GAUR8 - mila leiho zabalik

Errealitate birtuala: laguntza psikologikoa emateko gai?


Azken urteetan teknologiak izan duen aurrerapenarekin errealitate birtualak eskaintzen dituen aukerak zabaldu egin dira, eta heriotza eta atsekabea bezalako gaiak jorratzeko erabiltzen hasiak dira dagoeneko, galdera eta buruhauste asko sortuz.

Badira 20 urte errealitate birtuala arazo psikologikoetarako erabiltzeko ikerketa lanak hasi zirenetik, eta urte hauetan zehar, traumak, fobiak, antsietatea eta estres pos-traumatikoa tratatzeko erabili izan da. Honelakoak tratatzerako garaian, askotan esposizio terapiak beharrezkoak dira pazienteak beldur diren edo ukatzen ari diren egoeretan kokatuz trauma hauek gainditu ahal izateko. Hemen sartzen da errealitate birtualaren beharra. Pazienteak egoera horietan kokatzea arriskutsua izan daitekeenez, birtualki sortutako mundu batean egin daiteke. Horretarako, ordenagailu edo errealitate birtualeko kasko edo betaurrekoak erabil daitezke, eta klaustrofobia, akrofobia, araknofobia, etab. bezalako nahasmenduak lantzeko baliagarria suertatu daiteke.

Azkenaldian galdera berri bat sortu da: erabilgarria izan daitezke errealitate birtualak ematen dituen aukerak heriotza eta atsekabea lantzeko? Asko dira honen kontra altxa direnak eta etikaren inguruko galdera asko sortu dira.

2020ko otsailean Hego Koreako telebistan “Meeting you” (zurekin elkartzen) dokumentala aurkeztu zuten. Bertan Jang Ji-sung-ek, 2016an alaba minbiziak jota galdu zuenak, berriz ere harekin elkartzeko aukera izan zuen. Era birtualean bakarrik, noski. Amak alabarekin elkartzeko aukera izan zuen, betaurreko eta eskularru batzuk jantzita ukimena ere eduki ahal izateko. Zazpi urteko neskaren ahotsa eta mugimenduak ahalik eta era naturalenean erreproduzitzeko errealitate birtualeko estudio desberdinek egin zuten lan. Beharrezko informazioa lortzeko familiarekin bilera desberdinak egin zituzten eta bilera horietan adostu ziren lortu nahi ziren helburuak.

Egun 25 milioi erreprodukzio baino gehiago dituen bideoa YouTuben aurkitu daiteke. Bideo honetan Jang Ji-sung hunkituta agertzen da bere alabak “faltan bota nauzu?” galdetzen dion bitartean. Honek zalantzak sortzen ditu familiaren arrisku psikologikoei begira. Eragin fisiko eta mental traumatikoak aztertzeko familiaren terapeutarekin bildu ziren eta elkarrizketa luzeen bidez familia egoera honetarako prestatu zuten, argi utziz esperientzia bakarra eta errepikaezina izango zela. Beste galdera asko ere egin dira: hildako bat berpiztea egokia da etikoki? Eta behar diren datu pertsonal guztiak jasotzea eta prozesatzea? Baimen hori nork eman beharko luke?

Beste alde batetik, «The loss fundation» fundazioa ere errealitate birtuala erabiltzen hasi da. Fundazio hau Erresuma Batuko ongintzako erakunde bakarra da minbiziaren eraginez norbait galdu duten pertsonen atsekabean laguntza eskaintzen duena. Ekintza desberdinak antolatzen dituzte, bai galera bat izan duten pertsonentzat, baita hauei nola lagundu ikasi nahi dutenentzat ere, hauen aurrean nola erreakzionatu behar den jakiteko. Horretarako sortu zuten batez ere “The reality of loss” (heriotzaren errealitatea) izeneko errealitate birtualeko esperientzia, jendeak antzeman dezan zer sentitzen den maite duen pertsona bat galtzerakoan. Zazpi minutu irauten dituen bideoan, errealitate birtualeko betaurreko batzuk jantziz bi momentu desberdinetan kokatzen dute erabiltzailea. Alde batera begiratzerakoan festa batean dago, dantzatzen, barre egiten eta edaten dauden lagun eta familiaz inguratuta. Aldiz, buelta ematerakoan, festa gaubeila bilakatzen da, eta gonbidatuak beltzez jantzita eta triste daude. Hau da, bizitza maite duzun norbaiten heriotza baino lehen eta ondoren nolakoa den erakusten du bideoak. Nahi adina aldiz mugitu zaitezke alde batetik bestera errealitate birtualari esker.

Adibide hauekin ikus daiteke errealitate birtuala trauma psikologikoak tratatu ahal izateko ere erabiltzen hasi direla, oraindik zalantza eta mesfidantza asko sortzen dituen arren. •