GAUR8 - mila leiho zabalik

Rondo Praw Kobiet


Manifestazioaren lehen zutabea interes handirik gabeko eraikin neoklasiko batetik abiatu da, baina lehen ministroaren egoitza da eta ulergarria da hautua. Aurrera jarraitu dute Ujazdowskie hiribidean barrena Piękna kalera iritsi arte. Ulica Piękna, “kale ederra” literalki, non oraindik zutik dirauten II. Mundu Gerra aurreko eraikin historiko batzuek. Kalean aurrera egitea Poloniako azken 75 urteetako arkitekturaren errepasoa egitea da: errealismo sozialistaren hastapenetako etxebizitza blokeak 7. eta 9. zenbakietan, mugimendu modernoaren bi adibide duin 16an eta 16B-an eta aro kapitalistako bulego-eraikin bana 18. eta 20. zenbakietan. Aurrera jarraitu dute manifestariek Konstituzio plazara iritsi arte. Gerraosteko hirigintza sozialista-errealistaren paradigma da plaza: eskala monumentala, arkitektura klasikoa eta harria. Eta neonezko argiak, horien artean bereziena agian Jan Mucharskiren “Siatkarka”, eskubaloi jokalari bat plazako 5. zenbakiaren gainean. Jende saldoak, emakumeak gehienak, Marszałkowska kalean gora egin du neonezko argiak atzean utzita.

Bigarren zutabea Gaztelu plazatik abiatu da, alde zaharreko sarrera naturaletik. Sinbolismo handiko plaza da, bertan dagoelako hiriburutza Krakoviatik Varsoviara eraman zuen Zygmunt III.a erregearen monumentua. Senatorska kale historikoa hartu dute, Opera Nazionalaren egoitza den Antzoki Handiaren paretik pasatuz. 1833an eraiki eta II. Mundu Gerraren ondoren berreraikitako antzoki neoklasikoan “Kameliadun dama” balleta ari dira ematen, Chopinen musikarekin, baina benetako ikuskizuna kalean dago, ez antzokian. Zutabea Marszałkowskara iritsi denean kalean behera jo dute manifestariek, eta parez pare dute orain Varsoviako skyline-a: Stalinen aginduz eraikitako Kulturaren eta Artearen Jauregiak agintzen du oraindik, baina lehiakideak erruz ugaritu zaizkio azken urteotan. Azkena, Norman Fosterren Varso Tower, Europar Batasuneko etxe orratzik altuena: nork alokatuko dituen oso garbi ez dudan milaka metro karratu bulego.

Mendebaldetik dator hirugarren zutabea, Zabiszy plazatik hain zuzen. Egiari zor, biribilgune honi plaza deitzea onbera xamarra da, baina nor gara gu, biribilguneen txapeldunok, halakorik kritikatzeko. Bertan dago Sobieski hotela, 90eko hamarkadako parranda kapitalistaren produktu zen arkitektura postmodernoaren ikur nagusia, Wrocławeko Sopol eraikinarekin batera. Kariño pixka bat badiot, aitortuko dut, 1989-1995 seiurtekoa «amesgaizto arkitektonikoa» izendatu zutela jakin nuenetik. Ondo-ondoan du gainera Warszawa Ochota tren geltoki ederra, paraboloide hiperboliko formadun estalkia duen hormigoi eta beirazko harribitxia. Manifestariek aurrera jarraitu dute, ekialderantz, Jerozolimskie hiribide aski desoladorean barrena, erdialdera iritsi eta beste zutabeekin bat egin duten arte, Rondo Dmowskiegon.

XX. mende hasierako politikari ultraeskuindar baten izena darama plazak, baina izena aldatzeko proposamena mahai gainean dago: Rondo Praw Kobiet edo «Emakumeen Eskubideen Plaza». Abortua are gehiago murrizten duen legearen kontrako greba eguna amaitzen ari da eta protesten ikurra ikus daiteke Kulturaren eta Artearen Jauregiaren fatxadan proiektatuta. Manifestariek etxera itzultzeko hartuko dituzten tranbien pantailetan mezu bat: «Emakumeak, zuekin gaude». •