GAUR8 - mila leiho zabalik

Udararik luzeena


Herritik iritsi berriak gara, egun batzuk pasa ditugu Jurramendiko maldetan dagoen Morentin herrian. Gure aitaren herri txikia da, 100 biztanle inguru baino ez ditu, baina, nire haurtzaroan bezala, egun ere udaran biztanleria bikoiztu egiten da eta herriko kaleak haurrez betetzen dira. Txikitan, Iruñearekin alderatuta, gustukoen nuena zen herriak ematen zigun askatasuna. Goizean etxetik atera eta gose ginenean itzultzen ginen bazkaltzera aitona-amonen etxera, eta, gauean, amonak deitzen gintuen oihuka anaia eta biok bokataren bila joateko.

Jolasak hirikoen oso bestelakoak ziren; txabolak egiten aritzen ginen aurkitzen genituen mota guztietako materialekin, frontoi ondoko baltsan zapaburuak harrapatzen genituen, inguruko bideetan masustak hartzen aritzen ginen edo zauritutako txoriak erreskatatzen genituen etxe ondoko soroetan. Etxez etxe ibiltzen ginen, ateak zabalik zeuden beti, bagenekien zein etxetan emanen zizkiguten goxokirik hoberenak eta atea jo gabe sartzen ginen. Haurren zaintza, iraganeko garaietan bezala, kolektiboa zen. Gaur, hiru hamarkada ondoren, ez da gehiegi aldatu giroa. Alaba txikiak ditut, baina sei urtekoa dagoeneko hasi da herriko askatasun hori ezagutzen. Koronabirusaren urte honetan, arnasaldi bikaina izan da beraientzat eta niretzat herria. Abuztuari dagokion bezala, masustak hartu dituzte, kalean eman dituzte eguneko ordu gehienak eta herriaren komunitate-sentimendua ezagutu dute.

Egunok herrian igaro ondoren, are nabarmenagoa egin zait, posible bada, martxoaz geroztik familian jasaten ari garen zama. Haurren –eta, jakina, mendeko pertsona guztien– zaintza familien esku geratu da. Estatuak lana eta familia bateratzeko inolako laguntzarik eta babesik gabe utzi gaitu; eskolaz ari naiz, noski, baina ez bakarrik. Telelana engainu handia izan da, eta erakutsi digu mendekotasuna dutenen zaintzak kolektiboa izan behar duela, ez banakakoa. Martxotik kapitalismoaren ametsa egia bihurtu dugu, menpekoen zaintza eremu publikotik desagerrarazi dugu; haurrak, gaixotasun mentalak dituztenak, desgaitasun fisikoak dituztenak, adinekoak eta zaintzak behar dituzten guztiak ikusezin bihurtu ditugu, eta etxeetako esfera pribatura mugatu ditugu euren beharrak.

Atzean geratu dira, herrian bezala, haurrak komunitate osoaren, familia zabalaren eta Estatuaren ardura ziren garaiak. Eta, tamalez, susmoa dut irailean instituzioek berdin jokatzen jarraituko dutela. Ez da aurreikusten inongo plan estrategikorik ikasturte hasierarako, ez irakasleen kontratazio gehiagorik, ez espazioen birmoldaketarik, ezta, salbuespenak salbuespen, enpresen esfortzu berezirik kontziliazioa errazteko ere. Inor ez da nire inguruan gurasoen edo menpekoen zaintzaile direnen kezkak lasaitzen ari, are, erantzunak banakakoak izaten ari dira kolektiboak izan beharrean; oporrak ez hartzea eskolak ikasturtea hasi eta gutxira itxiko dituzten beldurrez, soldatarik gabeko baimenak, ordutegi murrizketak, lanari uko egitea... Herritik etorri berri, gaueko kilkerrak entzuten jarraitzen dut nire buruan. Baina hirian egunsentia da eta leihoa irekitzerakoan entzuten dudan zaratak ez du ezer onik iragartzen. •