GAUR8 - mila leiho zabalik

Aukera eta aukeraondokoak


Eusko Jaurlaritzak Aukera erakundea sortu du presoen eta jendartearen arteko zubi lana egiteko, formazioa eta enplegua ardatz izango dituelarik. Oso hitz politak entzun eta irakurri ahal izan ditugu egunotan Beatriz Artolazabalen ahotan, «presoei bigarren aukera bat eman behar zaie» eta horrelakoak esan ditu Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Oso hitz politak, ezin ukatu, baina susmoa dut emakume honek ez duela sekula espetxe bat zapaldu eta ez duela sekula preso dagoen edo egon den norbaitekin hitz egin. Hau da, errealitatea zein den urrutitik ere ez duela usaintzen. Preso daudenetako askok egunerokoan espetxean bizirautekoa lortzeko jada nahikoa lan dituzte. Askok dakite “birgizarteratze” hitzak zer esan nahi duen gehiengoarentzat: barrura itzuliko direla edo/eta beren bizi kalitatea ez dela hobetuko. Orain arte Espainiako Gobernuak izan du ardura hori, ikasteko aukerak, tailerrak... eskainiz. Emaitza ikusi da zein den. Ez dute funtsean dagoen arazoa konpontzen, hau da, espetxeek ez dutela bigarren aukerarik ematen, ez dutela ezertarako balio ez bada gizarteak ezkutatu nahi dituenak leku itxi batean sartzeko, eta pertsonak are gehiago deuseztatu besterik ez dituela egiten.

Orain Jaurlaritzak beste txiringito hau sortu du, jakin nahiko nuke benetan zer helbururekin. Barkatuko didazue, baina niri beste Gogora bat iradokitzen dit. Jonan Fernandez buru jartzea besterik ez zaie falta.

Lehenik eta behin presoei galdetu eta entzun zeintzuk diren haien beharrak eta, bigarrenik, goazen behingoz espetxeak ez diren beste alternatiba batzuez hitz egitera. Aukera ezberdinak daude eta “Aukera” honek zuloak hormigoiz betetzea besterik ez dakar, PNV style. •