GAUR8 - mila leiho zabalik

Pornoaz


Zer da pornoa?». Galdera hori ahoan zutela etorri ziren 9 urteko haurrak. Bazekiten helduei ez zitzaiela hitz hori gustatzen, mugimendua sortzen duen hitza dela, baina ideiarik ez zer ote den. Urduri gaudenean ateratzen zaigun barrearekin zeuden, kitzikatuta, ai ene, zer ote da pornoa... Dirudienez, beste helduei galdetu zieten, baina inork ez zien erantzun zer zen, erantzun zuten bakarra: «hortaz ez dugu hitz egiten», «ez esan hitz hori», «pornoa ez da ona zuen adinekoentzat». Ez, ez eta ez. Ez da halako erreakzioa sortzen duen hitz bakarra, asko ditugu gure hiztegian: alua, zakila, txorta egin, larrua jo, mamada, masturbatzea, paja, 69... Helduok halako hitzak entzundakoan, zerbait gertatzen da barruan eta nahiago dugu korrika alde egin, halakoei erantzun baino. Zergatik?

Ez diegu pornoaz hitz egiten eta hitz eginez gero, ez ikusteko esaten diegu. Hori ez dela beraien adinetan ikusi behar, zikina dela, matxista dela, pornoaren erruz bortxaketak daudela... Ez diegu hitz egiten, kondenatu egiten dugu, besterik ez. Harreman erotikoez ez diegu hitz egiten, ez gara beraien aurrean subjektu erotiko bezala agertzen, guk ez dugu larrua jotzen, ez gara kitzikatzen, ez dugu gozatzen. Intimitatean gordetzen gara, ezkutatu, haurren “purutasuna” gordetze aldera, sexua zikina izango balitz bezala. Bakarrik uzten ditugu, eta bakarrik daudenean beraien bide propioak aurkitzen dituzte jakin nahi duten hori ezagutzeko.

Pantailaren garai hauetan, guztia aurki dezakegu, gero eta filtro gutxiagorekin, gero eta erraztasun handiagoarekin. Pantailaren beste aldean bizitzera bultzatzen ditugu, horretara behartu ia ia, eta gero kexatu egiten gara bertan ikusten dutena ez zaigulako ondo iruditzen... Hipokritak.

Zortea dutenek sexu hezkuntza jasotzen dute eskoletan, urtean lau ordu eta gustura geratzen gara horrekin, lixto, gure lana eginda egongo balitz bezala. Eta sentitzen dut, baina ez da nahikoa. Ez da nahikoa beraien interesak ez direlako ordu horietara mugatzen, beraiek ere subjektu sexuatuak direlako denbora guztian eta duten energia hori daramatelako gainean. Askotan ez dakite zer egin horrekin, nola ase, nola jokatu... eta horixe da helduon lana, erregulatzen erakutsi behar diegu. Baina ez da erregulatzen zigorretik, epaitik, jakintzatik baizik. Tresnak ematea da gure lana eta pantailak ematen badizkiegu, ondorio guztiekin egiten dugu. Ez dakit pornoa ona edo txarra den, baina eredutzat jotzen badugu, hor datoz gatazkak. Ikusten duguna eta errealitatearen artean izugarrizko saltoa dagoelako, pornoa fikzioa delako eta ez errealitatea. Baina ez badakite zer eta nolakoak diren pertsonen arteko jolas erotikoak, ikusten dutena sinetsiko dute.

Zer da pornoa? Pelikula mota bat, harreman erotikoak modu esplizituan erakusten dituena, aktoreek lan egiten dute, eszenak prestatu, postura eta praktika konkretuak adostuak eta antzeztuak dira, gorputz eredu jakin batzuk erakusten dituzte, nahiz eta orain nahi dituzun egoerak, gorputzak, praktikak topa ditzakezun, pornoan ere aniztasuna erakusten delako gaur egun, pornoa ere aldatu baita. Baina guztia fikzioa da, hori argi dago. Beraz, zer egin nahi dugu horrekin? Gure ardura hartzeko prest gaude edo pornoari errua botatzen jarraituko dugu? •