2021 MAI. 15 DURANGOKO MARTXANTERAK Oroitzapen goxoko eta emakume izeneko lanbide gogor baten aitormena Postu ibiltarietan saltzaile ibili ziren emakume haien oroimena bizirik mantentzeko, Durangoko Andra Mari elizpeak hamarkadetan zehar bertan ibili zen azken martxanteraren irudia berreskuratu du. Boni zuen izena eta gozokiak saltzen zituen, baina gehiago ere bazen, herri baten memoriaren figura kutunetako baten azkena. Monika DEL VALLE | FOKU Nerea Goti Durangoko Andra Mari elizpeak azken urteotan galdua zuen irudi bat berreskuratu du berriki, eta harekin herriko eta inguruko belaunaldi ezberdinen oroitzapenak piztu ditu. Boni Macarron, herrian izan zen azken martxanteraren horma-irudia jarri dute elizpean. Bera oroitzearekin batera, beraren eta aurretik izan ziren saltzaile haien lanbidea aitortu eta familia askorentzat emakumeon lana izan zen sostengua ere gogoratu nahi izan du Udalaren ekimen batek. Merkatuaren jarduerarekin lotuta, lehenengo martxanterek barazkiak eta bestelako jaki batzuk saltzen zituzten; batzuek gozokiak saltzen jarraitu zuten betiko lanbidean. Orain, haietako baten horma-irudia dago elizpean, bera eta Durangon izan ziren beste martxantera guztiak gogoratzeko. Denborak gauza batzuk eramaten ditu eta berri batzuk ekartzen ditu, baina joandako batzuk ezin dira ahanzturan utzi, herri baten memoriaren zati direlako. Udal Gobernuko ordezkariek nabarmendu zutenez, emakume horiek komunitateko erreferenteetako bat izan dira. Gaur egun edonon aurki daiteke goxoki denda bat, baina duela urte batzuk arte goxokiak kaleko postuetan saltzen ziren, gehienetan emakumeen kargura zeuden saltokietan. Ordu luzeak kalean, saltzaile. Boniren kasuan, sei hamarkadatan baino gehiagotan jarri zuen postua egunero, askotan hamabi orduko jardunak egiten. Erregaliza, pipak, patata frijituak, gusanitoak… Postu hartan ohiko haurren jostailu txiki horiek ere aurki zitezkeen: Rubiken kuboa, yo-yoak, tronpak... Bere postu hark kolore bizi eta distiratsuz jantzi zuen Andra Mari elizpea urte askotan. Asteburuko paga jaso ostean, elizako ate ondoan zain zegoen Bonik kudeatzen zuen gozokien Eden hura. Umeen eta hain umeak ez zirenen geltoki ere izan zen, Goienkaleko giroan zebilen gazte batek baino gehiagok handik egiten zuen buelta tripazorriak egitean. Txokolatezko opilen bat poltsiko askoren mailara zegoen, pintxoak edo ogitartekoak erosteko beste ez zegoenean. Boniren irudia herrira itzuli da orain. Arkupean saltzaile hamarkadak egin zituen azken martxantera izan zen, baina gehiago izan ziren aurretik. Omenaldiaren harira, Martina, Tere, Francisca, Trini, Sebastiana eta San Faustoko Mertxe gogoratu dituzte Durangon. Lanbideak zeukan beste atal bat ere gogoratu da, emakume izena zuen lanbidea baitzen, emakumezkoentzako lan egiteko aukerak askoz mugatuagoak ziren garaietan. Juanan Bueno Durangoko Hiritartasun arloko zinegotziaren ustez, emakume horien lana balioan ipini behar zen, eta oroitzapena bizirik mantendu. «Durangar belaunaldi ezberdinen artean oso maitatuak» izateaz gain, «askotan oso baldintza gogorretan egungo Durango egiten lagundu duten klase herrikoiko langile horien» figura azpimarratu behar zela uste du. Helburu horiekin, EH Bilduk proposamen bat egin zuen aurreko legealdian, oposizioan zegoenean. Egun Udal Gobernuaren buruan dela, indar subiranistak ideia berrartu eta senitartekoekin bildu zen ekimenaren berri emateko. Itzal