GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

HODEIEN ARTEAN MUNDUKO IGOGAILURIK ALTUENEAN


Kanpoaldean dagoen munduko igogailurik altuenak 326 metro ditu. Txinako Hunan probintziako Wulingyuan herrian dago kokatua, Zhangjiajieko parke naturalean hain zuzen ere. Gizon-emakume guztien ondare izendatu zuen eremua Unescok. Igogailuaren puntu gorenetik ikusten den paisaia ederrean inspiratu zen James Cameron zuzendaria 2009an “Avatar” pelikula egiteko. Bidaiak 88 segundo besterik ez du irauten. 2015. urtean “Guinness” errekorren liburuan sartu zuten. «Topografiak horrelako igogailu bat jartzea ahalbidetzen du. Lehen teleferiko bat zegoen, baina ez zen oso praktikoa. Edukiera gutxi zuen eta turistek asko itxaron behar zuten edo oinez egin behar zuten hiru orduko bidea», esan du Liu Jiek, igogailua kudeatzen duen enpresako zuzendariak. Egunero, 8.000 bat pertsonak erabiltzen dute igogailua. Joan-etorriak 16 euro balio du. Pandemiaren ondorioz, hodeien artean amets egin nahi duten bisitarien kopurua nabarmen jaitsi da.