2021 EKA. 12 IKUSMIRA ULERTZEKO ZAILA, ULERTUTA MINGARRIA Aritz LOIOLA | FOKU Amagoia Mujika «Hilda bizirik» dagoela kontatu zigun Irune Costumerok. Alaba besoetatik kendu zioten eta alabari kalte egiten ziola esan, ustez horretan adituak direnek. Bera ama da eta emakumea, horretan da aditua eta aritua. Gurasoen alienazio sindromea, medikuntzaren begietara existitzen ez den sindromea, baina zerbitzu sozialetan aise darabiltena amari haurra besoetatik kentzeko. Tresna hori erabiltzen denean, amaren eta seme-alaben hitzak indarra galtzen du. Gezurteroak dira, irudimentsuak, eta gezurra esaten dute aitari kalte egiteko. Aita dohainez betea da. Aldiz, amak ez dauka inongo gaitasunik eta seme-alabek, ama kontentatu nahi dutenez, gezurra esaten dute. Normalean tratu txarren edo abusuen salaketa kasuetan erabiltzen da sindromea. «Lehenik tratu txarrak jasan dituzula eta umiliatua izan zarela barneratu behar duzu. Zapaldua izan zarela eta horregatik dibortziatu zarela. Hori da lehen estigma. Eta, gero, gainera, haurraren zaintza kendu dizutela kontatu. ‘Inori ez diote kentzen haur bat, zerbait oso gaizki egingo zuen ama horrek epaile batek haurraren zaintza kentzeko’. Pentsa noraino sentitzen zaren umiliatua». Eta bitartean amaren magal epeletik urrun dago neskatoa, magal horrek erre egiten omen ziolako. Aitaren besoetan utzi dute, nahiz eta berak askotan esan beso horiek beroa baino mina ematen diotela. Bere hitzak ez dituztela entzuten konturatuta, haurrak hitzak gordetzen ikasten du, mina barruraka sartzen, emozioak itzaliak mantentzen, «hilda bizirik» irauten. Ama eta alaba elkarrengandik urrun, «hilda bizirik». Elkarren ondoan zauriak sendatzeko aukera izatea opa diet. Ulertzeko zein zaila den, eta zein mingarria behin ulertuta.