2020 ABEN. 26 Txinaren urtea Elkarrizketa Mikel Aramendi Nazioarteko gaietan aditua «Pandemiak agerian utzi du Mendebaldeak Txinarekiko duen nartzisismo arrazista» Urtearen bilakaerak Mendebaldean dugun nagusitza faltsuaren aurrean biluzik utzi gaituela uste du Aramendik. Eta txinatarren mespretxua, edo behintzat txinatartasuna, areagotu egin du. Jon URBE | FOKU Dabid Lazkanoiturburu Txinari buruz Mendebaldean dugun ezjakintasuna baino okerragoa da, Mikel Aramendirentzat (Itsasondo, 1955), hura ezagutzeko inolako asmorik ez edukitzea. GARAko kolaboratzaileak badaki, ordea, aurtengoa Txinaren urtea izan dela. Txinaren urtea edo aroa. Urte hasiera gogorra izan zuen Txinak koronabirusarekin. Amaierari begira, ordea, aurtengoa Txinaren urtea izan dela esan daiteke? Bai, gainera ezustean. Gatazka komertzialean su etena garatzen zuen ituna AEBekin sinatu zuen urtarrilaren 15erako abiatuta zegoen hasieran SARS antzeko gertakari lokala zirudiena. Hala ere, lehen momentutik Txina bera jabetzen da arazoa askozaz larriagoa dela, eta hori nabarmen ikusten da historian aurrekaririk ez duten eta hartzen dituen neurrietan. Txinak eta Asiako herrialdeek. Asiako erantzuna ez da izan sistema politiko-ekonomikoen ondorioa, baizik eta gizarteen egituraren ondorioa. Arazoa oso serio hartzen da lehen momentutik eta lehen olatua bertan geldiaraztea lortu zuten. Eta Mendebaldea? Mendebaldean kontrako fenomenoa gertatzen da. Horrek ez digula inondik ere eragingo pentsatzen dute, ezinezkoa dela: gure sistemak askozaz hobeak dira, osasungintza hobea dugu... Nola uler daiteke jarrera hori? Norbaitek deitu dio horri nartzisismo ideologikoa. Horren gainetik gaude gu garelako. Noski, gero etorri zen etorri dena, bere ondorio guztiekin, ekonomikoak, politiko-diplomatikoak... eta epe luzera izango ditu ondorioak munduaren eraketan. Txinan ekonomia aurten BPGren %1 edo %2 haziko da. Baina arazoak egon badaude, ezta? Noski, hasierako itxialdiaren kostu ekonomikoa ikaragarria izan zen, baina orain ematen du zifra positiboekin amaituko duela. Gutxiri gertatuko zaiena. Txinako ekonomia azkar erori eta oso azkar errekuperatu da, V forman, baina Mendebaldean ematen du gutxienez U edo L bat. Lehendik bazegoen joera bat Txinak AEBei lekua hartzeko. Tendentzia azeleratu egin da. Abendu honetan Txinak txirotasuna guztiz gainditutzat jo du, Maoren garaian gosearekin egin zuen moduan. Txinaren arazoak, onerako zein txarrerako, guk nekez ikus dezakegun eskala kontinental batekoak dira. Zaila da jakitea aurtengo urteak zer ondorio izango dituen Txinaren barne egitura ekonomikoan. Hor kokatzen da zirkulazio dualaren plangintza? Funtsean esan nahi du bi hanken gainean ibili beharko lukeela ekonomiak; orain arte batik bat ibili da kanpo esportazioen gainean haziz, eta asmoa da orain baita ere barne kontsumoaren eta ongizatearen gainean ibiltzea. Baina, noski, Txinaren aurtengo zifra onak esportazioei esker dira baita ere. Txinak munduko fabrika izaten jarraitzen du. Eta lehengo zangotik heltzen jarraitzen du. Baina arazoak daude. Alde batetik sistema kezkatuta dago jendeak oso gutxi kontsumitzen duelako. Bestetik, barne kontsumoaren aukera ikaragarri horrek izugarrizko problemak sortu behar ditu, Txinaren barruan urbanizazio prozesu erraldoia... Aldi berean, hamarkadetako politika demografikoen ondorioz gizartearen zahartze prozesua gehiagotuz doa, eta hori ere onbideratu nahiko luke sistemak, seme bakarraren politika kenduz eta bi utziz, baina ematen du jendea bera ere ez dagoela oso ugalketako tenorean. Beraz, problemak ikaragarriak dira, hori bai, oraingoz oparotasun moderatu baten problemak. Trump, Biden eta Txina... Iraunkorra da AEBek nolabaiteko gatazka ekonomiko batean jarraitu nahi dutela eta jarraitu beharko dutela Txinarekin. Duela 40 urte Txinarekin harremanak normalizatzen dituztenean, AEBek pentsatzen dute lan esku merke, formatu eta oso