2021 MAI. 15 ZAPATISTAK, EUROPARA Kapitalismoaren aurrean borrokan ari diren herriekin elkartzera datoz EZLN nazio askapenerako armada zapatistako ordezkaritza bat Europako bidean da, kapitalismoaren aitzinean ernatzeko mezua zabaltzea eta erresistentzia ezberdinetan dabiltzan herriekin elkartzea xede duen espedizioan. Belaontzi zahar batean itsasoratu dira, abentura bila, zazpi kide, maien ondorengoak, batzuk hagitz gazteak. Maider Iantzi Goienetxe Zapatistek maiatzaren hasieran abiatu zuten bidaiaren helburuetako bat topaketa da: Europa osoan kapitalismoari aurre egiten dieten pertsonekin elkartzea. Patriarkatuaren, matxismoaren, mendekotasunaren eta esplotazioaren aurka borrokatzen direnekin esperientzia trukea egitea. Lagun horietako batzuk zapatistengana hurbildu izan dira, 1994ko urtarrilaren 1ean egun horretan bertan indarrean sartu zen Mexiko, AEB eta Kanadaren arteko Merkataritza Librearen Tratatuaren kontra altxatu zirenetik nazioarteko komunitatearen aitorpen handia izan duelako Mexikoko mugimendu iraultzaileak. 1996ko topaketa intergalaktikoa da horren adibide, neoliberalismoaren aurka eta gizateriaren alde egin zena. Genovako borroka ere bai Italian, Seattlekoak AEBetan, Porto Alegrekoak Brasilen… «Kapitalismoa aukera bakartzat hartzen zen garaian mugimendu altermundista sortzea ekarri zuten», agertu dio GAUR8ri Raul Romero solidarioak. Mexiko Hirikoa da Romero, unibertsitate sare antikapitalista bateko kidea, 2016an Marichuy Gobernurako Kontzeju Indigenako bozeramailearen proposamena babesteko sortu zen mugimendukoa. Herritar xumeengan eragin Zapatistek azaldu dutenez, momentu «paradoxiko batean» abiatu dute Europan barnako itzulia, izurritea sistema ekonomiko eta sozialaren logika agortu dela erakusten ari denean, kapitalismoak gizateria eta izadi osoa arrisku izugarrian jarri duenean. Arrisku horrek batez ere herritar xumeei eragiten die: etorkizunaren bila itsasoan itotzen diren migranteei, emakume izate hutsagatik hiltzen dituztenei… Hori guztia zibilizazioaren krisiaren erdian, nazionalismo eskuindar eta faxistak alternatiba gisa agertzen ari direnean. Romeroren ustez, «testuinguru horretan gakoa da proposamen internazionalista, antikapitalista eta gizatiarrak dituztenekin topatzea». Mexikoko erresistentzien barruan, herri maiak daude (tzeltal, tzotzil, tojolabal, chol, zoque eta mame), EZLN askapen nazionalerako armada zapatistan antolatuak, eta baita CNI-CIG Kongresu Nazional Indigenak eta Gobernurako Kontzeju Indigenak biltzen dituenak ere. Horientzat guztientzat sistema kapitalista ama lurraren aurkako gerra egiten ari da. Galeano komandanteorde zapatistaren Gato-Perro pertsonaiaren koadernoan agertzen diren ondoko azalpenek ongi laburbiltzen dute euren pentsamendua: «Natura horma elastiko bat da, bere kontra botatzen ditugun harrien abiada biderkatzen duena. Heriotza ez da proportzio berean itzultzen, areagotua baizik. Sistemaren eta naturaren artean gerra bat dago. Eta ez du ñabardurarik onartzen, ezta koldarkeriarik ere. Sistemarekin zaude edo naturarekin zaude. Heriotzarekin zaude edo bizitzarekin zaude». Mexiko Hiriko solidarioaren arabera, klase menderatzaile aberatsak Ilargia eta planetak kolonizatzean edo klimaren krisi handiago batean babesteko etxaldeetan pentsatzen ari diren bitartean, mundua berreraikitzea da zapatisten apustua. «421» eskifaia Europarako bidean den eskifaiari “421” izena jarri diote, lau emakumek, bi gizonek eta ez genero batekin ez bestearekin identifikatzen ez den pertsona batek osatzen dutelako. Denak mexikarrak eta maien ondorengoak dira: Lupita (19 urte), Carolina (26), Ximena (25), Yuli (37), Bernal (57), Dario (47) eta Marijose (39). Jakinarazi dutenez, itsasoratu aurreko 15 egunak bakartuta eman zituzten Chiapasen, euretatik inor covidaz kutsaturik ez zegoela segurtatzeko. Bi aste horietan itsasontziaren egurrezko erreplika bat egin zuten. Bertan bizi eta itsasaldi gogor baterako prestatu ziren. Lehenengo helmuga Vigo dute, Galizian. «Sei edo zortzi astean» iristea espero dute. Bertan, bi gauza gerta daitezkeela aurreikusten dute: lehorreratzeko baimena jaso dezakete edo ez. Ez badute jasotzen, “Esnatu!” dioen manta handi bat zabaltzeko asmoa dute. Lurreratzea lortzen badute, Europako hogei bat herrialde bisitatzea da euren nahia, tartean Euskal Herria. Estatu espainola eta frantsesa, Alemania, Bulgaria, Danimarka, Finlandia, Grezia, Hungaria, Italia, Polonia, Britainia Handia eta Suedia ere begiz joak dituzte, beste batzuen artean. Aurrerago, gainerako