2020 URR. 03 PERTSONEN KOMUNAK Gero eta leku gehiagotan ari dira jartzen generoa arautzen ez duten komunak Ohiko komunetako ateetako irudiek informazio asko ematen digute. Dauden bi –edo hiru– aukeretatik zein dagokigun adierazten digute eta, bide batez, zer garen gogorarazten digute: gizon ala emakume. Hori da araua, pertsona guztientzako komunek eraitsi nahi duten arau baztertzailea. Xabier Izaga Gonzalez Baten bati gai bitxia irudituko zaio, besteren bati gustu txarrekoa edo interesik gabekoa, itxuraz behintzat. Nolanahi ere, komunetako ohiko logoen atzean jendarte harremanen ikuspegi oso bat dago, pertsona guztientzako komunetako logoen atzean bezala. Hori bai, bata bestearen oso desberdina. Izan ere, komun tradizionalak sexuaren araberako bereizketa egiten du, eta generoa arautzen du. Pentsa liteke ohiko antolaketa bertan behera uzteak arazoak ekarriko lituzkeela, besterik ez bada ere arrazoi praktikoak direla-eta; esate baterako, higienea. Orain artean izan diren esperientzien argitan, ordea, ez da halakorik izan, eta erabiltzaileek aldaketa ulertu eta sarritan haren bultzatzaile izan dira. Oiartzungo ekimena Denentzako komunak gero eta leku gehiagotan jarri dituzte azken urteetan, eta esperientzia horietako batzuen berri zuten Oiartzungo Feministen Asanbladako kideek. Bazekiten zenbait tabernatan, EHUko fakultateren batean, esate baterako, komun komunak zituztela eta ideia hori herrira eramatea erabaki zuten. Gogoeta eta prestaketa lan baten ondoren, “Komun komunak” ekimena aurkeztu zuten, «sistema binarioan oinarritzen ez diren eta sexuaren arabera bereizten ez duten komunen aldeko apustua», hain zuzen. Nora Velez del Burgo Zalakain Oiartzungo Feministen Asanbladako kideak GAUR8ri kontatu dionez, iazko ekainean Udalari baimena eskatu eta komun ontzi bat jarri zuten plazan, lurrean finkatuta, eta proiektuaren aurkezpena iragartzen zuen kartela haren gainean ikusgai. Aurkezpenaren ondoren ere, bertan egon zen bi astez. Logo polit bat diseinatu, komunetako ateetan itsasteko kartel batzuk egin zituzten eta tabernarik taberna joan ziren. Komunak desberdinduta zituztenei ateetako irudi tradizionalen ordez komun partekatuen irudia eskaini eta paper batzuk utzi zizkieten, beren «arrazoitegiarekin» batera. Komunetako askotariko logo tradizionalak ageri ziren kartel batzuk ere egin zituzten; esate baterako, gonadun neska, bibotedun eta kapeladun gizona eta bestelako sinboloak ageri zirenak. Bazekiten jendeak hori guztia ikusita galdetu egingo zuela, eta hala izan zen. «Arrazoitegian» argi asko azaldu zuten beren apustuaren zergatia, bereizketaren jatorritik hasita: «Moralitateak, desberdintasunak eta matxismoak ezaugarritutako gizarte batean» sortua dela salatzen dute. Antolaketa hori eraikuntza soziala omen da: «Gizonek zutik eta emakumeek eserita pixa egitea, horrela eraiki da gure gizartean, baina ez da unibertsala». Eta, diotenez, bereizketa txikitatik normalizatzen da, txiza egiteko sexuaren arabera bereizi beharra dagoen ideia jaiotzetik transmititzen baitzaie haurrei, eta hezkuntzaren arloan «haurtzarotik pertsonek genitalen arabera komunak partekatu ezin izateak sexu heziketa ez moralizatzaile batetik urruntzen ditu haurrak, eta oso deserosoa izan daiteke askorentzat; adibidez, bulba duten