handiko figura Bonik itzal handia utzi du herrian, bildu diren testigantza askoren arabera. «Oso emakume berezia izan zen, oso maitatua herrian. Pentsa urte pila batean egon zela bere postutxoan eta hemen mundu guztiak ezagutzen eta estimatzen zuela», azaldu du Juanan Buenok. Kontatu duenez, haur txiki baten begiekin ikusita, liluragarria zen postu hark eskaintzen zuen guztia, baina ez dira umeen oroitzapenak soilik. «Egia da oso pertsona kutuna» izan zela eta horren proba da, adibide gisa aipatzen duenez, askotan haur txikiei esaten zitzaiela «galtzen bazara Boniren saltokira joan eta bertan itxaron gu azaldu arte». Boni Macarron Durangoko Alde Zaharrean jaio eta bertan bizi izan zen hil arte. Amarekin lehenengo, eta Ramon seme txikiarekin beranduago, sei hamarkada baino gehiagotan zehar, urteko 365 egunetan jartzen zuen postutxoa elizpean. Etxeko beste kide batzuen laguntza ere izaten zuen, ahizpena, Juan Mari semearena eta emaztearena... baina urtean zehar, egunero, falta barik 9.00etan jartzen zuen postua eta gaueko 21.00etan itzultzen zen gehienetan etxera. Semeak kontatzen duenez, askotan bertan bazkaltzen zuen postua jasotzen eta berriz jartzen ez ibiltzearren. Elizpetik gertu dagoen Artekalen bizi zen. Handik gurditxoa hartu eta lanera joaten zen, gauean bueltako bidea egin arte. Ez zen bizimodu erraza, eguna ematen baitzuen han, hotz ala bero handia egin arren. Postu finkoa jartzen 11 urterekin hasi zen, eta ia 82 urte bete arte egon zela gogoratu dute etxekoek. Ordu asko ziren kalean, «eta lehengoak negu gogorrak ziren», gogorarazi du Juan Marik, baina osasunez indartsua zela gaineratu du. «Ez zen inoiz gaixorik jartzen, berak esaten zidan ‘elizpean dabilen haizeak zaintzen nau’». Elizpea bere etxea zen Bizimodu gogorra izan arren amak ez zuela inoiz beste lan bat izateko nahia aipatu nabarmendu du. «Bera konforme zegoen, ez zuen inoiz nahi izan beste gauza bat, postua bere bizitza zen, txikitan hasi zen, bizitza osoa eman zuen postuan eta elizpea bere etxe modukoa zen». Kontuan izan behar da, erantsi duenez, «mundu guztia ezagutzen zuela, bata eta bestearekin hitz egiten zuela, postutik pasatzean gelditzen ziren berarekin hitz egiteko... amak gozatu egiten zuen elizpean, oso zoriontsua izan da bertan». Omenaldi ekitaldiaren ostean Juan Mari Boniren semearekin hitz egin zuen GAUR8k. Badalonan bizi da orain durangarra. Penaz dio osasun egoeragatik ezin izan zituela etxekoak ekitaldira ekarri. Andra Mari elizpera itzultzeak, aldiz, amaren oroitzapen asko eta emozio handia ekarri zizkiola onartu du. «Ama mundu guztiak maite zuen, oso atsegina zen, jendeari laguntzekoa», nabarmendu du durangarrak. Duela urte batzuk jaietako txupinera izendatu zutela gogora ekarri du. Hasieran lotsa eta beldur puntu batekin hartu zuen proposamena, baina Juan Marik dioenez, ikusi ahal izan zuen jendeak zenbat estimatzen zuen. Amak jendearekin erlazionatzeko zeukan dohaina aipatzen duenean azpimarratzen du martxantera guztiek antzeko izaera bat izaten zutela, zeukaten lanbidean jendearekin harremanetan egon behar baitziren etengabe kalean, eta horretara dedikatzeko izaera berezi bat izan behar dela gaineratu du. Amak haurrez inguratuta eman zuela bizitza osoa eta txantxekin ez zela haserretzen aipatu du Juan Marik. «Boni, denetik daukazunez, dilista zaporezko txikleak ekartzea nahi dugu», esaten omen zion ume kuadrilla batek. «Bai