GAUR8 - mila leiho zabalik

Irekitzen ari gara


Bost hilabete luzeren ostean, Londres ireki da berriro ere aste honetan, eta udaberriko eguzkiaren indarrarekin batera, itzali zitzaion arima pizten hasi zaio; kaleetan dabilen jendearen aldartean nabari da aldaketa; ile apaindegien kanpoan dauden ilara luzeetako murmurioan optimismoa atzematen da; terrazadun tabernetako giroak bizipoza ematen du (maiatzaren erdira arte erreserbak eginda daude leku askotan).

Hasiera baino ez da, ibilbide luze batean lehenengo urratsa. Zeruan apenas ikusten da hegazkinik; kultura sektoreak paralizatuta jarraitzen du, zinema eta museoek itxita jarraituko dute maiatza arte (inkoherentzia izugarria); taberna eta jatetxeen ia erdiek ezin izan dituzte ateak ireki, terraza edo kanpoko espaziorik ez dutelako; jaialdiek eta jende bilketek debekatuta jarraituko dute hainbat hilabetetan.

Beste modu batera bizitzera ohitu ginen. Noski, friboloa da egoera dramatizatzea eta kexatzen hastea. Baina benetan bizitza planoak edukitzera iritsi ginen. Paseo eta parkeez aspertuta, supermerkatura egindako bidaia zen errutina hausten zuena; kalean zure etxekoa ez zen pertsona bakar batekin ibiltzea zen “uzten” ziguten gauza bakarra, eta harreman asko sufritzen hasiak ziren. Aurretik sozializatzera bultzatu gintuen habitat hura eta metropoli handia arau berri, anbiguo eta selektiboekin transformatu zen.

Dena den, prudentzia da oraindik gailentzen den sentimendua. Batetik, azken hilabeteek mesfidatiago bihurtu gaituzte; eta bestetik, egindako esfortzuaren ostean, aurrerapausoetan bakarrik sinetsi nahi dugu; beste konfinamendu baten perspektibak izua barruraino sartzen digu eta morala lurpean utziko liguke. 32 milioi txerto eman direnean, 45 urtetik gorakoak dagoeneko hartzen ari badira ere, Gobernutik datorren aholkua oraindik zuhurtziaz beterikoa da. Adibidez, ahal duen horri etxetik lan egiten jarraitzea gomendatzen zaio.

Lana egiteko modu hibridoaren kontzeptua erabat normalizatu da bulegoan eta horren definizioaren lanketan gabiltza. Askok urtebete daramate bulegora joan gabe. Ezinbestean horrek galdera asko sortu ditu eta abagune berriak azaldu dira. Hogeita bost milatik gora langile dituen enpresa batean nagoela, eskala horrek eragiten duen aniztasunarengatik, denontzat arau berdinak edo lana egiteko modu bakarra inposatzen duten teoria zaharkituetarako ez dago lekurik. Malgutasuna, moldatzearen urgentzia eta hobeto egin dezakegula sinestea oinarrizko printzipio bihurtu dira.

Gaur komunikatu batean baieztatu da inoiz ez dugula bost egunetan bulegora joan beharrik izango. Lana egiteko bi espazioetatik –etxetik eta bulegotik–, bakoitzetik hoberena aterako da. Alde batetik, birtualki gauza batzuek hobeto funtzionatzen dutela ikusi dugu; beste aldetik, kolaboraziorako, sormena sustatzeko, besteengandik ikasteko eta inprobisazioak dituen abantailetarako, aurrez aurreko harremanak eraginkorragoak direla baieztatu dugu. Bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren arteko orekan parametro berriak ditugu eta bakoitzaren egoera onartzearen eta errespetatzearen garrantzia anplifikatu da.

Eta amaitzeko, beste puntu garrantzitsu bat: ez daukagu galdera guztientzat erantzunik; baina mundua aldatu denez, harremanak aldatu dira, ohiturak aldatu dira eta beraz, lana egiteko moduak ere bai. Oinarrizko onarpen hori da abiapuntua. Lehengora itzultzea izugarrizko atzerapausoa litzateke. •