2020 ABEN. 19 DAMAREN DOKUMENTALA Mari pertsonaia eta ikonoaren inguruko gogoetak bildu ditu «Anderea» lanak Nafarroan hiru emanaldi izan ditu Yolanda Mazkiaran altsasuarraren «Anderea» dokumentalak eta aretoak bete ondoren Euskal Herriko beste leku batzuetan eta kanpoan emanaldi gehiago egingo dira. Anbotoko Dama eta haren tradizioa hurbiletik ezagutu nahi dituenak hainbat adituren gogoetak aurkituko ditu bertan. Nerea Goti Euskal Herrian zaila izango da Mari pertsonaia mitologikoa ezagutzen ez duen norbait aurkitzea, baina norainoko ezaguera dago haren inguruan? Zer dago elezahar ugaritan arrastoa utzi, hainbat kobazulori izena eman eta gailur batetik bestera igarotzen irudikatu den pertsonaiaren atzean? Udazken honetan “Anderea” dokumentala estreinatu da publikoaren aurrean Nafarroan. Covid-19aren ondoriozko segurtasun mugak direla eta, lanaren aurkezpena edukiera ez oso handiko aretoetan egin da, baina guztietan berehala agortu dira sarrerak. Lehen emanaldia Nafarroako Filmotekan izan zen, urriaren hasieran. Hurrengo bi saioak, dokumentalaren egilearen herrian, Altsasuko Iortia kultur gunean, hain zuzen ere, euskaraz eta gazteleraz egindako emanaldi banarekin. Hiru emanaldietan, Mari pertsonaiaren jatorria eta mitoa jorratzen dituen dokumentalak aretoak bete zituen. Anbotoko Dama, Mari, Anderea... Mendez mende memoria kolektiboan gorde den figura hori nor den jakin nahi duenak hainbat adituren gogoetak aurkituko ditu 77 minutu irauten duen filmean. Euskal geografiako paisaia naturalen irudiek, gaiaren inguruko teatralizazioek eta euskal folklorearen adierazpenek josten dute euskal mitologiaren pertsonaia nagusia den figuraren inguruko irakurketa ezberdinek, hausnarketek, kontakizunek, istorioek eta ikonoa ulertzeko hainbat begiradak osatzen duten ibilbidea, ondorio amankomun batzuekin: Mari naturaren irudikapenaren sinboloa da, aurreindoeuropar herrietan ditu erroak eta indar handiko ikonoa behar du izan milaka urtetan zehar herri baten memorian bizirik irauteko. Txiletik eta Argentinatik deiak “Anderea” dokumentalaren aurkezpen xumeak oihartzuna izan du Euskal Herrian bertan eta gure mugetatik kanpo. Izan ere, Mazkiaranek kontatu duenez, batez ere Gipuzkoatik eta Bizkaitik dokumentala aurkezteko dei ugari jasotzen ari da, baina eskaerak ez dira hemengoak bakarrik, Txileko eta Argentinako euskal etxeek dokumentala ikusteko interesa baitute. Lana ez du, oraingoz, Interneten eskuragarri jarri nahi, sarean kontsumo azkarreko gauza gehiegi dagoela uste baitu, eta Mazkiaranek nahiago ditu hurbileko formatuko emanaldiak, publikoaren harrera gertutik ezagutzeko eta iritziak partekatzeko aukera izateko. Azaldu digunez, ahal den neurrian «ahozkotasunaren tradizioa» berreskuratu nahiko luke, sutondoan hobe, lana inspiratu duen pertsonaia inguratzen duen tradizioaren girotze horrekin bat eginez. Pantailetara heldu den “Anderea” urteetako lanaren emaitza da, eta Yolanda Mazkiaranek egin du prozesu osoa, hasieratik bukaeraraino. Lana, gainera, autofinantzatua izan da, eta ez laguntzarik eskatu ez duelako. Erakundeetara behin baino gehiagotan jo duela azaldu du, eta guztietan ezezkoa izan da erantzuna. Orain dokumentalak aretoak betetzen ditu, eta proiekzio gehiagotarako eskaerak ditu. «Erakundeei dokumentala ez zitzaien interesatu, baina proiektatu den guztietan sarrerak agortu dira eta leku gehiagotik deitzen ari dira, orduan horrek esan nahi du interesa egon badagoela», azaldu du Mazkiaranek. Dokumentala egiteko jasotako informazioaren artean atentzioa eman zion Mariren ikonoak