zera, eta indabazkoak ere bai», erantzuten omen zien, gogoratzen du Juan Marik. Hain hurbileko pertsona zen, ezen udaltzainek galduta zebilen haur bat aurkitu eta Bonik gurasoak ezagutzen zituenez, haurra berarekin utzi baitzuten haren bila iritsi ziren arte. «Hori askotan gertatu zitzaion, haurra berarekin utzi eta ondoan edukitzen zuen aita-amak azaldu arte. Erosketekin pasatzen zen jende askok ere poltsak postuan uzten zituen eta bueltan hartu... konfiantzazko pertsona bat zen jende askorentzat», kontatu du Juan Marik. Gozokiak saltzen emandako urte luze horietan postuan falta ezin zen produkturik ba ote zegoen galdetuta, Juan Marik argi dauka Facundo pipak zirela salmentetan izar. «Pipen poltsak eta poltsak zituen, txikientzat aspitoak eta negritos txokolatezko opil asko ere saltzen zituen, bazooka txikleak, coyac txupatxusak, erregalizak... horiek guztiak ezin ziren falta postuan», erantzun du, belaunaldi ezberdinen historiaren zati ere badiren produktuak zerrendatuz. Pertsona baten adina bera kalkula daiteke txikitan gustuko izandako gozokiaren arabera. Etxean gorde dituzten oroitzapenen artean amak erabiltzen zuen tokilla aipatzen du lehenik. Garai batean gaztaina erreak ere saltzen zituzten, eta erretzeko erabiltzen zuten tresna Badalonan dago orain. «Bilobentzako gaztainak egiten ditut Durangon egiten genituen bezala». «EZ SARTU ELIZAN» OIHU EGIN ZUEN EGUNA Andra Mari elizpean saltzaile bizitza osoa eman zuen Boni Macarronek gertu-gertutik ezagutu zuen 1937ko bonbardaketa. Etxean bazekiten martxoaren 31 hartan neskato bat baino ez zen Boni bertan zegoela, bere postuan. Francoren armadak agindutako erasoak 337 hildako eragin zuen Durangon. Merkatu eguna zen eta eliza eta arkupea bonben jomuga izan ziren. Meza hasi zen une hartan. Bonbardaketaren harira, Juan Marik gogoratzen du postuan ama bakarrik zegoela sarraskia izan zenean. Txikitan Boni amarekin hasi zen postuan saltzen, baina ama gaixotzean, bera egin zen saltokiaren kargu. Etxean bazekiten egun hartan ama bertan izan zela, baina urte askoren bueltan jakin zuten egun harekin lotutako pasadizoa. GAUR8ri kontatu zionez, duela ez hainbeste urte, amari laguntzen ari zen egun batean elizatik irten zen emakume bat amaren postura hurbildu zen. Andrak Boni agurtu eta Juan Mari nor zen galdetu zion. «Semea nintzela esan zionean, emakumeak zera esan zidan: ‘zure amari esker nago bizirik’». «Kontatu zidan bonbardaketa izan zenean, elizara zihoazela korrika, ‘zure amak elizan ez sartzeko oihu egin zigun, bonbak bertan jaurtiko zituztela ohartarazi zigun’», aipatzen du Juan Marik amak argi ikusi zuenaren inguruan. Suposatu zuen eliza bonbardatuko zutela eta handik ihes egin zuen. «Oso grabatuta daukat hori», azpimarratu du semeak. «Amak jende askori lagundu zion». Gogora etorri zaio behin arkupean ezezagun bati behar zuen dirua utzi ziola jakin zuenean Extremadurara itzuli behar zuela baina bidaia egiteko diru nahikorik ez zeukala. «Dirua eta ogitartekoa eman zizkion, eta handik denbora batera gizonak dirua itzuli zion eta opari bat eman zion... horrelakoa zen ama». Ez zuten bizimodu erraza izan postuaren atzean eguneko ordu gehienak eman behar zituzten saltzaileek, baina familia askoren sostengua izan zen lanbide hori Boniren etxekoek gogoratu dutenez, durangarrak urteko 365 egunetan jartzen zuen saltokia elizpean, askotan 12 orduko lanaldiak eginez, baina «zoriontsua zen han»