2020 URR. 10 Elkarrizketa Jordi Cortes Molina Koreografoa eta dantzaria «Gorputzaren politika aldarrikatzen dut; gorputz mota asko daude eta denak dira baliagarriak» 30 urteko lan ibilbidea du. Kiakahart eta Alta Realitat elkarteen sortzaile eta zuzendari artistikoa, baita Liant La Troca dantza kolektibo integratuarena ere. Amagoia Mujika Telleria Dantzari eta koreografo katalanak gorputzean adina elastikotasun dauka begiradan. Horregatik, askok mugak ikusten dituzten tokian gaitasunak ikusteko moduko begirada malgua eta zorrotza garatu du. Bartzelonako Institut del Teatre zentroan jaso zuen formakuntza eta Londresen hamarkada luzea eman zuen hango dantza konpainietan lanean. Bartzelonara bueltan, garbi zeukan bideari jarraitu zion, senak aginduta. Dantza integratuan edo inklusiboan buru-belarri sartuta dabil 2011. urteaz geroztik, Liant La Troca dantza kolektiboarekin. Dibertsitate funtzionala duten pertsonez osatua dago nagusiki, adin guztietako dantzariez, kontatu nahi dituzten tristurak eta pozak dantzaren hizkuntzan kontatzeko gaitasuna garatu duten sortzaileak denak. Duela aste pare bat Errenterian izan da ikastaro bat eskaintzen. Nola iritsi zinen dantza integratu edo inklusibora? Londresen izan nuen lehen harremana. Bertan eman nituen hamar urte dantza konpainia batean. Eta nire dantza konpainia horren bidez ezagutu nituen Londresen une horretan dantza integratuaren alorrean aitzindariak ziren sortzaileak. Bizkarrezurra puskatu zuen dantzari bat zen konpainiaren arduraduna. Astebetez dantza tailer bat zuzentzera bidali ninduten konpainia horretara. Nik ez nekien zer topatuko nuen. Iristean, gurpil aulkian zeuden bi lagun, hankarik ez zuen mutil gazte bat eta beste hiruzpalau dantzari topatu nituen. Hasieran sekulako izua sentitu nuen. «Zer egingo dut nik hemen?». Baina aurrera egin beharra zegoela erabaki nuen eta tailerra hasi nuen aukera zailenetik. Hankarik ez zuen mutilarekin hasi nintzen klasea sortzen. Probak eginez, nire zalantzak disimulatuz eraman nuen aurrera astebeteko tailerra. Niretzat sekulako esperientzia izan zen. Aste hartan burua ireki zitzaidan erabat. Oso aberasgarria izan zen; giro paregabea sortu eta sorkuntzaren ikuspuntutik basatia izan zen, sekulakoa. 1993-1994 urteen inguruan zen. Eta zure konpainiara bueltatu zinen. Bai. Handik denbora batera berriz bidali ninduten beste tailer bat egitera. Kasu horretan, mendekotasunak eta arazo psikiatrikoak zituen jendearekin lan egiten zuen terapeuta batekin batera aritu behar nuen, Londres kanpoaldeko ospitale batean. Dibertsitate intelektualak eta psikologikoak zituen jendearekin lan egitea sekulakoa izan zen, baina zirrara handia eragin zidan. Muturreko egoerak bizi zituen jendea zen eta gogoratzen naiz iluntzean etxera iritsi eta negar egiten nuela. Esperientzia hark gogor astindu ninduen. Baina konturatu nintzen zein garrantzitsua den hurbiltasunetik lan egitea. Hurbiltasun fisikoa oso gaizki zeraman jendea zegoen talde hartan, begiratuarekin bakarrik ez gerturatzeko adierazten zuena, baina lortzen bazenuen benetan eskua heltzea pertsona horiei, energia negatibo hori guztia desegin egiten zen. Basatia zen. Hitzik gabe komunikatzeko modu bat da, azalaren eta energiaren bitartez. Hori ikasi nuen esperientzia hartan. Eta Bartzelonara bueltatu zinen esperientzia horiek motxilan hartuta. Bai, Londresen 11 urte eman eta gero, Bartzelonara bueltatu nintzen 2001. urtean. Laguna nuen Venezuelako dantzari batekin hasi nintzen lanean. Hiesaren ondorioz itsu geratu zen lagun hori, hilzorian egon zen bitan eta fisikoki oso ahul zegoen. Dantzaren mundutik erretiratuta zegoen eta buruan sartu zitzaidan berarekin proiektu bat egin behar nuela. Baiezkoa eman zidan eta “De Cara” izeneko proiektua egin genuen. Bera zen protagonistetako bat, bere esperientziaren berri ematen zuen, dantza egiten zuen… Proiektuak harrera ona izan zuen. Denak erretiratutzat jotzen zuten pertsona bat oholtza gainean