2021 MAI. 08 Jarrai antzerki taldea, duela 60 urte Andoni Zinkunegi | Eneko Irigarai Funtsa Juantxo EGAÑA 1956an Eneko Irigaraik, Zaragozan Medikuntza ikasketak egiten ari zela, antzerki garaikideko talde bat antolatu zuen. Hurrengo urtean, Donostian, euskarazko antzerki irakurriko talde bat antolatu zuen; talde hartako kideak bere lagun eta gertukoenak ziren. Bere lehengusu Aingeru Irigarai euskaltzain eta medikuak Koldo Mitxelena eta Antonio Arrue “EGAN” aldizkariaren bultzatzaileekin zituen harremanen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko liburuzain Jose Artetxe ezagutu zuen. Hark Gipuzkoako Foru Aldundiko liburutegia ireki zien lehen garai hartako entsegu eta antzezpenetarako. Aingeru Irigaraik Jarrai izena jartzea proposatu zien aktore gazte haiei, Euskaltzaindiaren “Ekin eta Jarrai” lelotik hartua. Antzeztu zuten lehen lana John Priestleyren “An inspector calls” izan zen, Julen Lekuonak euskaratu zuena (“Ertzaña etxean”). Eneko Irigarai bera izan zen Jarrai antzerki taldeko lehen zuzendaria, 1961eko abuztuan Ipar Euskal Herrira babes bila ihes egin zuen arte. Iñaki Beobidek hartu zuen orduan taldearen zuzendaritza. Andoni Zinkunegik 1961ean ateratako argazkian, zutik ageri dira Iñaki Agirre, Igone Egaña, Itziar Olaizola, Marcelino Olaizola, Aurori Urbizu, Juan Antonio Arozena, Aristizabal, Salaberria, Etxarri, Iñaki Beobide eta Ashen Egaña; makurtuta, berriz: Eneko Irigarai, Karmele Esnal, Xabier Goenaga, Edurne Albisu eta Joxe Mari Aristi.