GAUR8 - mila leiho zabalik

Konspirazioaren xarma


Pandemiaren mundu honetan bizitzeari darion frustrazio ia unibertsalak eta sare sozialen dinamika teknologikoak forma eman diote kapitalizatu daitekeen konspirazioaren politika bati, “koronapolitika” berri bati. Orain arteko politika konbentzionalaren etiketa guztiak desafiatu ditu eta mugimendu berri asko bat sortu da haren inguruan, askotarikoa, oso heterogeneoa, baina denek sinesmen bat partekatzen dute: Boterea konspirazioa da.

Botere denak dira konspirazioa. Ez dira zilegi, ezin dira zilegiak izan, gobernuak hautatzen dituzten prozesuak boteretsuek kontrolatzen dituztelako, eta horregatik dira, de facto, zilegitasun gabeak. Mugimenduok eliteen kontrolaren inguruko ohiko fantasiak eta berriak tartekatzen dituzte. Totalitarioak dira denak, estatuak, teknologia konpainia handiak, erraldoi farmazeutikoak, banku handiak, zientzia klimatikoa, komunikabideak eta zuzentasun politikoa, denak dira totalitarioak. Musukoak, txertoak, itxialdiak, den-denak. Herrian beldur gehiegi sartzen dutela diote, egia ezkutatzen eta jendea engainatzen dutela.

Iazko abuztuan Berlingo Reichstag-a eta aurten Washingtoneko Kapitolioa asaltatu zituztenean alarma guztiak piztu ziren. Jada ez zen duela urte batzuk eztabaida politikoan agintzen zuen «populismoaren» kontu bat, ez, beste gauza bat zen. Nondik sortua?

Aspalditik dator. Oso-oso atzera joan behar da, ehiztari-biltzaile ginen garaietaraino agian, bizitzaren zirkunstantziek gure arbasoak susmagarri izatera bideratu zituen garaietara, eboluzioak mesfidati izatera bultzatu gintuelako. Gertuago ere badaude konspirazio istorioak nonahi, Illuminatiak, masoiak edo Siongo Jakintsuen Protokoloak, mundua kontrolatzeko ustezko konplot judua, edo gaurkoagoa dena, zuri kristauak azpiratzeko Ordezkapen Handiarena. Gurean ere badira, bai: Carrero Blanco CIAk hil zuela eta Martxoaren 11ko trenak ETAk zartatu zituela diotenak, esaterako.

Azenario, makila eta sermoiekin gobernatu da beti. Interneterako sarbide unibertsalak eta sare sozialek atentzioa bereganatzeko duten indarrak, baina, kontrapublikoak sortzeko espazio berria sortu dute. Hor ernaltzen dira konspirazio berriak. Sarritan zoro kuadrillatzat hartzen dira, eta hori egitean, gaixotasun mentala estigmatizatzeaz gain, haien jarraitzaileei bilatzen duten martirio moduko hori ematen zaie.

Mugimendu hauetaz ikasi egin beharko genukeelakoan nago. Ez beren edukiagatik, beren formagatik baizik. Errealitate alternatibo itzel batean rol joko baten antza hartzen dute, parte-hartzaileak emozionatu egiten dira eta oso adiktiboa da. Komunitate zentzu bat ematen dute. Elite satanikoen istorioek, mundua berriz enkantatzen duten neurrian, bizitzaren errealitate mundutarretatik ihes egiteko balio diete batzuei.

Ezkerrak bere historia arakatu behar du, berak inbentatu baitzituen kolektibitate modernoaren erritual asko XIX. eta XX. mendeetan. Erabilitako taktikak berriz errepasatu eta estrategikoki berreraiki daitezke arrazoi kolektiboaren proiektu bati begira. Antagonismoa konspirazio eta arrazoi kolektiboaren artekoa baita. Ez da bakarrik engainua borrokatu behar, erakargarritasun horren muinean dauden sentimenduak ulertu eta aurre egin behar zaie. Hor dago koxka. Ez dira bakarrik "negazionisten" gezur eta historiak, ez da zoro batzuen kontua. Engainua herrian nola sustraitzen den, dagoen eskaera bati nola erantzuten dioten ere hor dago. Zeren azken finean, mugimendu konspiratibo hauek, modu batean ala bestean, datozen urteetan borroka politikoa zein joko zelaitan jokatuko den adierazten digute. Eta jokatuko dugula erabakitzeko ordua da. •