indartsu eta ahaldunduta ikustea sekulakoa izan zen. Proiektu horren arrakasta ikusita eta nire senari jarraituz, bide horretan segitu nahi nuela erabaki nuen. Londresko Candoco dantza integratuko konpainiako Adam Benjamin gonbidatu nuen. Laguna dut. Eta dantza integratuaren inguruan bi astetako tailer trinko bat antolatu genuen. Azkenean Estatuko eta kanpoko jendea animatu zen, batzuk dibertsitatearekin eta beste batzuk ez, eta 30 bat laguneko taldea sortu genuen. Bi aste horietan argia ikusi genuen. Harrituta geratu ginen bi aste horietan sortu zen konexioarekin eta magiarekin. Eta nire bidea hori zela erabaki nuen. Eta talde bat sortu zenuen Bartzelonan. Bai. 2011. urtean tailer hartan parte hartzen aritu ginen zenbaitek talde bat sortu genuen, Liant La Troca. Hasiera batean astean behin elkartzen ginen eta orain, berriz, egunero elkartzen gara urte osoan. Abuztuan bakarrik hartzen dugu atseden. Era guztietako dibertsitatea duen jendeak parte hartzen du konpainian, itsuek, gurpil aulkian daudenek, esklerosia dutenek, garun paralisia dutenek… Adin guztietako jendea elkartzen gara, denak elkarrekin, ez dut mailarik bereizten. Dantza egiteko eta sortzeko elkartzen gara eta ikasturte amaieran lan bat eskaintzen dugu jendaurrean. Katartikoa da. Zuk dibertsitate funtzionala daukan jendea ikustean, trabak ikusi beharrean gaitasunak ikusten dituzu. Mugak beharrean, aukerak. Bai, baina inoiz ez dut mugarik ikusi. Dibertsitate funtzionalaren aurrean, nire ezjakintasuna eta ezagutza gabezia izan dira sentitu ditudan mugak. Eta jakin-mina sortu izan dit beti egoera horrek: Zer egin dezakegu zuk eta biok elkarrekin? Nola dantzatu dezakegu elkarrekin? Zer sortu dezakegu? Pertsona horren gaitasunak ikusten ditut eta gaitasun horiek nola bultzatu ditzakedan pentsatzen jartzen naiz. Bada teorian gaitasun guztiak dituen jendea ezer sortzeko gai ez dena, potentzialtasunik ez daukana, gorputz perfektu hori barrutik hutsa balego bezala. Eta alderantziz noski, dibertsitatea duen jende askok sekulako gaitasunak dauzka. Niretzat bakarrak dira, errepikaezinak. Hori da ikusten dudana. Baina kontziente zara zure begirada hori ez dela ohikoena. Normalean jendeak dibertsitatea ikusten duenean mugak ikusten ditu. Bai, baina askotan ez delako begirada hori aldatzeko ahaleginik egiten. Gure taldean badugu garun paralisia daukan emakume bat, oso azkarra dena eta unibertsitate mailako ikasketak dituena. Hitz egitea kostatu egiten zaio. Monologo bat dauka, oholtzara ateratzen da eta hitzen inguruan hitz egiten du. Jendeak entzuteko eta ulertzeko denborarik ez duela hartzen esaten du monologoan. Behin, entsegu bat ikusi ondoren, antzerki zuzendari batek esan zidan ez ziola ezer ulertzen monologoa egiten zuenari. Nik erantzun nion ez ziola ulertzen ez zuelako ahaleginik egiten, oso azeleratuta zegoelako eta oso azkar hitz egiten duen jendearekin ohituta zegoelako. Esan nion ez zuela hartu monologo hura ulertzeko denborarik. Monologoaren emanaldiaren egunean barkamen eske etorri zitzaidan antzerki zuzendari hori. Dena ulertu ziola esan zidan. Noski, eseri egin zen, erlaxatu eta monologoa entzuteko denbora hartu zuen. Orduan bai ari zen entzuten. Dantzaren munduan gorputz perfektuekin aspertu egin zinela irakurri izan dizut. Bai, dantzan estetika bat bilatzen da, teknika bat, marra bat, forma bat. Batzuetan perfekzio hori edukiz hutsa dagoela iruditzen zait. Ni dantzan dagoeneko adin batekin hasi nintzen eta hasieratik arrazoi bat, eduki bat, helburu bat topatzen saiatu naiz, hori baita mugitzen eta hunkitzen nauena. Bilaketa horrek markatu du nire ibilbidea betidanik. Eta nire tailerretara gerturatzen direnak bide horretan sumatzen ditu; esateko, askatzeko, kontatzeko zerbait daukagu –mamuak, beldurrak, blokeoak, poesia– eta hori dantzaren bidez egin nahi dugu. Horregatik estetika edo perfekzioa lehenesten diren lanetatik eta konpainiatatik urrunxeago ibili naiz. Tailer edo ikastaro bat