2020 ABEN. 26 Oholtza atzekoak Elkarrizketa GORKA AGIRRE Teknikariok Sindikatuko bozeramailea «Uste dut sindikatuarekin mahai gainean kolpe bat eman eta esertzea lortu dugula» Covid-19ak eta batez ere aspaldi luzeko prekaritateak bat egitera eraman ditu ikuskizun eta ekitaldietako teknikariak, beren lanbidearen erregulazioa lortzeko. Juan Carlos RUIZ I FOKU Xabier Izaga Zuzeneko ikuskizunek oholtza gaineko jendea dakarte berehala burura; hala ere, artisten atzean jende asko dago ikuskizuna egin dadin. Gauza asko prestatu beharra dago: komunikazioa, soinua, argia, agertokia...eta horien inguruan 100 lan mota biltzen dira, Gorka Agirre soinu teknikari eta Teknikariok Sindikatuko bozeramaileak dioenez: denetariko teknikariak, laguntzaileak, azafatak, aretozainak, kultur kudeatzaileak, ekoizpen teknikoak, bandarekin doan gidaria, tour managerra... Baina hain sektore transbertsalean lan eginda, erregulaziorik gabe, erabateko prekaritatea dute egunerokoa. Kultura esparruko langileak zarete, baina ez zaituztete halakotzat hartzen. Kultura arloan lan egin duten asko konfinamendua etorri denean lanik gabe egon dira, baina legearen aurrean beste sektore bateko enpresa bateko langileak dira. Nola justifikatu dezakete ikuskizunetan lan egiten dutela eta ez daukatela ohiko lana egiterik? Ez da erraza labur-labur azaltzea, baina saiatuko naiz, hobeto ulertzeko zergatik esaten dugun kultura sektorearen gaitz endemikoa ondo egituratua ez egotea dela. Badaude enpresa asko, eta hemen oso finkatuak daudenak, Euskal Herriko Musika Bulegoan daudenak. Esate baterako, Musika Industria Elkartean (MIE) enpresa asko daude, eta batzuk ez daude kulturako Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazional (JESN) batean, baizik eta «beste jardueretan». JESN horiek ez daude ondo zedarrituta. Pandemia gertatu zenean, martxoan, alarma egoera deklaratu zuten eta jende asko, bai autonomo, bai soldatapeko, ez dituzte kulturako langiletzat aitortu, haien enpresak ez daudelako argi eta garbi kulturako JESN batean. Ni, adibidez, soinu teknikaria naiz, orain dela gutxitik soldatapekoa, baina autonomo gisa egin dut lan eta nire Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ) telekomunikazio arloaren barnean dago estrukturalki, ez kulturarenean, eta nik, besteak beste, zuzeneko ikuskizun eta ekitaldietan lan egiteko prestakuntza daukat, baina autonomo bezala ez daukagu JEZ bat zuzeneko ekitaldietan lan egiten dugula adierazi ahal izateko. Laguntzak jasotzeko traba ugari izan dituzue, beraz. Lanbideren 2,5 milioi euroko laguntza horrekin arazo asko egon dira. Zergatik hasieran %9k bakarrik eta azkenean %17k bakarrik lortu zuten laguntza hori eskuratzea? Esan dute askok ezin izan dutela egiaztatu kulturan lan egiten dutela eta diru sarreren galera handia izan dutela; alegia, “B” gisa edo arauz kanpo lan egiten dutela adierazi nahian. Nik ez diot ez dagoela horrela lan egin duen jenderik, kasuistika handia dago, baina uste dut nahiko larria dela Gobernuaren ordezkariak Parlamentuan esatea Lanbideko laguntzak ez hartzeko arrazoi nagusia jarduera ezin justifikatzea dela. Arazoa da autonomo horiek normalean telefonoz, whatsappez kontratatzen direla, eta ezin dutela erakutsi, esate baterako, udan jaialdiak egiteko kontratatu dituztela eta orain kontratu horiek bertan behera geratu direla. Kontratazio mota horrek prekaritatea dakar, eta behin-behineko kontratuek, gauza bera. Ekitaldi baterako kontratatu eta alta emango dizutela esan badizute, eta gero deitu badizute covida dela-eta bertan behera geratu dela, nola erakutsi diru sarrera hori ez duzula izan? Lanbiden gertatu zen, alde batetik, Eusko Jaurlaritzak pentsatzen zuela deskribatu dizkizudan langileok artista eta toreroen erregimenean kotizatu behar genuela Gizarte Segurantzan, eta hori legez kanpokoa da; guk erregimen orokorrean kotizatu behar dugu, hori dio legeak. Lanbideko laguntzak gero lau, bost, sei… zuzenketa ebazpen izan ditu; kontua da laguntza hori artistentzat soilik zela uste zuten askok ez zutela eskatu, eta orain berandu da. Beraz, sektorearen egituraketa kaskarrak harrapatuta. Behin-behineko langileek ere, enpresa batean lan egin badute, zamaketan eta hustuketan eta obra eta zerbitzu kontratuarekin, nola justifika dezakete orain kultur arloan egin dutela beren lana? Eta langile horien enpresek kultura arloan ere lan egiten dute. Orain zer egoeratan zaudete? Gutako %26k ez daukate diru sarrerarik. Gure jendearen %95ek zero eta 49 ekitaldi bitartean egin dituzte urte osoan, eta iaz 50etik gora kontzertu egin zituzten. Autonomoen %15ek ezin izan dute diru sarrerarik lortu, eta behin-behineko soldatapekoen %35ek ezin izan dute laguntzarik eskuratu. Hitz egin al duzue administrazioekin horretaz? Bai, eta uste dugu ez dagoela konponbideak