Arrobizarreta… eta izenik gabeko beste hainbat. Eta miaketak fruitua ematen hasi ziren: harlanduzko lanen arrastoak azaldu ziren ermita zegoen inguruko harkaitzetan, eta bidezidorrak, eta harginek utzitako markak, eta jarraian… zirkulu formako harri handi bat. Bista-bistan. Errotarria egiten hasi eta mendian utzitako harria zen, garbi. Eta horren atzetik etorri ziren, beste bat, eta beste bat, eta, hala, eremu berean 10 errotarri oso aurkitu ziren arte. Hantxe genuen. XVI. mendetik bistan baina gorderik egon zen errotarri harrobi zoragarria. Arrasto, errotarri oso, errotarri puska, ateratzen hasi berri ziren errotarri eta beste mila xehetasunekin batera. Dudarik gabe, zerbait berezia zuen lekuak: errotarriak egiten zituzten harginek nola lan egiten zuten erakusteko leku aproposa da Jaizkibelgo errotarrien harrobia. Eskola txiki bat, eremu eder batean. Errotarriak sortzeko prozesua Jaizkibelen aurkiturikoa harrobi handia dela esan daiteke, eta errotarriak sortzeko prozesuaren pausu guztiak ikusteko leku aproposa. Harrobi eredugarria da zentzu horretan. Baina ikaragarriena zera da: ez dakienak ez du ezer ikusiko. Harkaitza, belarra eta harriak. Besterik ez. Azalpenen ostean, ordea, begiak ireki egiten dira, mendeetan atzera bidaiatzen du pertsonak, eta hargin haien lana ulertu. Hargin haien begien eta eskuen mugimendu zehatzez ohartuko da, eta bide batez, hori guztia baloratuko du. Hori ere badelako ondarea. Jaizkibelgo errotarrien harrobian ez duzu aurkituko arreta deituko dizun lurreko hobi handirik edota horma handi zulaturik. Izan ere, harginek, lurra bera estaltzen duen harria erabiltzen zuten, handik harri blokeak atera eta errotarriak egiteko. Edota blokea atera gabe, harrian bertan errotarria egiten hasteko. Lurra zizelkatzen zuten, pixkanaka-pixkanaka, urtez urte, mendi magalaren paisaian ere eraldaketak egin arte. Eremua eta ofizioa ezagutzen ez duten gure begi ezjakinek, ordea, kostata sumatuko dituzte eraldaketa horiek, lan egiteko modu hura ulertu arte. Baina hor daude. Bistan, baina ezkutaturik. Eta begiek harkaitzak irakurtzen ikasten dutenean, bertan ikusiko ditugu harginek blokeak ateratzeko egiten zituzten zuloak edo falkak, guztiak erregulartasun handiz eginak. Ikusiko ditugu, halaber, harrian pikatzen hasitako errotarriak, edota dagoeneko zirkulu forma duten, baina gaina leuntzea falta zaien errotarriak egiteko harri handiak. Bi asteko lana omen zen errotarria harritik ateratzea. Jaizkibelgo harrobian, prozesu horretako egun ezberdinak antzeman daitezke, bai eta harginek erabiltzen zuten errotarriak egiteko teknika ere. Eskuak ez ezik, burua ere martxan izaten zutelako harginek. Harginaren ofizioa Harginarena aitatik semera igarotzen zen ofizioa zen garai hartan. Batetik, lanerako tresnak behar zirelako etxean, eta bestetik, esperientzia. Eta, era berean, hala erakusten dute dokumentu zaharrek. Domingo de Aldasororen semea, Joanes de Aldasoro, zen testamentuko harginetako bat, eta dokumentu zaharren arabera, Santa Barbararen ermitako maiordomoa ere bazen 1581ean. Profesionalak ziren harginak, eta teknika eta lan egiteko modua ikasia zuten. Ondo ikasia, gainera. Pisu handiko bloketzarrak hausten zituzten falkak eginez, ikaragarrizko zehaztasunarekin, eta, horren ondoren, behin harriari zirkulu forma emanda, errotarria leuntzeko lanak hasten zituzten. Baina, nola leundu? Nola jarri errotarriaren bi aldeak distantzia berera eta koskarik gabe ondo leunduta? Plano