GAUR8 - mila leiho zabalik

Kontrola eta zigorra, estatuaren gustuko tresnak


Francisco de Quevedok, XVII. mendean, monarkia hispanikoko delituei buruz idazten zuen, eta haien prebentzioan ahalegin handiagoa egiteko aholkatzen zien bere agintariei: «Errepublikak ondo administratzen dira urruneko probintzietara ministroak bidaltzen dituztenean, eta horiek lapurretak oztopatzen saiatzen dira, lapurrak zigortzen baino lehen». Quevedok kontrolean jartzen zuen azpimarra zigorrean baino gehiago. Esan dezakegu, kontrola eta zigorra izan direla mendeetan zehar –eta tamalez jarraitzen dute izaten– estatuaren tresnarik gustukoenak.

Aro Modernoaren hasieran, XVI. mendean, sortu ziren estatu berriek jakin zuten indarkeriaren monopolioa lortzen; estatuaren ondarea zen menekoak kontrolatzea, diziplinatzea eta zigortzea. Banakakoek euren arteko liskarrak modu pribatuan konpontzeari utzi zioten eta auzitegiak auzi zibil eta penalez bete ziren. Instituzioek, zigorra erabiltzeaz gain, jarrera publiko eta pribatuak kontrolatzeko ahalegin berezia egin zuten. Estatuaren boterearen hasiera zen hau, baita komunitatearen boterearen galeraren hasiera ere.

Indarkeriaren nagusitasunaren aldeko borroka horretan, kontrola funtsezkoa izan zen. Portaera mota guztien gaineko kontrol poliziala egitea zen helburua. Horren adibide moduan, bizilagunen bizitza sexuala kontrolatzen zen, juduek eta prostitutek komunitatearen aurrean bereizten zituzten jantziak eramatea inposatzen zen, eskaleak “benetako” arrazoiengatik izatea behatzen zen, eta ez haien erantzukizunak saihesteko estrategia moduan, eta abar. Horretarako inposatu ziren kontrol mekanismoak oso ezberdinak izan ziren, baina beti kontrol sozialetik hasten ziren. Hau da, berdinen arteko kontrola (atez ate egiten zena, gaur balkoitik balkoira egin den bezala). Estatu jaioberri horren oso gustukoak izan ziren etxeratze aginduak ere; harresitutako hirietako ateak ixtearekin, bide eta kaleetako gaueko txandak hasten ziren eta zigor prebentiboak martxan jartzen ziren. Esate baterako, susmagarri gertatzen zena kartzelatzea beren kredentzialak frogatu arte. Aguazilek, atezainek eta eskribauek egunero ematen zieten alkateei beren errondetan gertatutako guztiaren berri; norekin egin zuten topo, zer itxura zuen, zertan zebilen...

Estatuaren indarkeriaren monopolioa areagotu baino ez da egin azken mendeetatik gaur egun arte. Gaur, justiziaren eta indarkeriaren legitimitatearen inguruko eztabaida piztu da politikari batek egunkari bati egindako adierazpenengatik. Indarkeriak erabilera politikorik eta justifikaziorik ez balu bezala, indarkeria nork erabiltzen duen eta boterean nor dagoen kontuan hartu beharko ez bagenu bezala. Duela bostehun urte baino gehiago hasi zenetik, estatuaren beraren izateko arrazoietako bat izan da biolentziaren erabilpena eta monopolioa. Beraz, ez da harritzekoa, nire ustez, gure gertuko historian izan dugun osasun krisi handienari aurre egiteko munduko estatuek orokorrean erakutsi duten modu edo formula nagusiak gizarte kontrolean eta zigorrean baino ez direla oinarritu. •