mutilentzat zutikako pixatokiak soilik daudenean». Beraz, komuna generoa arautzeko leku gisa baztertzailea omen da, pertsona emakume edo gizona den erabakitzera behartzen baitu. «Horrek identitate ez-binarioa dutenen, genero jariakorra dutela identifikatzen dutenen eta pertsona intersexualen kontra egiten du, emakume-gizon genero dikotomiatik ateratzeagatik diskriminatuz». Komun horietako sinboloei dagokienez, irudi estereotipatuak direla uste dute: «Emakumeentzat direla erabaki den komunetako ateetan gonadun pertsonen irudiak, ezpainetakoak, loredun kapelak, takoidun zapatak edo pertsona hiztunak agertzen dira, besteak beste». Gainera, diotenez, gizonezkoentzako eta emakumeentzako komunak egoteak sexuak elkarrengandik urruntzen ditu. «Berdintasunak eta ezberdintasunak ditugun pertsona orok espazioak konpartitzeak gainerakoekin enpatizatzea dakar. Ondorioz, komunak partekatzeak aniztasuna normalizatzen eta aberastasuntzat hartzen lagun dezake». Azkenik, txiza eserita egitea garbiagoa dela diote. Horrekin batera, eta ondorioz, mezu orokor bat zabaldu zuten: «Generoak bereizten direnean sortzen dira haien arteko ezberdintasunak eta zapalketak». Tabernetan ez ezik, kaleetan ere gauzatu nahi zuten ekimena eta, horretarako, kaleko komun publikoetan jartzeko plaka berezi bat sortu zuten. Izan ere, Udalak formatu jakin bat erabiltzen du herriko plakak jartzeko, eta logoa formatu horretara moldatuta, kaleko komunetan jarri zuten. «Oiartzunen, gainera, herriko plazan daude», dio Feministen Asanbladako kideak. Taberna gehienek bat egin zuten ekimenarekin, eta berdin herriko ikastetxeek ere, dauden biak batu baitira, eta haietako komunetako ateetan Oiartzungo Feministen Asanbladak sortutako logoa jarrita dago. Arrakasta handia izan omen du kanpainak eta urtebete igarota, jendeak ondo hartu duela uste dute. Haurren artean horren inguruko ikuskera hedatzea errazagoa dela uste dute, eta hori lortzeko eskola oso leku garrantzitsua dela. «Txikitatik ikasten badute, normalizatu egingo dute eta ez dute ezer berezia bezala ikusiko». Ramon Bajo ikastetxean Horrela ulertu dute zenbait ikastetxetan ere; esate baterako, Gasteizko Ramon Bajo ikastetxean, duela zazpi bat urte, eraikina zaharberritu zutenean. Carmen hango irakaslea da, eta garai hartan ikastetxeko ama ere bazen; berak kontatu dio GAUR8ri ondo ezagutzen duen prozesua. Obrak egin baino lehen, espazio guztia berrantolatu beharra zegoen eta hainbat eztabaida eta proposamen izan ziren. Carmen zuzendaria zen eta bere kezka bat agertu zien hainbat gurasori: ordura arte zeuden komunen egoera, bereziki Haur Hezkuntzakoak. Mutilek txiza egiten zutenean komun ontzia bustita uzten zuten eta neskek han eseri behar zuten gero. Batzuetan mutilak txiza egiteko eserarazten saiatzen ziren, baina ez zuten nahi. «Ezin dituzu behartu», dio Carmenek. Lehenik, neskek eta mutilek komun bera erabili behar zutela erabaki zuten, irizpide nagusi bati jarraituz: genero bereizketarik ez egitea, batez ere ume txikiak aintzat hartuta. Ramon Bajo ikastetxeko gainerako irizpideak ere bat datoz han-hemenkako esperientziak gidatu dituztenekin. Komun ontzi batzuk esertzekoak dira, baina batzuek ez dutela eserita txiza egin nahi kontuan izanda, hormako ontziak ere jartzea erabaki zuten. Carmenek