bakar eta zuzen bat eginez? Harginek gurutzearen teknika erabiltzen zuten horretarako. Harrian, goitik behera eta ezkerretik eskuinera, erregelen laguntzaz gurutze bat egiten zuten harria pikatuz. Eta horrek errotarriaren lau aldeak maila berean leuntzeko aukera ematen zuen gero. Euskal Herriko mendietan gutxi dira egundaino aurkitu diren eta harrian markaturiko gurutzea duten errotarriak. Jaizkibelgoan, errotarri oso bat ikus dezakegu gurutzea markatuta duela. XVI. mendeko gizartearen isla Errotarriek, alabaina, ez digute soilik ofizio bati buruz hitz egiten. Asko ziren lanbide zahar honek bere atzetik zekartzan lan egiteko moduak eta beharrak, eta horiek guztiek marrazten dute XVI. mendean Jaizkibel inguruko herrietako eta Euskal Herriko gizartea nolakoa zen ulertzeko koadroa. Izan ere, dokumentu zaharrenek 1580ra eramaten gaituzte zehazki Jaizkibelgo errotarriei buruz hitz egiten dugunean, baina badira XVI. mende erdiko arrastoak ere artxiboan. 1550ean, esaterako, Hondarribiko “María” izeneko zabrak kortsario frantsesen erasoa jaso zuen Coruñan, eta dokumentuen arabera, burdina, brea, labanak eta errotarriak zeramatzan itsasontzia La Rochellera eraman zuten. 1568an, errotarriak eraman ziren San Miguel itsasontzian, Pasaiatik Sevillara. Dokumentuek oraindik ziurtatu ez badigute ere, oso litekeena da erdi arotik etortzea harrobi berezi horien erabilera. Horretarako, ordea, dokumentuek hitz egin beharko dute. Adi egon beharko dugu, baina. Paperek ez ezik, ondo irakurrita, errotarriek ere badutelako zer esana. Esaterako, Jaizkibelgo harrobian tamaina ezberdineko errotarriak aurkitu dira. Frantzian egindako ikerketek diotenari jarraituz, gero eta errotarri zaharragoa izan, orduan eta tamaina txikiagoa izan ohi du. Eta Jaizkibelen aurkitu diren txikienak 110 zentimetroko diametrokoak izan dira. Ikerketek diotenari kasu eginez, XV-XVI. mendekoak. Beraz, harriek eta dokumentuek hizkuntza bera hitz egiten dute oraingoz. Ondorio berera eramaten gaituzte. Baina harri handiagoak ere aurkitu dira harrobian. Beraz, garai berriagoetako harriak ere badira. Horien dokumentuak aurkitzeko lana egin beharko da, ordea. XVI. mendeko dokumentuetako 3.000 orri baino gehiago irakurri dituzte azkenengo hilabeteetan Castro eta Alonsok. Denborak esango du noiz amaitu zen errotarriak egiten zituzten harginen ofizioa. Garbi dagoena da, alabaina, errotarriek lana sortzen zutela eta orduko gizartean ere izan zutela euren lekua. Hala, dokumentu zaharretako aipamenak ikustea baino ez dago ofizioaren inguruan zegoen guztia ulertzeko. Izan ere, harrobiak (batzuk behintzat) Udalarenak ziren, eta errentan uzten zizkien enkantean hartzen zituzten pertsonei, diru baten truke. Haiek hargina kontratatzen zuten, eta harginak, langile gehiago (behar bazuen) eta errotarriak gurdiz herrira jaisteko pertsona. Hondarribiko kasuan, gainera, testamentuek dioten moduan, Santa Engrazia izeneko ermitaren aldamenean uzten zituzten harriak batzuetan. Izan ere, gabarrak bertaraino iristen ziren errekan gora, eta beste pertsona batek gabarrarekin eramaten zituen haiek portura. Han, itsasontzian sartzen zituzten, testamentuek dioten moduan, harginarekin tratua egin zuen merkatariak Pontevedrara, Cadizera edo Sevillara eramateko. Harrobia itsasotik gertu bazegoen, ordea, zuzenean sartuko zituzten txalupara, garraiatuak izateko. Galdera asko xehatzeko Duela hilabete gutxi hasitako ikerketak galdera asko erantzun ditu