2020 URR. 17 Elkarrizketa Mikel Reparaz Nazioarteko kazetaria «Donald Trump Barack Obamaren, lehen presidente beltzaren, ondorioa da» Mende laurden darama nazioarteko kazetari, eta AEBetako jendartearen arrakalak aztertzen dituen «Las grietas de América» liburua argitaratu du. Azaroaren 3an hauteskundeak dira han, eta Trump berriro irabazteko gai omen da. Andoni Urbistondo Mikel Reparazek mende laurden darama kazetaritzan (Arbizu, Nafarroa, 44 urte). Mikel Ayestaran ikaskidearekin hara eta hona bidaiatzen hasi zen (Ayestaran EITBko Ekialde Hurbileko berriemaile da egun), eta idazteko ohitura bazuenez, nazioarteko kazetari bilakatu zen. Lau kontinentetan ibili da kontalari, zenbait txoko arriskutsuak oso: Georgiaren eta Errusiaren arteko gerra, Afganistango muga irailaren 11ko Dorre Bikietako erasoaren ondoren, Libia… Ez du, dena den, gerra kazetaritzat jotzen bere burua. Lanbide adiktiboa omen hori, baina esparru zabalagoetan kokatzen du bere jarduna: gatazka sozialak, hauteskundeak, bake prozesuak… Bilboko EITBko egoitzan egiten du lana egun, nazioarteko gaiak koordinatzen. “Las grietas de América” liburua argitaratu berri du (Ediciones Peninsula), AEBetako jendarteko gatazkak hizpide dituen kontakizuna. Laster AEBetara bueltatuko da, EITBn azaroaren 3ko hauteskundeak kontatzeko. Prentsa idatzian, irratian eta telebistan aritua zara, orain «Las Grietas de América» liburua argitaratu duzu. Nolatan? Ikus-entzunezko komunikabideetan pieza gehienak minutu edo minutu eta erdikoak dira. Pieza horietatik kanpo milaka eta milaka datu eta istorio geratzen dira, inon kontatu ezin dituzunak. Niretzat obsesio bat izan da, AEBetan bost urtez korrespontsal izanda, zenbat kontu geratu zaizkidan zintzilik. EITBn halako dokumental luzeak egin izan ditut, Pablo Ibarrena heriotzaren korridorean, adibidez, eta nire hasierako asmoa halako dokumental sail bat egitea zen. Ez da posible izan, eta azkenean liburuan jasota geratu dira eguneroko zurrunbiloak irentsitako hainbat kontu. Zer moduzko esperientzia izan da liburua idaztea? Gogorra. Bi urte luze eman ditut. Bigarren edizioa ere salgai dago dagoeneko. Jendeak gustuko duela dirudi. Liburuak AEBetako gizartearen erradiografia du ardatz. Bost urte egin zenituen han korrespontsal. Esperientzia ona? Oso ona, bai sendiarentzat (emaztea eta bi seme ditu), baita profesionalki ere. Urte oparoak izan dira. Pertsonalki gauza politak bizi izan nituen, adibidez Kuba, Raul Castro eta Obama administrazioaren arteko harremanak, AEBek Kuban enbaxada jarri zutenean, Guantanamon egon nintzen, Alaskan inuitekin klima aldaketari buruzko erreportajeak egiten… 50 estatuak bisitatu nituen, eta bidaia horietan bizitakoa islatzen da liburuan. Zergatik sortzen du halako lilura berezia AEBetako gizarteak gugan? Munduko demokraziarik zaharrena da, baina zure liburuan agerikoa denez, inperfekzio asko dituena ere bai. Hegemonia kultural baten ondorioz. Kulturalki AEBetako satelite bat gara, gustatu edo ez. Azken hamarkadetan AEBek hegemonia ekonomiko, politiko eta kulturala izan dute Mendebaldean, eta gu Mendebalde horretako parte garen heinean orbita horretan izan gara. Dena den, ez dakigu AEBak nolakoak diren benetan. Liburuarekin nazio hari buruz eduki dezakegun irudia desmitifikatu nahi izan dut, baina ez erretratu ilun edo txar soil bat eginez. AEBetan gauza onenak egiteko gai dira, baina baita txarrenak ere. Aspaldiko gatazka historiko bat dute han, gatazka politiko konpondu gabea, eta horrek gizartea, politika, ekonomia… Dena baldintzatzen du. Ze irudi dugu gurean AEBei buruz, eta zer irudi ekarri zenuen zuk etxera bueltan? Han nintzela aurrejuzgu pilo bat aldatu zitzaizkidan AEBekiko. Txarrak eta onak. Europatik hango gizarteari lente europarretik begiratzen diogu, baina han bizi behar da bertako balore, printzipio eta aniztasunaz jabetzeko. Ez dauka batere zerikusirik Appalache mendietako estatubatuar batek, deep south-eko batekin (hego