eskaintzen duzunean, zein da helburua? Helburua da ahalik eta erreminta gehien eskaintzea norberak bere ahotsa topa dezan. Gorputzaren bidez agertzen den ahotsari buruz ari naiz. Horrez gain, gorputz desberdinak ezagutu eta baloratzeko bidea eskaini nahi dut, denak baliagarriak baitira. Gorputzaren politika aldarrikatzen dut; gorputz mota asko daude eta denak dira baliagarriak. Batzuetan, baita dantzan ere, gorputzaren diktadura ematen da eta horren kontra egin behar da. Neroni konturatzen ari naiz horrekin. Dagoeneko badaukat adin bat eta lesioak izan ditut eta nire gorputzak muga gehiago dauzka orain. Baina horrek aukera eman dit ditudan gaitasunak indartzeko eta baita beste gaitasun batzuez jabetzeko ere. Adibidez, istripu baten ondorioz min hartu nuen belaunean. Justu lan bat estreinatu behar genuen eta nire pertsonaiak egon egin behar zuen, presentzia estetiko bat balitz bezala. Emanaldiak bi orduko iraupena zuen, eta egon egin behar nuen. Eta primeran pasatzen nuen, oso interesgarria zen. Dantzari bikote basati bat zegoen eta ni haien inguruan zebilen mamu baten antzekoa. Baina hori, adibidez, istripu baten ondorioz izan zen. Muga batek nire gaitasun batez jabetzen lagundu zidan; egoten eta energia beste modu batera lantzen lagundu zidan. Gurpil aulkian dagoen emakume gazte bati entzun diot: «Istripua izan ondoren, nire terapeutak esan zidan kontaktu fisikoa izango zela gehien faltan sumatuko nuena. Jendeak ez duela ukitzen gurpil aulkian doana. Arrazoia zuen» Egia da hori. Kalean bertan, gurpil aulkian dagoen norbaitengana gerturatzen gara normalean laguntza eskaintzeko, bidea pasatzen laguntzeko adibidez. Baina aulkia ukitzen dugu, ez pertsona bera. Gure tailerretan egoera gogorrak ikusi ditut. Kontaktu fisikoa asko bultzatzen dugu gure dantzetan eta gertatu zait jendea negarrez hastea ukitzen duzunean. «Ni soilik ukitzen naute garbitzeko, oheratzen laguntzeko, jaten emateko, ohetik altxatzen laguntzeko. Inoiz ez naute ukitzen ukitu nahi nautelako». Sekulakoa. Benetan hunkigarria da niretzat kontaktu fisikoaren bitartez hainbeste gauza esnaraztea. Dantza integratuak intentzio artistikoa ere badauka, ezta? Bai. Niretzat egiten dudan guztiak helburu artistikoa dauka. Are gehiago, gure taldeetatik artistak sortzea bultzatzen dut. Eta sortu dira. Mugimendu handia dago eta dibertsitatea duten sortzaileak han eta hemen ari dira lanean. Benetan mugimendu interesgarria sortzen ari da. Dantza integratua sekulako ahalduntze ariketa bat da. Eta zer-nolako eragina dauka ikuslearengan? Oso interesgarria da sortzen duen gogoeta. Niretzat garrantzitsua da egiten duguna jendaurrean jartzea, egiten duguna ikusaraztea. Eta gehien gustatzen zaidan agertokia kalea da. Antzoki batean egiten duzunean dantza integratua, jendeak badaki espresuki zer ikustera doan eta nolabait begirada baldintzatua daramate. Kalean dantza inklusiboko emanaldi bat topatzen duzunean, ez duzu espero, ez dakizu zer topatuko duzun eta ematen den txokea interesgarriagoa da. Haurren erreakzioa, adibidez, sekulakoa izaten da. Galderak egiten dituzte, normalean helduak egiten ausartzen ez diren galderak. Osasuntsua da galdetzea, ukitzea, jakin-mina asetzea. Horixe da nik egiten dudana nire tailerretan; gerturatu eta dibertsitatea daukan pertsona ezagutzeko ahalegina egin. Egungo eskaintzan tokia topatzen ez duten nerabeentzat jarduera fisikoa egiteko aukera erakargarriak sortzeko proiektua Bizipoza, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Artaziak lehen aldiz elkartu eta “Ari! Sormena eta Mugimendua” proiektua jarri dute martxan. Kezka baten bueltan elkartu dira hiru eragileak: 12 urtetik aurrerako gazteek nabarmen galtzen dute jarduera fisikoa egiteko interesa. «Adin horretatik aurrera egiten zaien kirol eskaintzak maiz ez du bat egiten beraien motibazioekin, edota inguruko kirol elkarteetako jarduerak ez zaizkie batere erakargarri egiten, normalean eskaintza horiek lehiara bideratuta