GAUR8 - mila leiho zabalik

Politikariak, teknikariak,herritarrak (eta robotak)


Orri hauetan ziurtatu berri du Santiago Niño-Becerra ekonomialariak hamarkada gutxiren bueltan erabaki politikoak «aditu taldeek» hartuko dituztela, eta, urrats bat haratago joanez, boza ematea desagertuko dela. Duela ez asko horrelako distopia irudikatzea sinestezina eta arbuiagarria egingo litzaioke edonori, baina egun, pandemiaren itolarrian, askok sinesgarri eta onargarritzat hartuko dutelakoan nago.

Demokraziaren muinaren suntsipena litzateke herritarrek hautatutako ordezkarien lekuan inork hautatzen ez dituen teknikariak (edo zertxobait geroago robotak?) agintari bilakatzea. Teknikaren helburua eraginkortasuna da baina eraginkortasun horren albo ondorioak politikatik baino ezin daitezke zuzendu. Ikusten ari gara: osasun krisiaren aurrean irizpide teknikoen arabera tabernak ixtea saihetsezina bada, ekimen politikoak arindu beharko luke tabernari horien egoera. Eta teknikak berriz martxoko konfinamendua aginduko balu, politikak leundu beharko luke, etxean gordetze horrek eragiten dituen giza kalteak arinduz. Kontuz teknikarien agindu itsuekin, baina adi zenbait politikariren miopiarekin ere.

Bide batez, galdera: nortzuk ari dira krisi honetan erabakiak hartzen? Politikariak ala teknikariak? Alde handia dago herrialde batzuen eta besteen artean. Covid-19aren hedapenaren inguruko lehen azalpen bikaina ez nion zientzialari bati entzun, Angela Merkel gobernuburuari baizik: bistan zen, ordea, politikariaren ahotik teknikaria mintzo zela. Estatu Batuetan, aldiz, Anthony Fauci epidemiologo burua tontotzat jo du Donald Trumpek: «Jendea nazka eginda dago berarekin». Madrilen, Pedro Sanchezen urratsak Fernando Simonen taldeak gidatzen dituela antzematen da; Parisen Emmanuel Macron dabil zirt-zart, itxuraz zientzialariei jaramon handirik egin gabe, ez garai txarretan ez eta garai onetan ere. Eta Euskal Herrian? Ezingo genuke ziurtasunez erantzun. Lakuak sortutako LABIren batzordean politikariek hartzen dute fokua: lehendakaria, ahaldun nagusiak, alkateak, Jonan Fernandez... EHUko testak gutxiestearen arrazoia ez genuen jakin udaberrian eta antigeno probak gutxiestearen arrazoia ez dakigu udazkenean, edota kutsatze kasuak non eta nola gertatzen diren ez ikertzearena. Hilabete batzuk igarota, teknikari bat jarri du Osakidetzak eledun, baina batzuetan ordezkari politiko gisa ari zela iruditu zait, tokiko konfinamenduei balioa kendu zienean, kasurako.

Pandemiaren eskutik zientziaren garrantzia berragertu zaigula, pisua hartu duela, ezin da ukatu. Nekez esan daiteke, ordea, politikak bere balio handia frogatu duenik. Eta herritarrak? Ezinbestean, gaitasun faltagatik, eztabaida zientifikotik at eta, joera txarren ondorioz, eztabaida politikotik kanpo, subjektu pasibo izatera kondenaturik zegoenean, ikusi gabeko protagonismo handia hartu du, salbuespen gutxi-gutxirekin ardura nabarmenaz jokatuz, elkar zainduz, sistemaren begi bistako zuloak ahalegin handiz estaliz, egoera larriari lasaitasun eta zentzu onez erantzunez...

Gobernantza eredu berri bat azkartuko al du honek guztiak, Niño-Becerrak uste bezala? Beharbada bai, zenbait joera gelditzea ez baita erraza, baina bitartean errealitateari adi: teknikari, politikari, bai eta roboten artean ere, oraindik bere burua gobernatzen onena herria dela ikusi eta berrikasi dugu. •