barnebiltzen dituen bi energien inguruko irakurketak. Azaldu digunez, indarra eta adurra dira bi energia horiek; lehenak indar fisikoarekin du zerikusia, eta bigarrena barne indarrari lotuta dago, «ikusi ezin dena». Zuzendariaren ustez, barne energia hori, adurra, oso presente egon da lana aurrera atera eta oztopoak gainditzeko egin behar izan duen ahalegin pertsonalean. Jakin-mina txikitatik Anbotoko damaren pertsonaiak txikitatik elikatu dio jakin-mina Altsasuko zuzendariari. Aitak kontatutako eta irakurritako ipuin haien ondoren pertsonaiaren inguruko irakurketa sakonagoak etorri ziren. «Mari nor zen aztertu nuen memoria berpiztu nahian eta proiektua idazten hasi nintzen; hainbat lekutan aurkeztu nuen, baina bazirudien ez zitzaiola inori interesatu eta hala ere ikertzen jarraitu nuen, elkarrizketak egiten, egiteko beharra sentitzen nuelako», kontatu digu. Ikerketa sakon horretan aurkitu duenaz galdetuta, ikuspegi ugaritatik aztertu daitekeen pertsonaia eraikitzen joan dela nabarmendu du altsasuarrak, eta uste du ikonoaren izaerak eta adierazten dituen printzipioak erabat lotuta daudela euskal izaerarekin eta gaurkotasun handiko erronken inguruko jarrera ideologikoekin, batez ere ekologismoarekin eta feminismoarekin. Mari nor den lau hitzetan definitu behar izatekotan naturaren pertsonifikazioa dela esango luke Mazkiaranek, baina bere jatorriari eta ikonoari berari buruz hipotesi ugariko eremu zabala dagoela zehaztu du. «Oso antzinatik datorren figura bat da, eta Mariren inguruan hipotesi asko dago, baita kontraesanak ere». Mazkiaranen esanetan, ikertzaile batzuen ustez Erdi Arotik hona baino ezin da aztertu figura mitikoa, idatzizko testuetan oinarrituta, baina ahoz aho eraikitako Mariren itzala askoz zabalagoa dela uste du; ezin omen da ikonoaren aztarnaren jatorria zehaztasunez datatu, baina milaka urte atzera jotzen dute ikertzaile askok, zibilizazio zaharretara. Ahoz aho transmititutakoa «Mitoa ahoz aho transmititzen den kultura da eta testu idatzien aurretik tradizio zabal bat zegoen; transmititzen den kulturak ez dauka egile jakinik, herriaren jakinduria da», aipatu du mitoaren inguruan dauden irudikapen, uste eta hipotesien eremu zabalari buruz egiten den irakurketaz. Hori dela eta, Erdi Arora baino askoz atzerago joan diren ikerketetara jo du, eta Marija Guimbutas arkeologoaren aurkikuntzetan oinarritutako tesiak nabarmendu ditu. Europako antzinako zibilizazioak, emetasuna ardatz zuten herriak eta milaka venusen irudi, hilobi eta sinbolo aztertu dituen adituaren lanari erreparatu dio, Euskal Herriko beste aditu batzuen urratsei jarraituz. Dokumentalean, zenbait ikertzailek nabarmentzen dute milaka urtetan Europan, Kantauri itsasotik Siberiara doan eremu geografiko zabalean, hainbat herrik partekatu zuten unibertso sinbolikoaren garrantzia. Tradizio sinboliko horretan kokatzen dute Mariren inguruko sinesmenaren bilakaera bestelako eraginak eta erasoak jasan baditu ere, batez ere kristautasunaren iritsierarekin. Aditu batzuen ustez, milaka urte izan ditzakeen mitoa dago pertsonaiaren atzean. Josu Naberan euskal mitologiaren aztertzaileak Mariren figura Paleolitoan kokatzen du eta, mitologia konparatuan oinarrituta, beste mitologia batzuetan jainkoak gizonezkoak diren bitartean Euskal Herriko mitologiako figura nagusia, Mari, emakumea dela nabarmentzekoa dela uste du. Herri indoeuroparren inbasioen aurretik emakumea ardatz zuten zibilizazio baketsuen inguruko aurrekari hori jartzen du mahai gainean. «Zibilizazio haietan emakumeek sekulako garrantzia zuten, bizitza