GAUR8 - mila leiho zabalik

Galdetu Ertzaintzari


Euskadi Egun on/Buenos días»-eko Boletin Ofizialak, «El Correo» egunkariak, herritarroi gure eskubideen zerrenda zehatza eskaini digu azken asteotan. Nork eta ertzaintzak aginduta. Nik uste nuen legeen eta dekretuen garapena administrazioak egiten zuela. Eta legediaren interpretazioa, zalantzarik izatekotan, epaileek. Are gehiago, pandemia larri baten testuinguruan, esango nuke osasun arloko profesionalek eta gaixotasunen hedapenaz zerbait dakiten ikerlariek zer egin, nola egin eta zer ekidin zehazten jakingo dutela.

Baina ez, bizi garen autonomia erkidegoan, hori guztia Ertzaintzak egiten du. Agian despistatu xamar ibiliko naiz baina barne formazioko ikastaro batean parte hartzaile gehienak kutsatzea lortu duten tipo batzuk ez dut uste egokienak direnik pandemia batean zer egin daitekeen eta zer ez zehazteko. Kontuak kontu, Ertzaintzak erabakitzen du zer egin dezakegun eta zer ez. Ertzaintza da legearen interpretatzaile eta, aldi berean, kaleak kontrolatu eta zigorrak ezartzen dituena. Hain zuzen ere, horixe bera da estatu polizialaren definizioa. Urkulluk estatu poliziala ezarri du. Horrekin ez dut esan nahi pandemia estatu poliziala ezartzeko aitzakia denik baina bai gure buruzagi autonomikoei hori egitea besterik ez zaiela okurritu. A bai, eta beste behin hezkuntzako eta osasungintzako langileak mespretxatzea. Hori jendilajea.

Aste berean, Eusko Legebiltzarrak alokairuak arautuko dituen lege autonomikoa egiteko aukera baztertu du. Izan ere, espainiar parlamentuan alor horri lotutako legea prestatzen ari dira. Agian hobe dugu espainiar legea langile prekarizatuentzat, familia umilentzat eta gazteentzat onuragarria izan dadin errezatzea. Begitantzen zait Eusko Jaurlaritzak, zalantzarik izanez gero, Ertzaintzari eskatuko diola alokairuen inguruko aholkua eta ikusirik kataluniar polizia autonomikoak zein iritzi plazaratu duen etxebizitza eskubidearen inguruan, dardarka jartzekoa da panorama.

Eta panoramaz ari naizela, nago ni erregimen autonomikoa bereziki eredugarria dela pentsamendu intelektuala garatzeko oztopo gisa. Rajoy estiloa nagusitzen ari da, hots, tautologiekin hitz egitekoa. Logikoki akatsik gabeko esaldiak, eztabaida oro ekiditen dutenak. «Zain gaitezen guztiok, guztiok zain gaitezen», hori lehendakariaren mezua ostalaritza ixteko aginduarekin batera.

Baina EHUko errektorea aukeratzeko hauteskundeak badatoz eta hautagai bakarrak ere ez du atzean geratu nahi. “Berria”-n eta GARAn aurreko asteburuan eskainitako elkarrizketetan, Rajoy estiloaren ikasle aurreratua dela erakutsi du eta, erakusgarri, bi perla: «Unibertsitateari 2020ko ikuspegitik begiratzea tokatzen zait niri» (badaki behintzat zein urtetan gauden) eta «Unibertsitate publikoa unibertsitate publiko gisa tratatu behar da» (tomatxa!). Unibertsitatea arautzen duen legearen erreformari buruz, aldiz, berari ez dagokiola gai horren inguruko iritzirik ematea dio. Ertzaintzak babes gaitzala.

Post scriptum: Voxeko arabar parlamentariak “Patria” oparitu dio lehendakariari. Aurreko zutabe batean defendatu nuen nobela, zerbait izatekotan, biziki kontserbadorea dela. Ez gaitzatela kontuarekin gehiago aspertu munduko hiritar espainiarrek… •