GAUR8 - mila leiho zabalik

CAF, gero eta estuago


Urtebete luze pasa da 2019ko abuztuan CAF enpresak Jerusalemgo tranbiaren bigarren lerroa eraikitzeko kontratua esleitu ziotela jakinarazi zuenetik. Ordurako, hamaika eragilek gaitzetsia zuten proiektu polemiko horretan parte hartzeko aukera; lehena, Beasaingo faktoriako langileen batzordea bera. Beharginen ordezkariek hilabete batzuk lehenago kaleratu zuten manifestua zeinean konpainiako zuzendaritzari proiektutik erretiratzeko eskatu eta nazioarteko legedia urratzen duen azpiegituraren eraikuntzan parte ez hartzeko borondatea azaldu zuten. Izan ere, trenbide horrek Jerusalem Ekialdean kokatutako koloniak hirigunearekin lotu eta azpiegitura iraunkor batez hornituko ditu ilegalki okupatutako eremuak; eta horrek talka egiten du, besteak beste, Genevako Itunarekin.

Urtebete luzean proiektua ezbaian jarri duten mugimendu asko gertatu dira. Sonatuenak Shapir eta Bank Hapoelim konprometitzen ditu, CAFen bazkideak trenbidea eraikiko duen enpresa partzuergoan. NBEk 2020ko otsailean kaleratu zuen Palestinako okupazioarekin aberasten diren enpresen zerrenda, eta bertan CAFen negozio kideak agertzen dira. Zerrenda datorren otsailean errebisatuko da eta presioak daude Beasaingo konpainia ere bertan ager dadin. Gainera, Euskal Herrian 75 gizarte eragilek baino gehiagok abian jarritako kanpaina mundu osora zabaldu da, besteak beste Norvegiara, non konpainia gipuzkoarra kontratu mamitsuak eskuratzeko lehian dabilen. Norvegiako Sindikatuen Konfederazioko zortzi sindikatu nagusiek kanpaina bat hasi dute CAFen aurkako boikota eskatzeko.

Urtebete luzean CAFeko zuzendaritzak ez entzunarena egin die zentzuz jokatu eta nazioarteko legediari men egin diezaion eskatzen dioten ahots guztiei. Euren harropuzkerian inpunitate osoa dutela pentsatu dute, baina zirkulua gero eta estuagoa da haien inguruan. Eta datorren azaroaren 28an horixe gogoraraziko diegu Euskal Herri osoan tokian tokiko mobilizazioetan. Oraindik garaiz daudela apartheidaren trenetik jaisteko. •