2020 ABEN. 12 TOPIKOEN GAINETIK Bikingoei buruz jakin beharrekoak: glamourra, adarrik ez, munduari so... Bikingoen inguruan ugari dira topiko faltsuak, eta, ondorioz, baita erantzunik gabeko galderak ere, kasurako Europako iparraldeko herriak izendatzeko erabilitako izena bera. Gauza batzuk badakizkigu, ordea. Ez zuten kasko adardunik eramaten eta ondo janztea maite zuten. Asiaraino iritsi ziren eta kalamua maite zuten. Dabid Lazkanoiturburu Kultura popularrak bikingoei buruz ezarria duen irudia ez da batere mesedegarria: gudari gupidagabeak, lapurrak eta odolzaleak. Irudi hori gutxienez zalantzan jartzen dute bikingoei buruz jakin beharreko honako bost aipamen hauek. 1.-Nondik datorkie izena? Eztabaida dago izenaren inguruan, bikingoei buruzko hainbat mitorekin gertatzen den moduan. Antzinako eskandinavieran, bi eratan agertzen da izena: vikingr izenak “pertsona” adierazten du eta viking izenak, berriz, “eginkizuna”. «Eskandinaviarrek ez zuten viking hitzaz aurkezten beren burua, ez zen identitatea izendatzeko terminoa. Izen horrek ekimen bat azaltzen zuen, ‘eraso bat egitera irtetea’ edo ‘eraso batean parte hartzen zuena’», dio Jan Billek, bikingoetan aditua den arkeologia irakasleak. «Egun, ordea, viking erabiltzen da bikingoen aroko eskandinaviar oro izendatzeko» gaineratu du Osloko Itsasontzi Bikingoen Museoan kontserbazio lanetan diharduen irakasleak. Bikingoen aroa ez dago ondo zehaztuta, baina, oro har, VIII. mendearen erdialdetik XI. mendera bitartean kokatzen da. 2.-Kalamua eta Buda Egiten zituzten lapurretak eta arpilatzeak ahaztu gabe, bikingoak merkatari trebeak ziren eta harreman sare zabala osatu zuten Kaspiar itsasotik Groenlandiaraino. Adituen artean eztabaidak sortu arren, litekeena da bikingoak askoz ere urrunago iritsi izana, Ameriketara nahiz Asiara. Itsasontzi hilobietan –hiru ontzi daude ikusgai Osloko museoan, egoera zinez onean– aurkitu diren erlikiek erakusten dute bikingoek harreman oso oparoak zituztela. Esate baterako, kalamuaren haziak gordetzen zituen larruzko poltsa txiki bat atzeman zuten Osebergen lurperatutako bi emakumeren gorpuen artean. «Litekeena da haziak kontsumorako erabiltzea, baina posible da, halaber, botika moduan edota sokak eta zuntzak egin ahal izateko erabiltzea», dio Jan Billek. Bestalde, ekialdeko perlak eta arabiar txanponak ere atzeman dituzte beste zenbait aurkikuntzatan, gehienak zatituak, bikingoek ez baitzuten horien balio numerikoa kontuan hartzen, zilarrak eta beste metal preziatuek zuten pisua baizik. Suediako Helgo uhartean ere antzeko aurkikuntzak egin dituzte. 3.-«Drakkar», bai ala ez Bikingoen itsasontziak izendatzeko drakkar terminoak ere nahiko eztabaida sortzen ditu adituen artean. Batzuentzat ez da bikingoen arokoa, XIX. mendeko hitza baizik. Suediar modernoan erabiltzen den drake (pluralean, drakar) izenetik omen dator. Herensugea adierazten du, bikingoen itsasontziek brankan izaten zuten kondairazko aberearen irudia, hain zuzen. Hala ere, antzeko formak, berdin-berdinak ez baldin badira ere, badira iparraldeko antzinako hizkuntzan. «Zazpi kasutan aurkitu ditugu dreki edo drekar (pluralean) izena zuten itsasontziak bikingoen aroko olerkietan», gaineratu du Billek. «Ez zen hitz teknikoa, poetikoa baizik», dio. Drakkar izena izan ala beste edozein izen izan, aditu guztiak bat datoz bikingoen itsasontziak, hondo laukoak eta arraunez eta belaz mugituak, izugarri azkar eta malguak zirela; zingo txikiari esker itsasoan zein ibaietan nabigatzeko gai ziren. 4.-Itxura eta adarrak Komikietan bikingoak iletsuak dira, adarrak dituzten kaskoak buruan eta arropa zinez latzekin jantziak. Adituek, aitzitik, bikingoak nahiko apainak zirela diote. «Jantzi oso koloretsuak eramaten zituzten. Bitxiak eta apaingarriak maite zituzten», adierazi du Camilla Cecili Wen arkeologoak, Osloko Unibertsitatearen Historia Kulturaleko Museoko langileak. «Itxura zakarrarekin irudikatzen dituzte, baina itxura asko zaintzen zuten. Ilea eta bizarra garbitu eta orraztu egiten zituzten garaiko arau artistikoei jarraituz», gaineratu du. Eta kasko adarduna? «Garai erromantikoan sortu zen asmakizun modernoa», dio ziur Jan Billek. «Orain arte aurkitu diren bikingoen aroko eta lehenagoko kasko guztietan ez da adarrik ageri», azaldu du. “Errua” Carl Emil Doeplerrena da. Jantzi diseinatzailea zenak adarrekin aurkeztu zituen gerlarien kaskoak 1876. urtean “Nibelungoaren eraztuna” antzezteko, eskandinaviar mitologian oinarritutako Richard Wagnerren opera, hain zuzen. 5.-Osasun eske topa? Kondairek diotenez, bikingoei zor omen diegu topa egiteko ohitura. Katiluak bata bestearen kontra gogor kolpekatzen zituzten, edalontzietako garagardoa edo garai hartako ezti ura nahasi eta edaria pozoitu gabe zegoela ziurtatzeko. Orain arte ez da horrelakorik frogatu. Ez eta Bikingoek etsaien garezurra edalontzi gisa erabiltzen zutenik ere. Beste gezur bat, bikingoen inguruan ugaldu diren beste hainbaten artean.