sakona), edota Kaliforniako kostaldeko beste batekin. Colin Woodarden “American Nations” liburuan Europatik AEBetara iritsitako hainbat kulturak AEBetako egitura politiko eta soziala nola baldintzatzen duten azaltzen du ondo. New Yorkek Herbehereetako eragina dauka, New Amsterdam izan zen, merkatariek eraikitako herria. Mid-West (Mendebalde Erdia) eta Appalacheak Irlanda eta Eskoziako iheslari politikoek bereganatutako lurrak izan ziren, gerra odoltsuetatik zetozen zeltak, eta horrek azaltzen du eskualde horretan indarkeria, armak erabiltzeko dagoen joera. Mississippi, Alabama eta Lousiana aldean, berriz, britainiar esklabista eta jauntxo latifundistek Karibetik kultura zehatz bat ekarri zuten, botere handiko aristokrazia eta familia aberatsak sortzeko. Herrialdea askotarikoa da zinez. Indigenak ikusezin bilakatu zituzten, baina bi Dakotetan (Ipar eta Hego Dakota estatuak) edo Arizonan, Navajo edo Hopi herriekin, oso garrantzitsuak dira natiboak. Egun hango jendarteko arrakalak oso sakonak dira. Zergatik? Gehienek hasieratik irauten dute, britainiarrengandik independizatu ziren garaitik, XVIII. mendean. Egun, arrakalak inoizko sakonenak dira, eta liburuak arrakala horiek nondik datozen, eta azken urteetan hainbeste zergatik sakondu diren azaltzea du asmoa. Sakondu bada Obamaren eta Trumpen arteko trantsizio garaian izan da, AEBetako une historiko traumatikoenetako bat. Obamarekin zergatik? Ba gehiengoa den populazio zuriak presidente beltz bat politika antiamerikarrak egiten ari zela pentsatzen zuelako. Zuriek euren nagusitasuna arriskuan ikusi zuten, horrek zirkuitulabur bat eragin zuen, eta talde supremazisten sorrera bikoiztu. Hasieran isilpean aritu ziren. Trump azaldu zenean kalera irten ziren. Arrazakeriaren arrakala al da garrantzitsuena? Oso serioa da. Black Lives Matter (“beltzen bizitzak inportanteak dira”) mugimenduaren bitartez indartu da, baina ez da azken urteetako kontua. Eskubide zibilen borroka ez zen sortu Trumpen aurka, Obamaren garaikoa da. Polizia gehiegikerien aurka sortutakoa da, eta batez ere sakelako telefonoekin dena argitara atera zen unetik. Ikusten ez genituen gauzak ikusten hasi ginen 2012-2013 inguruan. Poliziak gazte beltzak nola hiltzen zituen, alegia. Hor sortu zen Black Lives Matter. Horrek azaltzen du nola Trump Obamaren ondorioa den, neurri batean. Lehen presidente beltzak sortutako egoeraren ondorioa da Trump. Kwame Rose liburuko protagonista nagusietako batek, argi esaten du: «Obama da gerta zekigukeen gauzarik txarrena». Eta Rose bera beltza da… Bai, Black Lives Matter mugimenduko aurpegi ezagunenetakoa Baltimore estatuan. Obama ez dute asko maite beltzek… Ez. Batzuek ironia gehiagorekin aipatzen dute, besteek ironiarik gabe. Obamarekin esperantza handia zutela zioten. Bere lehen lau urteetan hope (“esperantza”) eta yes we can (“ahal dugu”) gisako leloak oso ezagunak egin ziren. Denok sinetsi genituen, baina bigarren lau urtekoan Obamaren ospea jaitsi egin zen, eta gutxiengoa den komunitate beltzak ikusi zuen Obamaren promesak ez zirela bete, eta batez ere, ez zirela beteko. Eskubide zibilen gaian, pobrezian, lanpostuetan, poliziaren gehiegikerien aferan… Suzko armen kontrola ere ez zuen ukitu… Hor komunitate beltzaren haserrea piztu zen. 2008ko Obamaren diskurtsoa bizi izan nuen Chicagon aurrez aurre, eta hunkitu egin nintzen. Han ginen kazetariok uste genuen gatazka sozial eta politikoa, arrazakeria bukatu egingo zela, baina ez zen hala izan. Horregatik esaten dute Kwame Rosek eta bera bezalako askok Trump izan dela gerta zekiekeen gauzarik onena, behingoz supremazismo zuriaren benetako aurpegia ikusi dutelako, maskararik gabe. Obamak ez zuen egin, ez zioten utzi… Zer gertatu zen benetan, zein da zure iritzia? Hori da benetako galdera. Promesak zergatik ez zituen bete? AEBetako sistema politikoa oso sistema presidentzialista da, baina Kongresuak kontrol handia dauka. Check and balance ereduak funtzionatzen