GAUR8 - mila leiho zabalik

Gerla iragarleak jakin dezan hautu okerra egin duela


Gaurko garai politiko eta jarduera sozialen adierazle da, hein batean, hizkuntza gutxituen inguruan frantses Estatuak piztu duen krisiari buruz ondoren egin duen kudeaketa. Segurtasunak landu beharrean, demokraziaren tresnak zabaltasunez baliatu beharrean, amildegira begirako eztabaidak sortzen dituzte etengabe agintariek, gizartean adostasun maila handia duten aferak gerlarako munizio gisa baliaturik. Hala gertatu da «Molac legearekin». Inork espero ez zuen gehiengo handi batekin onartua izan zen Asanblea Nazionalean. Egoera deseroso bati erantzuteko aukera bi zituen, finean, Emmanuel Macronek. Nahiz eta Gobernuak ez zuen begi onez ikusten legea, presidenteak aukera bazuen, bere buruari aitortzen dion altueratik, jasotako kolpea baliatzeko «denok garaile» posizioa indartzeko. Bozketak oso emaitza argia utzi zuenez, Macronek are arrazoi gehiago zuen, frantziar presidenteek hainbeste bilatzen duten transzendentzia historikoa zaintzearren besterik ez balitz ere, azken 70 urteetan gutxitutako hizkuntzak babesteko Frantziak aldarrikatutako lehenengo legea sinatzeko.

Alta, horren ordez jarrera endogamikoaren aldeko hautua egin zuen. Hau da, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak gehiengo demokratikoa bihurritzeko asmatu zuen bidezidorrari onespena eman zion. Hala, Legebiltzarrak gehiengo zabalaz onartu zuen legea tiraderan sartu zuen denborak usteltze prozesua abiatu zezan. Bere legebiltzar taldeko hainbat piromanok helegitea zirriborratu zezaten baldintzak sortu zituen, eta handik aurrera auzia zelai irekian laga zuen, botere arteko banaketaren errespetu formalak agintzen baitu presidenteak albo batera egitea. Behin eta berriro, ez soilik lege sustatzaileen ahotik baizik eta zuzenbide alorretatik zein aniztasunaren kudeaketa zailari buruz eskarmentu handia duen hezkuntza komunitatetik ere, oharrak heldu ziren, Macronen babes isilarekin zabaldutako bideak ekar zitzakeen ondorio kaltegarriei buruz.

Alferrik. Macronen sokako legebiltzarkideek ezarritako helegitea aitzakiatzat harturik Kontseilu Konstituzionalak hartu zuen neurririk gabeko ebazpena ezagutu ondoren soilik hartu omen zioten neurria Pariseko bulegoetan egindako bidegabekeriari. Erabakiak hexagonoko eskualde guztietan hautsak harrotu zituen eta, hizkuntza gutxituen ohiko defendatzaileei tokiko erakunde gehienak lotu zitzaizkien. Hori gutxi ez eta, hauteskunde giroak katalizatzaile bezala jokatu zuen.

Macronek bazuen aukera hizkuntza gutxituen transmisioari ezinbesteko bermea emanez aniztasunaren ikuspegia hobesteko, baina Estatuko eremu ilunetatik xuxurlaturiko gomendioa aintzat hartuta irtenbiderik gabeko bidea hartu zuen. Behin paretaren kontra iritsita, bere Facebookeko murruan mezua itsatsi zuen.

Hamarkadaz hamarkada jakobinismoaren erasoei aurre eginez murgiltze eredua garatu dutenentzat laudorio hitzak plazaratu zituen, baina ordurako zaila zen Macronek berak hizkuntza gutxituak eta hezkuntza sareak kolokan jartzeko estrategiari onespena eman ziola paretatik ezabatzea. Gerla iragarleak, bistan da, ez zuen inondik inora ongi neurtu noraino ukan zezakeen ahulenaren aurkako erasoak bere boterea kili-kolo jartzeko gaitasuna. Gerla asmoen aurrean amore emateko prest ez den jendearekin beteko dira gaur kaleak. •