GAUR8 - mila leiho zabalik
SUIZIDIOEN PANDEMIA

Ezereztu egin dira Japonian suizidioaren kontrako borrokan izandako aurrerapenak

Japonian, azken hamaika urteotan aurrerapausoak izan dira hain hedatuta dauden suizidioen kontrako ahaleginean. Iaz, ordea, berriro ere gora egin zuen fenomeno horrek. Pandemiaren urtean ia 21.000 lagunek egin zuten beren buruaz beste, koronabirusagatik hildakoak halako seik. Emakumeengan eta 18 urtetik beherako gazteengan eragin handiagoa izan zuen.


Japonian suizidio kopuruak gora egin zuen iaz, 11 urtetan lehen aldiz; izan ere, pandemiaren ondorioek ezerezean utzi dituzte herri honetan hain hedatuta dagoen fenomeno horren kontrako borrokan azken urteetako izandako aurrerapenak.

Osasun Ministerioak esan duenez, herrialdean 20.919 lagunek beren buruaz beste egin zuten 2020an (%3,7ko gorakada urtebetean). Horren aldean, koronabirusaren ondorioz 3.460 pertsona hil ziren iaz.

Azken hamaika urteotan lehen aldiz egin du gora suizidio kopuruak Japonian.

G7ko herrialdeen artean suizidio tasarik handiena du (16,6 100.000 biztanleko, 2020an). Kopuru handi hori erregularki pairatzen du Japoniak, baina azken urteotan abian zeukan psikologikoki ahulak diren pertsonei laguntzeko egitasmoa, nolabaiteko arrakastarekin. Japoniako suizidio kopurua, 2003an 34.000 inguru zena, 2019an 20.000ra jaitsi zen, 1978tik izandako txikiena.

Iaz, aldiz, emakumeek, haurrek eta, bereziki, nerabeek beren buruaz beste egin zuten herrialdean, eta adituek uste dute pandemiak eta birusak eragindako murrizketek zeresan handia izan dutela igoera horretan.

Japoniak, orain arte, beste herrialde askok baino infekzio maila txikiagoak izan ditu, eta derrigorrezko konfinamenduak saihestu dituzte.

2020ko lehen erdian behera egin ostean, suizidioen kopurua uztailean hasi zen handitzen. Bilakaera horrek adituek egindako eredu bat berresten du; eredu horren arabera, suizidioak murriztu egiten dira lehenik krisialdi baten hasierako fasean, eta gero, bat-batean, handitu.

Genero desberdintasunak

Igoera hori «inflexio puntua» izan zela esan zuen Michiko Ueda Tokioko Waseda Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak, Japoniako suizidioaren fenomenoan aditu ere badenak.

«Koronabirusa faktore garrantzitsua da, zalantzarik gabe», aitortu du, eta ez du baztertzen «kopuruak gora egingo duela aurten ere».

Mundu osoko osasun mentaleko adituek ohartarazi dutenez, norbere buruaz beste egiteko arrisku handiagoa dago pandemia garaian, estresa, zailtasun ekonomikoak eta familia abusuak direla-eta.

Herrialde multzo txiki batean pandemia garaian suizidioek eragindako heriotzak birusarenak baino gehiago izan dira. Horien artean dago Japonia.

Iaz izandako suizidioek eredu desberdinak izan zituzten aurreko urteekin alderatuta. Uedak argitu zuenez, emakumeen suizidio kopuruak igoera handia izan zuen (+%14,5), eta gizonen artean, berriz, %1 inguru egin zuen behera.

Uedak faktore probable gisa aipatzen du emakumeen artean langabeziak gora egin duela, batez ere lan prekarioetan (bereziki hotel eta jatetxeetan, krisiak gogor jotako bi sektoretan), eta emakumeen etxeko eta hazkuntzako lanak areagotu egin direla.

«Koronabirusak Japonian sexuen artean dauden ezberdintasunak agerian utzi ditu», adierazi zuen Yayo Okano Kyotoko Doshisha Unibertsitateko Feminismo irakasleak, eta Japonian emakumeen etxeko lanak oraindik ere neurriz kanpokoak direla gogorarazi zuen.

Gazteen antsietatea

18 urtetik beherako gazteen suizidioen kopurua ere kezkagarria da Japonian: Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 300 ikaslek baino gehiagok beren buruaz beste egin zuten 2020ko apirilaren hasieratik azaroaren amaiera arte, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta ia %30eko jauzia.

«Arriskuak handiak dira gazteentzat. Euren etorkizunari buruzko antsietatea sentitzen dute» eta, bereziki, harreman sozialen eskasia pairatzen dute, Akiko Mura Tokioko Suizidioa Prebenitzeko Zentroko aholkulariaren esanetan.

Horrez gain, 2020an Japonian zenbait pertsonaia ospetsu suizidatu izanak ere pertsona ahulengan eragina izan zezakeela uste dute adituek.

Munetaka Kaneko Sotto suizidioaren prebentziorako GKEko aholkulariaren ustez, Gobernuak arazo honi erantzun behar dio koronabirusaren aurkako borrokaren funtsezko elementu bihurtuta, «pandemia garaiari egokitutako prebentzio neurriekin».

 

IKASLE FRANTSESAK ERE ETSITA ETA NEKATUTA

Estatu frantseseko ikasleen egonezina gero eta handiagoa da ikerketen arabera eta azken asteotan suizidioak edo saiakerak izan dira. Joan den hilabetean ikasleak kalera atera ziren sare sozialetan zabaldutako «#etudiantsfantomes» leloaren pean.

Nekatuta, etsita eta prekarizatuta: ikasleak kalera atera ziren eguneroko bizitzan osasun krisiak dituen eraginak salatzeko.

«Beren buruaz beste egin nahi zuten ikasleak ikusteak erreakzionatzea eragin zidan. Lehenengo aldiz neure heriotzan pentsatu nuen», adierazi du Titouanek. Parisko Sorbona Unibertsitatean Filosofiako bigarren urtea ikasten duen gazte honek «isolamendu gehiegi» eta «zentzua galtzea» aipatu du. Renneseko Unibertsitatearen aurreko kontzentrazioan, Josselinek, 22 urtekoak, «bakardadearen aurrean etsipena» aitortu du. «Gogorra da, aurten neure buruari aurre egin behar izan diot 18 metro karratutan. Irakasle batzuek ez dute bideodeirik ere egiten», adierazi du. Gobernuak ikasleek sentitzen duten isolamendu sakonaz kezkatuta dagoela esan du, eta psikologo eta gizarte langile gehiago iragarri ditu. Sindikatuen ustez, ez da nahikoa izango.