GAUR8 - mila leiho zabalik

Eutsi eta mimatu


#Alertagorria aldarrikapena ikur hartuta, ikuskizun eta ekitaldietan lan egiten duten profesionalen sektoreak, orain arte egin ez duen bezala, indarrak batu eta gobernu zein gizartearen kontzientziazioa pizteko ekimen jendetsu eta ikusgarriak egiten dihardu azken aldian.

Covid-19a agertu zenetik baldintzatuta gelditu da hein handi batean gizarte osoa; baina, noski, batzuk beste batzuk baino gehiago. Eta kulturaren esparruak jaso duen astindua itzela da, negargarria da egoera. Hain zuzen ere, martxoko lehen astetik apenas gauzatu da jendaurreko kultura emanaldirik. Gutxi batzuk egin dira, oso gutxi, eta gainera edukierak nabarmen txikituta; hala, kultur profesionalen diru sarrerak eta fakturazioa are eta gehiago murriztu dira, ia ezerezean gelditu arte.

Baina egiari zor ikuskizun eta ekitaldietan lan egiten duten profesionalen sektorea aspalditik dago egoera eskasean. Iraunkortasunik gabeko kontratuak dira nagusi, eta epeka lan egiten dute gehienetan, beste asko oporretan edo aisialdi denboran gaudenean askotan. Berez euren egoera oso makala izan da luzaroan, eta bat-bateko emanaldien desagertze honek akabatu ahal ditzake zeregin horietatik bizi diren familia guztiak. Gainera, hortaz bizi diren guztiak hondoratuz gero, akabo hamarkadatan gurean eraiki den kultura azpiegitura aberats bezain eraginkorra.

Horregatik, lehenengoz batu dira hain sakabanatuta dauden profesionalak eta #Alertagorria aldarrikapenaren inguruan gogor ikusarazten dihardute egiten duten lana. Horiek gabe, ez dago ezer.

Orain arte Euskal Herrian izan dugun azpiegitura edo eszena hain aberatsa 80ko hamarkadan hasi zen eraikitzen. Hori ezin da ukatu, nahiz eta 90ekoan mimo eta profesionaltasun handiagoa batu zitzaion ereindakoari eta hori sarri ahazten dugun 80ko hamarkada delakoa mitifikatuz.

Horren harira, astean zer pentsa eta irribarre handia sorrarazi dit Ion Andoni del Amok duela urte batzuk idatzi zuen “Party & Borroka, Jóvenes, músicas y conflictos en Euskal Herria” liburua berrirakurtzen aurkitutako zita borobil-borobil honek: «Gurean 80ko hamarkadak 25 urte iraun ditu».

Bete-betean asmatu zuen Del Amok. Zorretan omen gaude beti garai zehatz horrekin, ez omen da horren parekorik inoiz izan…

Nik neuk ez diot meritua kentzen hamarkada horretan askok egindako lanari eta zegoenarekiko egindako apurketari, baina behin baino gehiagotan azpimarratu dut 90eko hamarkadan gauzak kontzientzia gehiagorekin egin zirela, helburua zein izango zen jakinda. Eta horretaz inor gutxi gogoratzen da.

Bestalde, baditugu edo badaude 80ko hamarkadatik eratorritako ohitura edo inertziak, txertatuta ditugula ohartzea kostatzen zaigunak. Gaztetxeak dira garai emankor horren herentzia, esaterako. Eta asko zor diegu boluntario gisa kulturaren, herrigintzaren eta pentsaera zein bizitza modu alternatiboen alde lan egiteko esparru ireki horiei. Nagusitzen diren gauza askoren aurrean alternatiba dira, eta, lortutako emaitzez gain, antolatu eta lan egiteko modua dira benetako altxorrak.

Baina horietako batzuetan badira oraindik 80ko hamarkadatik datozen inertziak, oraingo garaiekin talka egiten dutenak; hor ere oreka ezinbestekoa da. Dena ezin da izan musu-truk eta gauzak, ekintzak, eskaintzak ere baloratu eta mimatu egin behar dira. Horrek ere badu zeresana eszena eustearekin. •