kontinenteetara ere joan nahi dute. Konkistatik 500 urtera, Madrilen Mota guztietako erresistentzietan dabiltzan herriak harrera egiteko prestatzen ari dira: samiak, Greziako basoetan meatzeen aurka borrokan ari direnak eta, nola ez, euskaldunak, zapatistekin harreman estua izan dutenak. Abuztuan Madrilera joan nahiko lukete, hain justu tropa espainiarrek Mexiko eta bere jatorrizko herriak konkistatu zituztenetik 500 urte beteko direnean. Argitu dutenez, ez doaz «ezer eskatzera, ez barkamenik ez ebatsitakoa itzultzerik», honako mezua ematera baizik: «Iraun dugu, bizirik gaude eta konkistatuak izan diren eta erresistentzia historia bat duten Europako beste herri batzuk ere gurekin bizitzea nahi dugu». Irteera, ikusgarria Aipatu dugun bezala, maiatzaren hasieran abiatu ziren zapatisten ordezkariak Karibe mexikarretik Europa aldera. Isla Mujeres uhartetik atera ziren, “La Montaña” izena jarri dioten belaontzi alemaniar zahar batean. Mende batez erabili den arrantza-ontzi bat da. Otomi indigena talde batek txaloka agurtu zituen turista, yate eta hondartzako jaien zalapartaren erdian. «Zapata bizi da, borrokak segitzen du!», oihukatu zuten ukabila altxatuta. “Ixel-en ibilbidea” deitu diote bidaiari, maitasunaren eta ugalkortasunaren jainkosa maiari erreferentzia eginez. «Bizitzaren aldeko bidaia da», adierazi zuen Moises komandanteordeak, mugimendu zapatistaren ordezkariak, nazioartean ezagun egin zituen buru-berokia jantzita. Azaldu zuenez, «kapitalismoak eraso digula eta denok esnatu beharra dugula ulertaraztea» da asmoa. EZLNrentzat sistema ekonomiko hori da emakumeen aurkako indarkeriaren, jatorrizko herrien genozidioaren, arrazismoaren, militarismoaren eta naturaren esplotazio eta txikizioaren erantzulea. «Ez da erraza izan. Erreparoak, aholkuak, etsipena, zuhurtziarako deiak, sabotajeak jasan behar izan ditugu», idatzi zuen ohar batean Galeano komandanteordeak, lehen Marcos komandanteorde gisa ezagutzen zen zapatismoaren buruak. «Ez gaude urduri, prest gaude», adierazi zuen, bestalde, Bernal tripulazioko kideak. Eskifaia itsasoratzen zen bitartean, Mexiko Hiriko Zokalo-an, dozenaka lagunek paperezko itsasontziak egin zituzten abenturazaleen irudi koloretsuekin. Munduko bertze hainbat tokitan ere zeremoniak egin ziren. Sare sozialen bidez bideoak iritsi zitzaizkien Greziatik, Madriletik, Argentinatik... Antolatzeko gaitasuna Romerok EZLNren antolatzeko gaitasuna nabarmendu du. Chiapasera joaten den aldiro harrituta gelditzen da «zinema, antzerkia, hezkuntza, ospitaleak, gobernua eta justizia antolatzeko eta meatzaritzaren, krimen antolatuaren eta feminizidioaren aurka egiteko duten ahalmenarekin». Gainera, «alaitasuna, koloreak, irudimena» zabalduz egiten dute. 2003an, EZLN nazio askapenerako armada zapatistak “gobernu onaren batzarrak” deitutakoak eratu zituen berreskuratzea lortu zuen lurraldeetan, komunitateei autonomia emateko. Geroztik, hezkuntza eta osasun zerbitzu bereziak dituzte eta ez dute gobernu mexikarraren esku-hartzerik onartzen. LURRA ETA KOOPERATIBAK, AUTONOMIA ERAIKITZEK0 ZUTABE Aurten 20 urte beteko dira “La marcha del color de la Tierra” zapatisten eta Gobernurako Kontzeju Indigenaren ekimenetik. Beren eskubideak errespetatzeko eskatu zioten Gobernu mexikarrari. Honek ez zuen jaramonik egin, ordea, eta zapatistek honako erabakia hartu zuten: «Eskatzetik egitera pasatuko gara». 2003an “gobernu onaren batzarrak” sortu zituzten, udalerri autonomo errebelde zapatistak koordinatzen dituzten egiturak. Gaur egun hamabi daude. Raul Romero solidarioak azaltzen duen bezala, etxeak, ospitaleak, eskolak, hedabideak, zinemak, antzokiak... komunitateek ongi bizitzeko behar duten guztia eraiki dute bi zutaberen gainean: lurraren jabetza eta kooperatibak. BOTIKA TRADIZIONALA EDO MODERNOA, ERITASUNAREN ARABERA Raul Romero Mexiko Hiriko solidarioak kontatu du duela urte batzuk zapatisten lurralde autonomo batean Doña Julia ezagutu zuela. Pilula bat hartzen ari zen eta bisitan joan zen pertsona batek ez hartzeko erran zion, modernoa zelako. Doña Juliak, lasaitasun eta jakintza handiz, hala erantzun zion: «Ez, lagun, guk botika tradizionala hartzen dugu eritasun tradizionalentzat eta botika modernoa, gaixotasun modernoentzat». ldo beretik, hala idatzi du Francisco Lopez Barcenas pentsalari mistekak: «Jatorrizko herriak ez dira borrokatzen, batzuek pentsarazi nahi duten bezala, atzerapenean segitu nahi dutelako, baizik eta proposatutako garapen motak sakon eragiten duelako beren existentzian eta etorkizunean».