GAUR8 - mila leiho zabalik

Esandakoa irentsi behar


Pasa den igandean, Bolivian, hautetsontziek astindu ederra eman zioten Hego Amerikako oreka geoestrategikoari. Evo Morales presidente ohia Argentinan erbesteratuta egonagatik, haren alderdiak, MASek, (Sozialismorantzako Mugimendua) gehiengo zabal batez irabazi zituen presidentetzarako bozketak. Garaipenak hauspoa eman die kontinenteko proiektu ezkertiarrei, zapuztu egin du duela urtebete andetar herrialdeko oligarkia ultrakontserbadoreek AEBen babesarekin emandako estatu kolpea, eta isilarazi egin ditu orduan kolpistei baldintzarik gabeko babesa eman zieten hamaika ahots. Orain, hauteskundeek Moralesen gobernu ohiaren zilegitasuna berretsi dutenean, askok, baita Euskal Herrian ere, esandakoak irentsi beharko dituzte.

2019ko azaroan Jeanine Añez presidente interino kolpistak, Biblia eskuan eta Bibliaren izenean Boliviako presidentetza aldarrikatuz, bere burua izendatu zuenean, Europan eskuinetik eskuin muturrerainoko indarrek lelo berbera errepikatu zuten aho batez: hilabete lehenago herrialdeko zuzendaritza MASeko buruari eman zioten hauteskundeak iruzurra izan ziren, eta estatu kolpea normaltasunerako itzulera. Voxeko Hermann Tertschek «demokraziarako aldaketa» txalotu zuen Europako Parlamentuan, eta ultraeskuindarren tesiekin lerrokatuz PNVko Izaskun Bilbaok ere «hauteskunde iruzurra» leporatu zion Moralesi mintegi berean.

Ez da lehenengo aldia jeltzaleek, hemen demokrazia irakasgaiak ematen dituztenek, nazioarteko foroetan jarrera atzerakoienekin bat egiten dutena. Hamaika aldiz daukagu ikusita; besteak beste, Venezuelako Juan Guaidori onespena eta harrera egin diotenean; euskal armagintzako enpresen eta Saudi Arabiaren arteko merkataritza harremanak zuritu dituztenean; edo Jerusalem Ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotuko dituen apartheid tranbia babestu dutenean, bertan Beasaingo CAF enpresak esku hartzea duelako. Demokrata katamaloa badaramate ere, euren atzerriko politikek argi uzten dute lubakiko zein aldetan dauden.

Oraingo honetan, Boliviako bozketek nor bere lekuan jarri dute, eta batzuk popa bistan eta esandakoa irentsi beharrean. •