GAUR8 - mila leiho zabalik

Kolore bat baino gehiago


Neskatila hark maiz eramaten zituen irakasleen oharrak etxera. «Gehiegi hitz egiten du». Azken ilaratik lehenengora aldatua izan zen sarri, bazterrak nahasten zituelakoan. Berritsua, oso berritsua. Diziplina apur bat bereganatu zuenean, hitzak paperean biltzen hasi zen. Idazteari ekin zion, ezin gelditu zezakeen jarioan. Poesia, istorio laburrak, burutazioak, krisiak, maite-minak. «Istorioak kontatu nahi ditut». Hitz zehatz baten faltan, halaxe azaldu zien gurasoei zer izan nahi zuen handitan. «Kazetaria izan nahi duzu?». Galdera hartan eman zion forma etorkizunari.

Bizipen asko eta urte mordo bat ondoren, neskatila emakume eginda, istorioak kontatzen segitzen du, modu profesionalean, ofizioz. Eta afizioz.

Egunero informatzeko erantzukizuna, libre, iritzia sustatu eta kalitatezko edukiak sortu. Erronka izugarria da, eta horretan datza bere edertasuna. Istorio bat bilatu, erpinak aztertu, buelta bat eman eta irakurleekin konpartitu. Zeren horrek guztiak ze zentzu du beste aldean inor ez badago?

Eta gurean, beste alde horretan, komunitate oso bat dago, sostengatu eta hauspotu gaituena GARA egunkariari dagokion gorria bueltatzeko. Kolore batek bere baitan biltzen duena asko da. Mundu bat. Bagoaz aurrera. “Barrualde” honetatik berritsua izateagatik zigortzen zuten neskatila harengan pentsatzen. Berak istorioak baino ez zituen kontatu nahi. 10.000 esker zuetako bakoitzari. •