dioenez, orain neskato batzuk ere bertan egiten saiatzen dira, eta inoiz ikusi ez dituzten ontzi horietan nola eser daitezkeen probak egiten dituzte. Komunen diseinuan segurtasuna ere izan zuten kontuan, ikastetxeetako komunak istilu gune izan baitaitezke, eta irakasleek barruan gertatzen dena jakiteko kristal bat jarri zuten, leihotxo bat, aldi berean intimitatea errespetatze aldera. Halaber, argia sentsore baten bidez pizten da, barruan inor baldin badago, lekua ilunpean inoiz ez egoteko. Haurren autonomia bultzatzeko, berriz, erraz zabaltzeko moduko txorrotak dituzte. Beraz irizpideak generoa, higienea, segurtasuna, autonomia eta erabilgarritasuna dira. Batzuetan ikastetxeko ateak zabaltzen dituzte eta espazioaren antolaera azaltzen dute, baita ikastetxeko araudia ere. Arau horien artean komunen erabilerari dagozkionak daude. Hobeto esateko, Carmenek dioenez, arau bakarra: esertzeko komun ontzietan eserita egin behar da txiza; bestela, hormakoa erabili behar da. Ez omen dute ikasleen erreakzio txarrik edo desegokirik sumatu komun berriak jarri zituztenetik. «Badira mutil batzuk eserita egin nahi ez dutenak. Bi urtekoek berriz, eserita egiten dute beti, irakaslearekin joan behar baitute, eta adin horretakoek ez dute zutik egiteko ontzirik. Ohiturak dira, eta beste batzuek eserita egiten dutela ikusten badute, eurei ez zaie arraro gertatuko», azaldu du Carmenek. Lehen Hezkuntzakoek, ordea, esertzeko eta zutik egitekoa dituzte leku berean. «Beraz, ez dakigu horra sartzen denak nola egiten duen. Baina bi aukerak ditu». Huhezin ere bai Mondragon Unibertsitateko Huhezin aurten jarri dituzte pertsona denentzako komunak. Fakultate horretako irakasle Amelia Barquinekin hitz egin du GAUR8k horretaz. Aspaldiko asmoa zuten komun ez-binarizatuak jartzea. Eskoriatzako Irakasle Ikasketetako bi eraikinetan gizonentzakoak eta emakumeentzako komunak zeuden, eta hango ikasleek egun batean komuneko kartelak kendu eta “komun komunak” idatzita zeukatenak jarri zituzten. Hala ere, komunetako batean gizonek txiza zutik egiteko hormako komun ontziak zeuden, eta, «denok identifikatzen genuen berehala zein komun zen zeinentzat, kanpoan nahi duzuna jarrita ere», azaldu du Barquinek. Aurten egin dute aldaketa. Eraikin batean komunak bakarrik aldatu eta bestean erabateko zaharberritzea, eta, hartara, komunak beste modu batera antolatuta geratu dira. Fakultate horretan, beste hainbat lekutan bezala, eztabaida edo gogoeta bat egin zuten: «Ea espazioek binarizatuta egon behar duten edo ez. Gutako gehienok ezetz uste dugu», dio irakasleak. «Batzuon irizpideen arabera, baldintza batzuk bete behar dituzte komunek: funtzionalak izan behar dute, noski, baina baita seguruak, garbiak eta ez-binarioak; gainera, intimitatea bermatu behar dute». Intimitateari dagokionez, pentsatu zuten gizonen komunetan bata bestearen alboan dauden hormako ontziek ez zutela baldintza hori betetzen, gizon batzuk deseroso sentitzen baitira, «eta gainera, esan dezakezu hori komun komuna dela, baina paretako ontzian pixa zutik egiten ari bazara, deseroso senti zaitezke beste norbait pasatzen bada atzetik, neska bat pasatzen bada… Azken batean, bizi garen jendartean bizi gara, ezta?», dio Barquinek. Beraz, orain egin diren komunetan ateak daude, eta