2021 EKA. 05 «ARABA» AGERTU DA Egunotan aurkitutako eskultura Lautada proiektuaren «lehen harria» izan zen Hogei urtez desagertuta egon ostean agertu da Nestor Basterretxearen «Araba» eskultura. Euskal artista handia obra non zegoen jakin gabe hil zen, eta orain haren seme Gorkak pozik asko kontatu du artelana finkatu zuten lekutik kilometro erdira izandako ustekabeko aurkikuntza. Jesus Mari Alegria «Pinttu»-k, berriz, eskultura hori eta beste zenbait bilduko zituen proiektua izan zenaren berri eman du. Xabier Izaga Nestor Basterretxeak 1962an egin zuen eskulturaren erreplika agertu da joan den mendeko 90eko hamarkadan jarri zuten lekutik kilometro erditsura. Aritz Albisuk aurkitu zuen Aratzen “Araba” eskultura, mendi buelta egiten ari zela. Ustekabean, zulo batean erdi ezkutatuta ikusi zuen. Arreta eman zion brontzezko eskulturak, baina ez zuen inondik ere Nestor Basterretxearen eskultura batekin lotu. Asparreneko udalburu Araiako bizilaguna da Albisu, eta haren emazte Amaia bertan jaioa; horregatik, senarrak eskulturaren argazkia erakutsi zionean, hogeitaka urte lehenago jarri zuten lekutik desagertu zen hura izan zitekeela esan zion. Gauza bera pentsatu zuen Asparreneko alkate Txelo Auzmendik ere argazkia ikusitakoan, eta eskulturaren egilearen seme Gorkari hots egin zion. Asparreneko alkatearen deia jaso eta Araiara joan zen Gorka Basterretxea harekin, Albisurekin eta aitaren eskultura menditik jaitsi zuten herriko lagunekin hitz egitera. Haien susmoa ziurtasun bihurtu zuen: zalantzarik gabe, aitaren “Araba” da. Gustura entzun zuela dio nola jaitsi zuten. «Aurkitu eta berehala joan ziren lau lagun, eta jaitsi egin zuten. Babesteko zaku batean bildu eta bi makila luzerekin egindako esku-ohatila baten gainean jarri zuten garraiatzeko». Istorio polita iruditzen zaio Gorka Basterretxeari aurkikuntza hau, eta hala iruditu zaie aurkitu duenari, jaitsi dutenei eta Araiako herritarrei ere, oro har. «Harro daude, nolabait esan, duela hogeitaka urte desagertu zen eskultura aurkitu izanaz. Hunkituta eta oso kontent daude», dio artistaren semeak. Orain Asparreneko udaletxean dago, artistaren familiak zer esango zain. Baliteke Araban geratzea, Asparrenean, hain zuzen, baina oraindik ez dago horren gaineko erabaki finkorik. «Araba», desagertuta Brontzezko eskultura hori Nestor Basterretxeari egin zioten proposamen baten ondorioz jarri zuten Aratzeko tontorrean, Arabako lurraldean baina Gipuzkoa eta Nafarroa ere batzen diren mendian, hain zuzen. Bere eskultura bat jartzea zer iruditzen zitzaion galdetu ziotenean, berehala jakin zuen eskultoreak zein jarriko zuen. Haren semeak kontatu duenez, 1962an eskultura sail bat egin zuen eta euskal probintzien izenak eman zizkien lan haiei. Hartara, Aratz mendirako “Araba” izenekoa aukeratu zuen. Zurezko eskultura zen, eta mendian jartzeko brontzezko erreplika bat egin zuten. Handik urte gutxira desagertu zen eskultura. «Bere lekutik kendu zuenak edo zutenek ez zuten asmo onik izan. Aurkitu zuten lekutik ateratzeko lau lagun joan dira. Aspaldi zabaldu zen beharbada norbaitek etxera eraman zuen zurrumurrua, baina ez, hor botata agertu da, eta edozer pentsa dezakezu. Sabotajeren bat izango zen? Atera dutenek esan dutenez, eskultura agertu den lekuraino eramateko izango zituzten lanak eta handik ateratzeko egin behar izan dutena kontuan izanda, ez daukate zalantzarik aldez aurretik pentsatutako ekintza izan zela, eta uste izatekoa, gainera, asmo txarrez egina», dio Basterretxeak. Antzeko iritzia agertu zion Asparreneko alkateak NAIZi: «Bakoitzak nahi duena pentsa dezake gertatutakoari buruz, baina kendu zuenak baliabide askorekin egin zuen, eta