aurkitzeko borondate handirik. Kulturako langile gisa onartu ez dituzten horiek DSBE eskatzera bideratu dituzte, edo dagokien subsidioa hartzera. Urrian, Madrilek kultura arloarentzako dirulaguntza abiatu zuen, eta horretan berriro agertzen da JESNen arazoa. Gainera 430 euro dira, DSBEren antzeko kopurua. Eta DSBE jasotzeko ere arazoak izaten dira, ez da erraza. Baztertuta egon gara, eta guk asko kritikatzen dugu Estatu mailako kudeaketa, baina gu euskaldunak gara, hemen lan egin eta kotizatzen dugu, Kultura Saila badugu, eta uste dugu kudeaketa txarra izan dela eta orain eskuetan eztanda egin diela. Horregatik diozue berrantolaketa gabe antolaketa behar duzuela? Arazoa zaharra baita. Hori da. Hedabideetan-eta bakoitzak bere titularra egiten du. Guk ez dugu erreskaterik nahi; tira, nabarmena da erreskatea behar dugula, baina benetan behar duguna plangintza bat da. Gure ogibidea ez da jasangarria; izan ere, nor bizi ahal da gure kondizioetan? Erregimen orokorrean gaude eta ez dago gure aldizkakotasuna jasota. Gure lanak prestaketa handiak dauzka, entsegu asko, aurreprodukzioa esaten dioguna, eta ekitaldiaren eguna bat da, edo bi; orduan, hamar edo zortzi eguneko lana egin duzu baina bi egunez baino ez duzu kotizatzen. Erregulazio falta nabarmena daukagu. Hamar egunez lan egin eta bi egun soilik kotizatu? Demagun musika talde batekin noala kontzertu batera. Murtziara. Hara heltzeko, aurreko egunean irten behar dugu. Hor baduzu kotizatu gabeko egun bat, alta ematen eta ordaintzen ez badizute, eta hori ez da normalena. Kontzertua gaueko ordu batean bada, hurrengo eguna da. Kontzertu baterako beharbada hiru edo lau egun beharko zenituzke, baina erregulazio falta dagoenez, ez da bideragarria lau egunean alta ematea, ez dakit zenbat diru izango den, baina talde batek ezin du ordaindu. Zer eskatzen duzue? Kultura Sailak esan ohi digu halako kontua beste sail batek kudeatzen duela, bestea beste batek, beste bat Madrilek… Beti baloiak kanpora. Orduan, hainbat sailetako jendea gurekin esertzea eskatzen dugu: Lan eta Enplegu Saila, Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun Saila, Industria eta Turismoa –horrekin ere zerikusia baitaukagu– eta Kultura. Horiek guztiak ikuskizun eta ekitaldietako sindikatuarekin eta beste hainbat elkarterekin batera, hala nola Euskal Aktoreen Batasunarekin, Artekalerekin, Dantzarekin... Eta nor falta da? Alderdi politikoak, horiek ere hor nahi ditugu, zeren uste dugu hau arazo soziala dela. Alderdi politikoek, are sindikatuek ere, ez dakite zer kondiziotan ari garen. Guk haiekin hitz egin dugunean, ez zekiten gure nondik norakoen berri. Hain gara prekarioak ezen inork ez baitu guganako interesik. Zenbat orduz lan egiten dugun, nola egiten dugun, zer atseden falta dugun entzuten dutenean, harritu egiten dira. Orain arte ez zarete antolatuta egon. Hala da. Honela gaude inoiz ez dugulako bat egin, oso transbertsala baita gure lana. Batzuk dabiltza bandekin, beste batzuk antzerkietan, beste batzuk enpresatan... eta ez da egon batasunik. Bagenekien gurea ez zebilela ondo, ez zela bidezkoa, baina bokazioa dago, eta bokazioa dagoenean, eskubideak ahaztu egiten dira. Eta gu langileak gara, ez gara kudeatzaileak, ez gara abokatuak. Eta uste dut teknikarion sindikatuarekin lortu dugula mahai gainean kolpe bat eman eta esertzea. Bat egin duzue, sindikatua sortu duzue. Asko zarete? Bai, bai, gero eta afiliatu gehiago dauzkagu, hau badoa aurrera; jendea kontzientzia hartzen ari da, elkarlanaren kontzientzia, eta indarra hartzen ari gara, egunean-egunean gehiago. Gelditzeko etorri gara. Eta ez gatoz kexatzera bakarrik. Nolako jarrera sumatu duzue instituzioetan? Uztailetik gaur arte gauza asko egin ditugu. Kultura Sailarekin bi solasaldi eduki ditugu, aldundiekin, Eudelekin, zenbait udalen kultura sailekin eta protokoloak ere landu ditugu. Bestalde, Reseten gaude, martxo-apiril aldera sortu zen berraktibazio mahai batean. Artekale, Dantza eta beste hainbat elkarte daude, eta Lakuak solaskidetza Reseten bidez egitera behartzen gaitu; Orduan, dena oso mantso doa, eta nire ustez ez du balio. Hemen dekretu asko ateratzen dira egun batetik bestera arazorik gabe, baina gureak ez du presarik, antza. Elkarte asko gaude, eta nik ez diot besteek arazorik ez dutenik, ez horixe, baina luzatu egiten da. Animo faltarik ez duzue, ordea. Jakina, guk grina daukagu eta oso langileak gara. Bat egiten jarraituko dugu eta ez bada ezer egiten, edozein lanbidetan egiten duten bezala, lanuzteak eta grebak egiten hasiko gara. Lehendakaria mikrofonora hurbiltzen denean, ez du soinurik izango. «Bagenekien gurea ez zebilela ondo, ez zela bidezkoa, baina bokazioa dago, eta bokazioa dagoenean, eskubideak ahaztu egiten dira. Eta gu langileak gara, ez gara kudeatzaileak, ez gara abokatuak»