jada, baina gehiago dira bidean sortu dizkigunak. Lau dira dagoeneko Jaizkibel mendian aurkitu diren errotarri harrobiak, baina badakigu gehiago azalduko direla. Lantaldea handitzen joan da, eta etnografia saileko kideak ez ezik, historialariak, geografoak eta laguntzaile sorta bat elkartu zaizkie horiei. Halaber, sortu ditu egundaino inoiz bururatu ez diren kontuak. Hala, garai hartan errotarri bakoitzak dirutza (egungo 3.000-4.000 euro) balioko zuela jakinda, utziko al zenituzkete 100 errotarri Jaizkibel mendian inork zaindu gabe? Erantzunak nahiko garbia dirudi: ezta pentsatu ere! Beraz, izango al zuen “harrizainik” kontratatuta harginak? Eta Jaizkibelgo mapa hartu eta aztertuko bagenu, ez al da kasualitatea, harrobia dagoen inguruan “artzain arpia” izeneko harpe bat izatea, nondik harrobi guztia ikusten den, edota “artzain kaxkoa” edo “artzain lepo”, “artzain aurria” eta “artzain atzia”? Filologo eta leku izenetan adituak direnei galdetuta, behintzat, “artzain” (edo “arsain” dokumenturen batean) “harrizain” hitzetik eratortzea ezin da baztertu. Ikertu beharreko kontua da, ordea, harginak “harrizainik” ba ote zuen. Ikusi beharrekoa da, halaber, noiz arte iraun zuen ofizioak, eta erabiltzen zituzten teknikak eta mugitzeko moduak leku guztietan berak al ziren. Harrobiak Hondarribiko eta Pasaiako lurretan aurkitu dira. Izango al dira gehiago? Izango al dira Lezon? Erantzungo al digute dokumentuek nortzuk izan ziren hargin ezagunak eta zein ofizio gehiago lotzen zituen errotarrien kontu honek, edo izango al den oraindik inguruko errotaren batean Jaizkibeldik aterako errotarririk. Baina galdera ederrik bada, bada bat guztiok zain gaituena. Erantzuna jakiteko gogo biziz gaituena: Ez al da kasualitatea aurkitu ditugun agiri gehienek aipatzea itsasontziek Jaizkibelgo errotarriak Galiziara, Cadizera eta Sevillara eramaten zituztela? Izan ere, agiri zaharrek adierazten dutenaren arabera, portu horiek ziren Ameriketara zihoazen itsasontzien irteera puntua. Ez ote da izango XVI. mendeko Jaizkibelgo errotarriak Ameriketan saltzeko eginak zirela? Hala izan edo ez izan, Jaizkibelgo errotarrien ikerketak galdera asko ditu oraindik xehatzeko, eta Hondarribiko eta Pasaiako herriek, ondare eder bat ikertzeko, zabaltzeko eta zaintzeko. Guk buruko errotak martxan ditugula jarraituko dugu. Errekako urak alde baditugu, are hobeto! Hala, noizbait, agian jakingo dugu Amerika urrunean oraindik ere izango ote den Aldasorotarren familiak Jaizkibelgo “harri mimarriyan” zizelkaturiko errotarririk. Eta nork daki, oraindik ere bueltaka jarraituko ote duen Atlantikoaren beste aldean. Javi Castrok urteak daramatza Euskal Herriko mendiak miatzen eta haietan errotarri harrobiak bilatzen, «Errotarri» izeneko proiektuaren baitan, eta Europa mailako proiektu zabalago baten babesean Euskal Herrian, jada, 306 dira aurkiturikoak eta katalogatuak. Jaizkibelgoak badu zerbait berezia. Izan ere, Madrilen idatzitako liburu batek errotarriak egiteko mendi ona zela esateak harridura sortzen du Eremu berean hamar errotarri oso aurkitu dira. Oso leku berezia da. Errotarriak egiten zituzten harginek nola lan egiten zuten erakusteko leku aproposa da Jaizkibelgo harrobia. Eskola txiki bat, eremu eder batean Ikaragarriena zera da: ez dakienak ez du ezer ikusiko. Harkaitza, belarra eta harriak. Besterik ez. Azalpenen ostean, ordea, begiak ireki egiten dira, mendeetan atzera bidaiatzen du pertsonak, eta hargin haien lana ulertu