orain erreskatatzeak ere lanak eman ditu». Zer dela-eta proposatu zioten Nestor Basterretxeari bere obra bat mendi horretan jartzea? Proiektu baten hasiera zela dio eskultorearen semeak, baina ez dakiela haren nondik norako zehatzik: «Pinttuk jakingo du proiektuaren berri, oker ez banago, aitari proposamena egin ziotenen artean baitzegoen». Proposamena egin ziotenen artean ez ezik, proiektuaren sorreran ere izan zen Jesus Mari Alegria Pinttu, Araiako semea. Proiektu baten «lehen harria» Madriletik iritsi berri da, Federico Mayor Zaragoza Unescoko zuzendari ohiak eman dion biolina aldean. Izan ere, Pinttu Mugarik Gabeko Musikariak elkarteko presidentea da, eta Siria eta Irak aldeko Kurdistango emakumeei eta umeei gerraren ondorio lazgarriak gainditzen laguntzeko “Tresna Banku” bat abiatu zuten inguru hartan zenbait proiektu bultzatzeko. Gasteizera iristerako badaki “Araba” eskultura aurkitu dutela. Aspaldi zuen obraren berri, berari eman baitzion Nestor Basterretxeak arte, kultura, umore eta elkartasun proiektu baten «lehen harri» gisa erabiltzeko. Lautada proiektua abiatzeko, alegia. Lur Eder Elkartearen egitasmoaren lehen partea Hego Euskal Herriko lau probintziak artearen bidez lotzea zen, «artez jostea» Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako mugetan zehar 12 eskultura jarriz, «Anbotoko Damaren hegaldia» irudikatuz. Ideiaren genesia azaldu du Pinttuk: «Becerro de Bengoak zioen Lautada inguratzen duten mendi horiek euskal gotorlekuaren harresiak direla, eta nik pentsatu nuen horiek euskal gotorlekuaren harresiak badira, Lautada kultura lubanarroa dela. Eta hortik abiatuta, ondoren Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ere lotzeko asmoa genuen, zortzi eskultura gehiagorekin». Nestor Basterretxeak “Araba” eskultura eman zion berehala, Donostiako II. Bienala irabazi zuena. Zurezko obra zen, eta brontzezko erreplika egin zuten. Araiako jendeak jarri zuen Aratzen. «Burdinazko esparragoz sendo lotuta», dio Pinttuk; horregatik, berak ere uste du aldez aurretik pentsatuta eta asmo txarrez kendu zutela: «Jakinaren gainean eta maltzurkeriaz». Pinttuk beste hainbat artista ezagunekin hitz egin zuen, eta denek eman nahi zuten proiekturako obra bat. Biltzen hasi ziren obrekin Araiako eskola zaharrean arte garaikideko erakusketa bat egiteko proposamena egin zien Arabako Aldundiko arduradunei eta haien aldeko iritzia jaso zuen, baina finantziazio faltagatik eta bidean topatu zituzten beste zailtasun batzuengatik, eta batez ere “Araba” eskultura erauzi eta eraman zutela ikusita, bertan behera geratu zen ideia hura eta proiektu osoa. Proiektuaren izaera integrala kontuan izanda, mendietako eskultura bakoitzaren 75 erreplika egitea pentsatu zuten, aterako zutenaren heren bat egileei emateko, beste heren bat erreplikak egingo zituen urtzaileari eta beste herena Lautada proiekturako: «Diru kopuru mardula aterako zen Lautadako neska-mutilentzako bekak emateko». «Nestorri oso ondo iruditzen zitzaion proiektua. Oso abertzalea zen, eta eskuzabala», gogoratu du Pinttuk. Lautada proiektua, beraz, bertan behera geratu zen; edonola ere, hartatik jaio zen Araia-Asparreneko Umore Antzerkiaren Jaialdi ospetsua. Eta, garatu ez bazen ere, proiektuaren lehen harria berreskuratu dute, kulturaren artearen eta elkartasunaren sinbolo gisa. Basterretxearen semeak dioenez, 1962an euskal probintzien izenak hartu zituzten eskultura batzuk egin zituen. Hartara, Aratz mendirako «Araba» izenekoa aukeratu zuen Pintturi eman zion Nestor Basterretxeak «Araba» obra, arte, kultura, umore eta elkartasun proiektu baten «lehen harri» gisa erabiltzeko. Lautada proiektua abiatzeko, alegia