du, botere banaketak, eta presidenteak ezin du nahi duen guztia egin. Armen kontrolaren gaian, adibidez. Kongresuaren oztopoa gabe ere Obamak badu puntu ilunik. Trump ikusten dugu immigrazioaren aurkako presidente bezala, baina Obama bera izan da, historia osoan, immigrazio alorrean, etorkin gehien deportatu duen presidentea. Bi milioi eta erdi Mexikora, non agintari federalek haurrak uzten zituzten mugaren bestaldean, gurasorik gabe, eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek hartzen zituzten, umezurtz zeudela. Nik neuk nire begiekin ikusitako egoera da hori, eta Obamak agindu zuen. Zer esan atzerriko gerrei buruz. Drone bidezko bonbardaketak nonahi agindu zituen… Arrazakeria ekonomikoa ere badago. Mailaketa ekonomikoan, bizi baldintzen sailkapenean arrazak eragin handia dauka. Biztanlerian gero eta aniztasun handiagoa dago, latino kopurua ere gorantz doa azkar, eta aldaketa demografikoa etorriko da pixkanaka, baina oraindik hamarretik zazpi zuriak dira. Supremazismo zuriaren erreakzioa hortik dator neurri handi batean, hegemonia, nagusitasun hori galtzeko beldur baitira. Ezberdintasun sozialak handiak dira. AEBak munduko herrialderik kapitalistena da, eta kapitalismoak pobrezia behar du. AEBetan 60 milioi pertsona pobre daude. Proportzioan, noski, beltzak askoz pobreagoak dira. Bereziki deigarria da liburuan kontatzen duzun Tulsa (Oklahoma) hiriko pasadizoa, non zuri supremazistek auzo beltz aberats bat bonbardatu zuten, zuri horiek euren nagusitasuna arriskuan ikusi zutelako. Nire bidaietako aurkikuntzarik garrantzitsuena nagusitasun zuriaren arrastoak nonahi topa ditzakezula da. “Black Wall Street”, Tulsako Greenwood auzoko istorioa, adibidez. Gernikako bonbardaketak du historialarientzat populazio zibilaren aurkako lehena izatearen sona, baina Tulsan, 1921ean, auzo beltz aberats oso bat deuseztatu zuten bonbekin, eta Gernikakoa baino hamasei urte lehenago. Polizia indarkeria, inpunitatea ere bada liburuko ardatzetako bat. Datu hau ikaragarria da: hamarkada batean 11.000 hildako eragin ditu polizia indarkeriak, eta 26 polizia soilik zigortu dituzte. Bunker batean babestua dago polizia. George Floyd belaunaz ito zuen Derek Chauvin polizia bere etxean dago orain milioi bateko fidantza ordainduta. Dirutza hori, gainera, poliziaren lankideek jarriko zuten, hura laguntzeko, errugabea dela sinetsita. Beltzei beldurra die poliziak. Bai, hori hala da. Beltz gazte bat, bere txanoarekin janzten dena… Hainbat poliziarekin hitz egin nuen liburua osatzeko, eta euren erantzuna da beldurra dietela. Niretzat askatutako esklaboari zaion beldurra da, “Django Unchained” pelikulan ikusten den moduan, mendeku historiko bat. Poliziek tiro egiten dute lehen aukera gisa, eurak tirokatuak izateko beldurra dutelako. Beldur hori, neurri batean justifikatua dago, AEBetan gizakiak adina su arma daudelako, baina Polizia nahieran aritzen da. Mintza gaitezen arraza eta gatazka politikoaren jatorriaz. Historikoa omen, AEBetako demokrazia sortu zenekoa, 1776an. AEBen sorrera ikaragarrizko aurrerapausoa izan zen munduan, haren atzetik beste demokrazia guztiak etorri zirelako. Thomas Jefferson eta George Washington pentsalari apartak izan ziren, baina jauntxo esklabistak ziren. Ekonomiaren oinarria esklaboen ustiaketa zen, eta jendartea esklabismo horretan, bertan bizi ziren indigenen genozidioan oinarrituta eraiki zen. Horrek zanpatutako gutxiengo bat sortu zuen, eta egun gutxiengo hori hor dago. Demokrazia berri hark halako armiarma sare sendo bat eraiki zuen zurien nagusitasuna mantentzeko, eta sare hori hausteko hamaika ahalegin egon badira ere, beti birsortzen da. Esklabotza desagerrarazi zuen Abraham Lincolnek, baina ondoren bereizketa edo segregazio politikak etorri ziren. Roosevelten New Deal-aren ostean, macarthysmoa etorri zen, eta eskubide zibilen konkistaren ondoren, Nixonen urteak. Obama etorri zen eta ondoren Trump. Beti gertatu da ziklikoki: zurien