ematen dutenak direlako; herri bakezaleak ziren eta lur oparoetan eta komunitate handietan bizi ziren. Mendetan gerra ezagutu ez zuen zibilizazioa zen, eta nahiz eta ideiak apur bat fantastikoa dirudien, datuak daude, eta ikertzaile batzuek zibilizazio horretan kokatzen dute gure anderearen jatorria», adierazi du Mazkiaranek. «Elkarrizketatu ditudan aditu guztiak bat datoz; Mari euskal mitologiaren pertsonaia nagusia dela diote eta Mariren hainbat pertsonifikazio ezberdin daudela; Mari da osotasuna eta denak batzen dituena», azaldu digu zuzendari nafarrak. Lanak biltzen dituen ahotsen artean Toti Martinez de Lezea idazlearena dago, baina badira, halaber, beste aditu askoren kolaborazioak eta gogoetak dokumentalean: Josu Naberan bera, Jose Ramon Zubimendi idazlea, Juan Inazio Hartsuaga antropologian doktorea, Guillermo Piquero idazlea eta mitologia indigenatan aditua, Enrike Zelaia folklorean aditua, Ixabel Millet ipuin kontalaria, Felix Gerenabarrena edota Pello Zabala ezaguna. 1905eko gaupasa Batak eta besteak emandako informazioarekin Mariren figuraren inguruko datuak josten saiatu da Yolanda Mazkiaran irudien bidez. Pertsonaia inguratzen duten kontakizunak eta zenbait kondaira aipatzen dira dokumentalean. Horien artean, adibidez, Marik herensuge itxuran irudikatzen den Sugaar maitalearekin duen maitasun kartsuak eragiten dituen ekaitzak aipatzen ditu Toti Martinez de Lezeak, eta gogoratzen du kristautasunak eta judaismoak sugea demonizatu zuten bitartean, herririk zaharrenentzat sugea animalia fantastikoa zela, bere azala hilik suertatu gabe kentzeko ahalmena duen izaki bakarra baita. Sinesmena eta jainkosa gurtzearen tradizioa atzean geratu dira, baina ez oso urrun denboran. Horren harira, aipatu du 1905. urtean Altsasuko herri osoak «gaupasa» egin zuela Marik zerua nola zeharkatzen zuen ikusteko. «Egun ez daude sinesmen horiek, baina inkontziente kolektiboan edo memorian kontserbatu den figura bat da eta horrek esan nahi du sinbolo oso potentea izan dela, zeren sinbolorik potenteenek irauten dute mendez mende eta oraindik ez da desagertu pairatu dituen eraso guztiekin», gaineratu du zuzendariak. «Andere» dokumentalaren hurrengo emanaldiak patxadaz antolatu nahi ditu altsasuarrak, baina dataren bat zehaztuta dauka jada, hala nola otsailaren hasieran Donostiako Lugaritz kultur aretoan eskainiko duen emanaldia. JAINKOSATIK ANDRA MARIRA? Mitologia indigenekin antzekotasun asko ditu euskal mitologiak aditu batzuen ustez, eta tradizio sinboliko horietan emakumea zegoen erdigunean. “Anderea” dokumentalean bildutako gogoetek nabarmentzen dutenez kultura horien ardatz nagusia emakumeak ziren, bizitza ematen baitzuten, lurrak zentzu figuratiboan bizitza ematen duen bezala; hortik abiatuta, «Amalurra gorputz eta Mari arima» lotura irudikatzen zuten. Ezaguna da beste erlijio, kultura eta tradizio sinboliko batzuk saiatu zirela lehenagotik zeuden sinesmen horiek bereganatzen edo ezabatzen, eta, hain zuzen, hortik etor daiteke solstizioekin eta naturako beste prozesuekin zerikusia zuten jai paganoen kristautzea. Yolanda Mazkiaranek aipatu duenez, zenbait adituren esanetan ez da kasualitatea «Euskal Herrian, Andra Marirekin konektatuago» egotea. Mazkiaranen dokumentalean Mari ikonoaren jatorriaren inguruko hipotesiak azaltzen dituzte zenbait adituk eta erroak Europako zibilizaziorik zaharrenetan kokatzen dituzte Yolanda Mazkiaranen ustez, Mariren tradizioak loturak ditu egungo planetaren biziraupenaren aldeko borrokarekin eta bizitza erdigunean jartzea proposatzen duten filosofiekin