egoten baitira eta neskak eta mutilak bereizten baitituzte. Era berean, dibertsitate funtzionala duten gazte askok ez daukate eskaintza alternatiborik, espazio ludiko inklusiboetan ekintzak egin eta esperientziak partekatzeko», azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek. “Ari! Sormena eta Mugimendua” proiektuak gorputzarekin, arteekin eta mugimenduarekin lotutako ekimen berritzaile bat sortzea du helburu, izaera inklusiboa eta genero ikuspegia izango duena, 12 eta 21 urte bitarteko gazteei zuzendua. Nolabait, egungo eskaintzan tokia topatzen ez dutenei eskaintza erakargarri bat egitea da helburua. «Nerabeetan jarri nahi dugu begirada batez ere. Aldaketa garaia da nerabezaroa eta garrantzitsua da jarduera fisikoa egiteko espazio irekiak eta libreak eskaintzea», esan dute bultzatzaileek. «Lehiaketatik kanpo, esperimentatzeko eta norbere burua topatzeko tokiak eskaini nahi ditugu. Eta onena litzateke egungo eskaintzaren osagarri izatea aukera berri horiek. Badago lehiaketan edo egungo eskaintzan tokia topatzen ez duenik. Haientzat tokirik ez egoteak ez du zertan esan nahi jarduera fisikoa egiteari utzi behar diotenik, ezta? Goazen aukerak sortzera», gaineratu dute. Genero ikuspegia eta gizarte inklusioa zutoin gisara jarrita, proiektuak metodologia bat sortu nahi du. Horretarako jarduera pilotu bat jarri du martxan, bide berriak nondik eta nola ireki daitezkeen hausnartzeko. Etorkizunera begira jarduera pilotu hori Gipuzkoako udalerri guztietara zabaltzea da asmoa, herri guztietako gaztetxoek jarduera fisikoari lotuta jarraitzeko modu erakargarria izan dezaten. Proiektu pilotua programazio modulu bat sortzean datza. «Hiru hilabeteko iraupena izango du eta progresiboki, modu dibertigarrian, elkar heziz, kooperatuz eta inklusiotik, gizartean dagoen behar bati erantzuteko proposamena osatuko da, dibertsitatean arreta jarriz», adierazi dute sustatzaileek. Ekimen horren bitartez kalitatezko ariketa fisikorako aukera bermatu nahi zaie egungo kirol eskaintzetara egokitzen ez diren pertsonei. Proiektuak helburu garrantzitsuak dauzka; «parte hartzaileen ongizate psikofisikoa sustatzea, gaitasun motorrak hobetzea, talde komunikaziorako aukerak zabaltzea eta adierazpen bideak erraztea artearen eta mugimenduaren bitartez». Era berean, euskararen erabilpena eta genero ikuspegia proiektua zeharkatuko duten lerro indartsuak izango dira. Proiektu pilotua hiru urratsetan gauzatuko da. Lehenengoa duela aste pare bat garatu zen; Jordi Cortes koreografo eta sortzaileak gidatutako dantza inklusiboaren inguruko ikastaro trinkoa. Tailer teoriko-praktikoa Errenteriako Dantzagunean eskaini zuen sortzaileak eta harrera oso ona izan zuen. «Gizarte eremuekin eta mugimenduarekin lotura duten pertsonei zuzenduta zegoen; ezberdintasunetik, bestearen berezitasunetik, sortzera gonbidatuz». Bigarren pausoa hamar saio praktiko izango dira, gehienez jota 12 lagunez osaturiko talde mistoarekin. «12 eta 21 urte bitarteko gaitasun anitzeko gazte horiek, sormen laborategi gisa pentsatutako gunean mugimenduarekin eta gorputzarekin lotutako dinamikak landuko dituzte», adierazi dute. Proiektuaren hirugarren atalean material pedagogikoa sortuko da, aplikatu den metodologia jaso eta proiektua errepikatzeko aukera ahalbidetuko duena. Proiektua Irizarrek eta Orona Fundazioak babestu dute eta Errenteriako Dantzagunearen laguntza izan du. «Era guztietako dibertsitatea duen jendeak parte hartzen du konpainian: itsuek, gurpil aulkian daudenek, esklerosia dutenek, garun paralisia dutenek… Adin guztietako jendea» «Dibertsitate funtzionalaren aurrean, nire ezjakintasuna eta ezagutza gabezia izan dira sentitu ditudan mugak. Jakin-mina sortu izan dit beti: Zer egin dezakegu zuk eta biok elkarrekin?» «Helburua da ahalik eta erreminta gehien eskaintzea norberak bere ahotsa topa dezan; gorputzaren bidez agertzen den ahotsa. Horrez gain, gorputz desberdinak ezagutu eta baloratzeko bidea eskaini nahi dut»