nagusitasuna ardatz duen armiarma sare hori hausteko aurrerapausoren bat ematen denean, bi atzera ematen dira ondoren. Eta ez dirudi armiarma sarea hautsiko denik, nagusitasun zuri hori boterearen egitura guztietan baitago: Wall Streeten, Hollywooden, polizian, espetxeetan… Justiziak, sistema berak babesten du supremazismo zuria. Eta Trump presidente, 2016an. Askok pentsatu genuen arlote ahobero bat zela, baina guztiz kontrakoa diozu. Ez da ezjakin bat. Gutxietsi egin dugu, denek. Oso abila da, batez ere komunikazioan, eta hori gaurko politika munduan funtsezkoa da. Orain ere, bere gaixotasuna, covidarekin, zirku mediatiko bilakatu du, bere onerako. Trumpek hauteskundeak galdu zituen 2016an, boto kopuruan, baina AEBetan botoak baino estatu mailako diputatu banaketak, electoral college sistema delakoak, erabakitzen du presidentea. Presidente izan nahi duenak non irabazi behar duen jakin behar du, eta Trumpek bazekien. Beharrezko zituen boto emaileak mobilizatzen jakin zuen, biztanleria zuriaren haserrea kanalizatzen. Obama Care osasun politikak, 2008ko krisia, enpresen deslokalizaziotik eratorritako haserrea… Frantzian Le Penekin gertatu zen efektu bera izan zen, Pas-de-Calais edo Marseilla bezalako gotorleku komunista asko eskuin muturreko bilakatu zirela. Zergatik du hainbeste jarraitzaile? Steve Bannonek berreskuratutako The Know Nothings mugimenduari tiraka, kultura zuri kontserbadorea bateratu du Trumpek, eta estatu kolpe demokratikoa eman zuen alderdi errepublikanoan. Alderdia bereganatu eta belaunikarazi zuen, eta hori ez du inork inoiz lortu. Ekonomiaren konfiantza ere lortu zuen, Wall Streetena, petrolio eta gasaren lobbyena, eta horrek konfiantza eman zion merkatuetan. Haren 58 milioi bozkatzaileetako batzuk arrazistak dira, baina denak ez dira ergelak. Ez, ezin da halako eskema sinplerik egin. Arrazista ez dena gehiengoa dela esango nuke. Akaso denak nazionalistak direla esango nuke. Alegia, herritar denek, zuriek eta beltzek aukera berberak dituztela defendatzen dute, konstituzioak estatubatuar denak babesten dituela. Praktikan, baina, hori ez da horrela. Inkestek diote Joe Biden hautagai demokratak 10 puntuko abantaila duela, hauteskundeak egiteko bi aste pasatxo falta direla. Sinesgarritasunik ematen diezu inkestei? Bai, eta garbi daukat bototan Bidenek irabaziko duela, baina inkesta nazionalek ez dute ezertarako balio. AEBetan estatu gorriak daude, errepublikanoak, eta estatu urdinak, demokratak. Gorri horietan Bidenek ez du aukerarik, izan Idaho edo Oklahoma, eta Trumpek ez du aukerarik New York edo Kalifornian. Orduan, giltza swing state deituek dute, estatu erabakigarriek: Pennsylvania, Florida, Ipar Carolina, Wisconsin, Michigan, Arizona, Ohio… Horietan irabaztea da funtsezkoa. Estatu horietako inkestek diotenari begiratu behar zaio. Biden doa aurretik, baina Trump hurbiltzen ari zaio, eta joerak oso garrantzitsuak dira. Apusturen bat egin beharko bazenu, nork irabaziko du? Zaila, auskalo! Ez nintzateke harrituko Trumpek berriro irabaziko balu. Biden edo Trump egon, zuk aipatutako hainbat gatazka horiek indarrean jarraituko dute luze, ezta? Bai. Alderdi Demokrata aldatzen ari da apurka. Ezkerrak gero eta pisu handiagoa du, gazteen bultzadaz. Hor agertu dira Alexandria Ocasio-Cortez, Bernie Sanders bera, baina aipatu dugun armiarma sarea haustea oso zaila da. «Esklabotza desagerrarazi ondoren, segregazio politikak etorri ziren. Roosevelten ‘New Deal’-aren ostean, macarthysmoa, eta eskubide zibilen konkistaren ondoren, Nixonen urteak. Obamaren ondoren, Trump» «Niretzat obsesio bat izan da; AEBetan bost urtez berriemaile izanda, zenbait kontu geratu zitzaizkidan zintzilik. Azkenean liburuan jasota geratu dira eguneroko zurrunbiloak irentsitako hainbat kontu» «Ezkerrak gero eta pisu handiagoa dauka, gazteen bultzadaz. Hor agertu dira Alexandria Ocasio-Cortez, Bernie Sanders bera, baina aipatu dugun armiarma sarea haustea oso zaila da»