GAUR8 - mila leiho zabalik

Kalte emozionalak


Diotenez, izurriak ondorio emozional larriak utziko ditu. Lehen, gorputza eta arima elkarrekin baina beregainki edo bakoitza bere aldetik ibiltzen zirenean, gauzak sinpleagoak ziren. Gorputzak bere gaixotasunak izaten zituen eta arimak bereak, “keria” atzizkiari lotutako nagikeria, haragikeria etab. luze hura. Gure gurasoen garaian ez zen apenas depresiorik, estresik eta gisakorik. Tristealdiak izaten zituzten edo nekealdiak. Gehienez ere, batek nerbioetatik sufritzen zuen. Gaixotasunak fisikoak izaten ziren.

Orain, arimaren lekuan psikea jarri genuenetik, hain egiten dute bat biek, non gaixotasunak psikosomatiko bilakatu diren. Nik egunero entzuten dut inguruan «bai, antsietate atake bat izan du», «autoestimu arazoak ditu», «egoak edo superegoak huts egin dio» edo «depresioren bat izango zuen». Bikote batek arazoak baditu, psikologoarengana doa. Umeak psikomotrizitatera joaten dira jaio eta berehala edo logopeda dute hitz egiten hasi aurretik. Iloben artean erdiek yoga egiten dute. Erromerietara ez dira joango, baina biodantza praktikatzen dute. Arnasa hartzera mendira joan beharrean arnasketa ikastaroak egiten dituzte. Ibilaldi bat egin eta bueltan ordulariari erreparatzen diote bihotzak zenbat taupada eman dizkien edo zenbat kaloria erre dituzten jakiteko. Ez dute inoiz bisigurik jaten, hidratoak edo kaloriak baizik. Lehen damua arimarentzat kaltegarri ziren bekatuen ordaina zen. Orain hidrato gehiegi jateak sorrarazten du damua. Eta gauza guztien gainetik aholkularien eta tailerren garaia da hau, gure gazte garaian baino askoz ere tailer gehiago dago bazterretan, adimen emozionala lantzeko, ahalduntzeko, asertibitatea indartu edo geure baitako gatazkak konpontzeko.

Psikea arima baino ahulagoa dela dirudi. Geure buruaren biktima bihurtu gara eta autolaguntzako industria bat antolatu dugu. Orain, izurria indargabetzen hasi delarik, ondorio emozionalen txanda etorriko da eta terapeutek pagotxa dute.

Neu ere pitin bat ukituta atera naiz pandemiatik, baina egun batzuk pasatu nituen joan den astean Nafarroan, sagardotegian txuleta eder bat jan nuen, hiruzpalau bazkari aurreikusita ditut jatetxe kuttunetan, arnasketak Pagoetan egiten ditut baina Txindoki ere begiz jota daukat eta nire egoera emozionala poliki-poliki hobera doala esango nuke. •