GAUR8 - mila leiho zabalik

Lucio


Aste honetan utzi gintuen Lucio Urtubiak. Lucio hil zaigu, bizirik zirauen eskola zaharreko azken euskal anarkista, bere utopia eguneroko errealitate bilakatzea erabaki zuen Cascanteko igeltseroa. Nire aitaren herria, Morentin, XX. mende hasierako beste anarkista ospetsu baten jaioterria izanik –Gregorio Suberviola, igeltseroa hura ere eta, bide batez, nire lagun onenetako baten arbasoa–, betidanik erakarri nau ekintza-anarkismoaren historiak. Ez ditut pertsona gehiegi miretsi izan nire bizitzan, ez naiz inoiz oso mitomanoa izan, baina egia da Lucioren bizitzak miresmena sortu didala beti eta bere izaera beti gustuko izan dudala. Gogoan dut Durangoko Azokan Lucio ezagutu genuenekoa. Txalapartaren eskutik “Mi utopia vivida” aurkezten ziharduen eta nire koinatuak, Martintxo Alzuetak, Joseba Asironekin batera “Euskal Herriko Historia ilustratua” aurkezten ari zen. Nire bikotekideak, igeltseroa bera ere (sentitzen dut igeltserotzari buruzko artikulu bat ematen badu), Lucioren liburua erosi zuen eta hurbildu egin zitzaion. Bere hitzak gogoan ditut: «Oso ongi, igeltseroa zara, baina, zu anarkista zara? Anarkista izan behar da bizitza honetan». Luciorentzat hori zen garrantzitsuena, «bizi naitekeen bitartean, ez diot egiteari utziko», esaten zuen. Ekintza zen garrantzitsuena berarentzat.

Beste garai batzuetan bizi izan zen Lucio, Errepublikarekin jaio eta Francoren lehen urteetan hazi zen Erriberako anarkista. Beste anarkista askok bezala, miseria baino ez zuen ezagutu eta esan ohi zuen ez zuela dirurik ez abarkak ez ogia erosteko ere. Aldi berean, pobre jaio izanari eskerrak ematen zizkion, horri esker begiak ireki zituelako eta ezer ematen ez zion sistema horrekin bat ez egiteko indarra jaso zuelako. Ez zuen, noski, txirotasuna goraipatzen, baina onartzen zuen horren ondorioz beldurra eta zapaltzailearekiko errespetua galdu zituela. Lucio, jakina da, ez zen teorialaria, nahiago zuen bere bizitzarekin etsenplu eman, eta bere azken urteetan uko egiten zion gelditzeari, bere azken hatsa ere ekinean bota nahi zuen.

Askatasunaren maitale amorratua zen Lucio. «Askatasunak berez ez du ezer balio, erabiltzen ez baduzu», esaten zuen, eta «beldurra gal dezagun», gehitzen ohi zuen. Ez dakit zer pentsatuko zuen gaur bizitzen ari garen une honetaz. Beldurra mendekotasun tresna oso eraginkorra dela argi zuen berak. Horregatik esaten zuen horrek izan behar zuela lehen urratsa, beldurra galtzea; ekin ondoren. Hitzaldiren batean bereziki gazteei zuzentzen zitzaiela entzun izan nion. Ez dut uste krisialdi honen kudeaketarekin oso konforme egonen zenik; are gutxiago, gazteriaren kriminalizazioarekin. Komunitateak, autoantolaketak eta errebeldiak sistemari erantzuteko bide bakar gisa duten garrantziaz hitz eginen zigun. Eta, zalantzarik gabe, pandemiari aurre egiteko erantzunaren kudeaketan hitzik eta botorik izan ez duen gizarteko sektore bakarrenetarikoa ez zuen kriminalizatuko, ez zituen gazteak errudun gisa tratatuko. Lucio, zure ereduari jarraitzen saiatuko gara, bakoitza bere eremu txikian, eredu emanez, beldurrik gabe biziz. •