esanekoa eskuratzen zutela, besterik ez. Noski, Txinan beste kalkulu batzuk zeuden eta horien barruan egon da etengabeko transferentzia teknologikoa. Eta gaur egun Txina ekonomia eguneratu bat da alor askotan eta gauza batzuetan punta-puntakoa. Eta gainera ez da kasualitatea, baizik jomuga politiko eta ideologiko baten ondorioa. Trump tipo trauskila da eta hor joan da bete-betean Txinaren kontra. Gehienera lortu du Txinari nekazaritzako lehengai gehiago saltzea (artoa, soja..) eta praktikan lehengoan gaude. Bidenek bide horretatik jarraituko du baina doiago, Txinari benetan min egin diezaiokeen alorretan estutzen. Baina ez dago garbi zeintzuk izan daitezkeen ahuldade horiek. Huaweiri buruz ari zara? Estatu Batuek konpainia baten kontra dituzten baliabide guztiak erabilita ez dute oraingoz lortu porrotera eramatea. Egia da Huaweik Estatuaren babes nabarmena duela baina baita ere Txinako merkatuak berak bakarrik iraunarazten diola. Gero hor daude 5G-aren lehia, espazio lasterketa, finantzen alorra. Azken hori AEBen baratzea izan da baina epe ertain batean zalantzan aurkitu daiteke. Emaitza ikusteko dago, baina Bidenek gatazka bide horretatik jarraituko du. Puntu eta jarrai. Batzuk Gerra Hotz berriaren aurrean gaudela diote, eta aurrekoa baino latzagoa. Oinarriak desberdinak dira, Sobiet Batasunak marxismo-leninismoa ulertzen du ideologia global bat bezala. Txinak ez du inoiz, ezta Maoren garairik maoistenetan, horrelakorik eduki. Txinaren proiektu politikoak Txinan hasi eta amaitzen dira. «Txinatar ezaugarriekin» eranskina ez da unean uneko zerbait. Txinatartasuna eraikuntza ideologikoaren erdiko zutabea da. Horrek ondorio geoestrategiko erabatekoak dauzka. Txinak ez dauka interesik munduan zehar baseak edukitzeko, bere inguruan ezik. Bestetik, Txinak betidanik mantendu du Ameriketako Estatu Batuekin, nolabait, hiru bateko proportzioa gastu militarrean, heren bat, ekonomian egun kasik parekoak izanda. Zetaren bidea hor dago. Txinak bere garai historiko zaharren aldean daukana da lehengaiak behar dituela mundu guztikoak. Lehen bazuen autosufizientzia autarkiko baten kapazitatea, gaur egun inork ez duena. Kanporanzko kalkulu militar guztia hornikuntza hori babesteko izango litzateke. Estereotipoz josita gaude. Mendebaldea iraganaren morroi da, kolonialismoa... Azken finean nartzisismo hori arrazismoa baino ez da, arraza batek edo gizateriaren zati batek beretasunagatik baduela nagusi izateko patu bat. Hori da Txinarekin gertatzen ari den drama ideologikoa, mende askotan munduko lehen potentzia ez-zuri bat edo ez-europar bat izatera doala ez onartzea. Baina hori ez da batere berria munduaren historian. Txina izan da munduko lehen potentzia ekonomikoa eta politikoa eta euren ikuspuntutik ari da bueltatzen zegokion lekura. Hor kokatzen da Txinako «continuum» historikoa, konfuzionismoa mirestea? Herrialdearen ikuspegiko zutabe nagusiak arrotzak –berdintsu da kapitalismoa edo sozialismoa– edo aborigenak behar luketen debatea puri-purian dago Txinako buru grisen artean. Eta ez pentsa Mendebaldearekiko halako miresmen berezirik dagoenik. Gainera, Mendebaldearen pandemiaren kudeaketak eta AEBetako hauteskundeetan Trumpen inguruan sortu den anabasa horrek berretsi egin ditu mespretxu horretan. Mespretxu hori ezin da bilakatu nolabaiteko nartzisismo txinatar bat, autoritarismoan sakontzera eraman lezakeena? Horrek tradizio historiko handia edukiko luke gainera. Txinaren XIX. mendeko gainbeheran faktore garrantzitsua izan zen kanpotik etorri zitekeenaren abantailak eta onurak ikusteko gaitasun gabezia hori. Hala ere, ofizialki eta elitean badago halako apaltasunerako joera. Baina benetan Txina gainetik jartzen baldin bada eta jartzen denean horrek iraungo du? «Txinako Alderdi Komunistaren ideologia nagusia nazionalismo txinatarra da eta, hortik, gainerako guztiak instrumentalki ikusten ditu, beste horren helburuan»