barruan batzuek esertzeko ontzia dute eta beste batzuek hormako ontzia, txiza zutik egiten dutenentzat. «Ez dut esango gizonentzat, zeren gizon batzuek erabiliko dituzte besteak, esertzekoak, pixa egiteko ere; beraz, esango nuke esertzeko ontziak eta pixa zutik egiteko ontziak, betiere ate baten atzean, inor beste baten alboan egitera behartuta egon gabe». Horrenbestez, komun berriak espazio zabalak, intimitatea eta segurtasuna bermatzen dutenak, garbiak eta anitzak dira. Eztabaidatsua da hormako ontzien beharra. Batzuek uste dute denak izan behar direla esertzekoak. Barquin irakaslearen ustez, berriz, aniztasunari erantzuteko hormako komun ontziak ere egon behar dira, gizon edo mutil batzuk ez baitira inoiz eseriko pixa egiteko eta, beraz, denentzat hobea da hormakoak erabiltzea, higienea dela eta. «Bestela, zenbait horiek erabiltzera behartzen badituzu, erabiliko dituzte, baina zutik egingo dute, eta horren ondorioz, eserita egiten dutenek beti aurkituko dituzte bustita». Eta aldagelak? Ezagutzen dituen esperientziak aipatzean, Ramon Bajo ikastetxea ekarri du Barquinek hizpidera, eta harekin batera Igeldo eskola. Azken horrek komunak baino lehen patioak egokitu zituen, eta orain dela zenbait hilabete, komunen ostean, aldagelak. Aldagelen gaia arazotsuagoa iruditzen zaio Huheziko irakasleari. Arestian aipatutako irizpideei jarraituz, inor ez dago behartuta besteen aurrean biluztera. «Hamarkada gutxitan pasatu gara gorputzak gordetzetik, ez erakustetik, gorputza erakusteko obligaziora. Gorputza naturala da, baina jendartean jasotzen dugu, umeek ere jasotzen dute, badaudela izaera batzuk beste batzuk baino hobeak, eta baten gorputza beste batena baino lehenago garatzen bada, edo beranduago, bati lehenengo ileak ateratzen zaizkio, zakila txikiagoa edo handiagoa du… Gure jendartea ez da oso malgua, ez da oso atsegina gorputz aniztasunarekin, baina gero eskatzen diegu umeei biluzteko kanpoan ezer gertatuko ez balitz bezala». Dioenez, pertsona nagusi batzuek ere ez dute nahi besteen aurrean edozein testuingurutan biluzik agertu, «beren arrazoiak dauzkate, eta aukera baldin badago, gortina edo ate baten atzean dutxatu nahiago dute. Igerilekuetako eta beste leku batzuetako aldageletan besteen aurrean biluzteko aukera dago, eta batzuek hori nahiago dute. Hori ere bada aniztasuna». Kontzientzia hori orain sortzen ari dela dio: «Orain arte beharbada biluztasunaren bultzatzaile porrokatuak izan gara-eta, naturaltasunaren izenean; edonola ere, hori ezin da behartuta egin, nahi dugulako baizik. Eta derrigortua sentitzea gogorra izan daiteke ume batzuentzat. Sentsibilitate hori azken urteotan sortzen ari da. Igeldo ikastetxean horri ere erreparatu diote». Bat dator Barquin komunetako ateetako ohiko seinaleak estereotipoetan oinarrituta daudela diotenekin, eta kontatu du behin taberna bateko komuneko ate batean tximeleta bat eta bestean kakalardo bat ikusita, alabek galdetu ziotela zeinetara sartu behar zuten, eta zergatik. «Seinaleek ere hezten dituzte umeak… eta helduak ere bai. Performatiboak dira nolabait, ezta?». Komunak, beraz, tradizionalki pertsonak sexuaren arabera bereizten dituen ikuskeraren isla dira. Hirugarren irudi bat dago, ordea, elbarriena, eta horretan ez dago sexuaren araberako banaketarik. «Elbarriak