2020 URR. 03 Sare sozialak informazio iturri? Itziar Aldabe Arregi UPV/EHUko Donostiako Informatika Fakultateko ikertzailea Ez erabili sare sozialak informazio iturri gisa! Sare sozialak lagunekin hitz egiteko eta katuen argazkiak argitaratzeko erabili». 2020ko irailaren 22tik 26ra, gomendio sistemen ikerketa, sistema eta tekniken emaitza berriak aurkezteko nazioarteko foro nagusiaren barruan, Filippo Menczer katedradunak egindako baieztapenak dira. Azken hamar urteetan, bere ikerketa laborategian egindako esperimentuetan lortutako emaitzetan oinarrituta egin zituen hitzok. Informazio okerraren online hedapena aztertzea, sare sozialetako manipulazioa detektatzea eta manipulazio horri aurre egiteko tresnak garatzea helburu duten esperimentuak egin izan dira bertan. Lau arrazoi nagusi aurkeztu zituen sare sozialek pertsonok manipulazioaren aurrean zaurgarri egiten gaituztela baieztatzeko: manipulazioa, plataformen isuria (platform bias), gehiegizko informazioa eta oihartzun-ganberak (echo chamber). Oihartzun-ganberak sistema itxi baten barruan komunikazioaren eta errepikapenaren bitartez iritziak anplifikatzeko edo indartzeko eta gezurtapenetatik isolatzeko egoera baten deskribapen metaforikoa dira. Sare sozialek, polarizatutako eta segregatutako oihartzun-ganberen agerpena bizkortu dezakete. Izan ere, sare sozialetan ditugun lagunen eraginak eta gure antzeko ideiak edota interesak ez dituztenen lagunak ez izateak talde segregatu eta polarizatuetan amaitzea dakar. Sare sozialetan aurkitzen den gehiegizko informazioaren eraginez, litekeena da sinesgarritasun gutxiko informazioa fidagarria dena baino errazago hedatzea, biralki zabaltzeagatik. Bot-ekin egindako esperimentu batean ikusi zuten moduan, eduki popularren eta kalitatearen artean korrelazioa dagoen arren, gehiegizko informazioa dagoenean, kalitate gutxiko informazioa izango da errazago hedatuko dena. Plataformek populartasuna kalitate seinale moduan erabiltzen dute, gizartearen jakinduriaren ideian oinarrituta baitaude: pertsona askok zerbait partekatzen badute, zerbait ona duen seinale. Plataformek seinale horiek aztertzen dituzte eta, pertsona askok, bereziki gure sareetako kide askok, eduki bera partekatzen badute, litekeena da guk eduki hori ikustea. Baina horrek zaurgarri bihurtzen gaitu informazio ez-zuzenaren aurrean: albiste bat askotan partekatzen bada edo beste pertsona batzuei asko gustatzen bazaie, berri hori gehiagotan partekatzeko joera izaten dugu, nahiz eta sinesgarritasun baxuko albiste bat izan. Halaber, segur aski ez dugu informazioa egiaztatuko. Sarean informazioaren manipulazioa izaten da askotan helburua, eta, horretarako, bot-ak, kontu ez-autentikoak edo automatizatutako kontuak erabiltzen dira informazio desegokia hedatzeko. Bot-ek kontu ez-autentikoak eragin handiko kontuetara bideratzen dituzte, bertan nahi duten informazioa zabaltzeko. Modu berean, informazio desegokiaren hedatzea anplifikatzen dute: zabaltzearen lehen hamar segundoetan arreta jartzen badugu, Twitterren esaterako, birtxio gehienak kontu automatizatuetatik datozela ikusten da. Aldi berean, sinesgarritasun baxuko albisteen bertsioak neurtzen badira, pertsonok bot-etatik datorren okerreko informazioa partekatzen dugula ikusten da Menczerren arabera. Hala ere, ez dira bot-ak eta automatizatutako kontuak kalteak sor ditzaketen bakarrak: koordinatutako kanpainen bitartez, badira entitateak ere antzeko kontuak kudeatzen dituztenak beraiek nahi duten informazioa zabaltzeko eta hedatze horri probetxua ateratzeko. Laburbilduz, isuri kognitibo sozialaren eta algoritmikoaren arteko interakzioak desinformazioaren aurrean zaurgarri bihurtzen gaitu. Are, bot sozialek eta koordinatutako kanpainek ahultasun hori ustiatzeko ahalmena dute. Informazioaren zabalpen sareak aztertzeko tresnak eskura izateak, informazioaren manipulazioa ulertzen, eta horri aurre egiten, lagun gaitzake. Horretan dabiltza, hain zuzen, Menczer eta kideak. •