ez dira pertsona sexuatuak –dio Barquinek–, gure jendartean sexualitaterik gabeko pertsonak dira; beraz, berdin da nora sartzen diren. Normalean supergeneroa dago, gizona, eta gero besteak: emakumeak, umeak, aniztasun funtzionala dutenak; nolabait leku bat gizonentzat da eta bestea periferiarentzat. Horri ere buelta bat eman behar zaio, ez?». Huhezin, ahal izan den heinean aulki gurpildunetan dabiltzanen komuna besteekin batera integratu da. Eskailerak dauden lekuan ez, baina besteetan bai. Beste elementu batzuk ere kontuan izan dituzte; esate baterako, komun ontziak dauden tokietako batean konketa bat egotea, emakume batek hilekoa baldin badu, edo kopa menstruala garbitu behar badu, intimitatean egin ahal izateko, gune partekatuan egin beharrean. Barquinen ustez, hemendik aurrera eraikitzen edo zaharberritzen diren eraikinetan horrelako eta bestelako gauzak pentsatu behar dira. Hezkuntza guneak Hezkuntza espazioan komun ez-binarizatua izateak mezu indartsua daramala dio: «Hemen pertsonak gara, ez neskak, ez mutilak, ez duzu zertan zeure burua sailkatu komunera zoazen bakoitzean, eta gainera ez duzu arriskurik izango. Trantsizioa egiten ari diren pertsonentzat komunak beti izan dira leku arriskutsua, ez batean ez bestean onartuak ez diren lekua. Gutxienez pertsona guztiek komunera lasai joateko aukera izan behar dute, hezkuntza espazioetan eta guztietan, baina has gaitezen hezkuntza espazioetan». Izan ere, komunaz ari gara aldi oro, baina ageriko sinbolorik gabe ere, espazio gehienak birpentsatu beharko liratekeela uste du Barquinek. Eta beste espazioak, patioak-eta, oraindik erronka dira ikastetxe askotan. «Oso esperientzia politak egiten ari direla ikusi dugu, baina ez dira egun batetik besterakoak. Prozesu konplexuak dira, inertziak handiak dira, baita kanpotik datozen eraginak ere. Patio batzuk futbol zelai bat dira, eta handiak badira, futbol zelai batzuk, ertzetan neskak eta futbolean mutilak; orduan, ez da erraza pilota kentzea. Komunarena ez da hain konplexua, obra txiki bat eginda ulertuko dute hori komuna dela eta kito, baina patioan gertatzen diren gauzak jendarteak oso eraginda daude». Ikastetxeetan oraindik genero segregazioa gertatzen dela dio: «Zeren arabera elkartzen dira neskak alde batetik eta mutilak beste batetik? Hori jendartetik dator, eta eskolari badagokio horretan eragitea, beste bide batzuk eskaintzea eta bultzatzea. Ez derrigortzea, baina gutxienez eskaini eta bultzatzea. Ikastetxe batzuek badituzte esperientzia politak eta haiengandik ikas daiteke, ez dugu beti zertan zerotik hasi eta dena asmatu». Oiartzunen «Komun komunak» ekimena bultzatu zuten, «sistema binarioan oinarritzen ez diren eta sexuaren arabera bereizten ez duten komunen aldeko apustua» Amelia Barquin Huheziko irakaslearen ustez, baldintza hauek bete behar dituzte komunek: seguruak, garbiak eta ez-binarioak izan behar dute, eta intimitatea bermatu behar dute Ageriko sinbolorik gabe ere, espazio gehienak birpentsatu beharko liratekeela uste du Barquinek. Beste espazioak, patioak-eta, oraindik erronka dira ikastetxe askotan Gasteizko Ramon Bajo ikastetxean, komunak aldatzeko garaian, irizpide nagusi bati jarraitu zioten lehenik: genero bereizketarik ez egitea, batez ere ume txikiak aintzat hartuta