2021 UZT. 10 Euskal Herrikoa izatea kaka zaharra bilakatu al dugu? Ramon Sola Lagun batek laburbiltzen duenez, herri hau «jasan dezakeena baino gehiago espainoleatzen ari da» azken bolada honetan. Ez diot nik arrazoia kenduko, zenbait adierazgarri ikusita, baina espainiartasunak gorantz egin duela baino gehiago euskaltasuna krisian delakoan nago, edo lozorroan behintzat. Gure herri harrotasuna apaldu egin dela, espainiar izatearena puzten joan den bitartean. Pancorbotik beherako bidea egiten erraz nabari daiteke gure kale paisaiatik desagertu den ikurrin bakoitzetik bi piperpoto zintzilikatzen dituztela han. Har dezagun futbola adierazgarri gisa, beste edozein gai izan litekeela jakinda, ezerk gutxik duelako horren indar sinbolikoa. Inoiz baino elastiko gorri-hori gehiago ikus daiteke gure karriketan eta nekez uka daiteke beste hamarkada batzuetan berdea gehiago janzten genuela. Euskal umeek txapeldun ikusi dituzte Espainiako eta Frantziako selekzioak, eta euskal selekzioa... ez dute ikusi ere egin. Baina egoeraren adierazle garbiagoa –bai eta patetikoagoa ere– deritzot gizonezkoen selekzioaren entrenatzailearekin gertatu dena: Libiaren eskaintza onartu berri du (ez Italiarena, ez Argentinarena) eta Euskal Herrikoarekin bateragarria ote den galdetu diotenean, partidarik ez dagoen bitartean egingarria dela erantzun du gizonak. Serio ari zen edo txantxetan ez dut ulertu, baina karguan segitzen du. Badira, jakina, adierazgarri garrantzitsuagoak. Pandemiaren testuinguruak Madrilen zein Parisen jaun eta jabegoa indartu du. Urkulluren asteroko haserrealdiak ez dira ezertan gauzatu, umeen kasketak bezalaxe. Gaur Pariseko udatiar batek txertoa lor dezake Biarritzen baina Irungo gazte bati ukatuko zaio. Nazio tresna batzuk galtzen utzi ditugu, azkena Gaindegiaren behategia. Euskararen erabileraren moteltzeaz luze hitz egin liteke. “Gernika”-k Madrilen segitzen duela gogoratu berri digute, nola eta Ibarrolaren lan batekin, non eta Madrilen bertan. Adibide arin batzuk dira, ez besterik. Autoflagelazioa ez da ariketa osasuntsua. “Trainspotting”-en pasarte ezaguna etorri zait burura (https://www.youtube.com/watch?v=M4UfFIuAo1w): «Eskoziarra izatea kaka zaharra da!». Ginebra botila eskuan oihuka diharduen Mark Rentonen arrazoi berdinak bere egingo lituzke hemengo askok: «Batzuek ingelesak gorrotatzen dituzte, nik ez, ergel batzuk besterik ez dira, ergel batzuk kolonizatuta bizi gara, gu kolonizatuko gaituen kultura duin bat ere ez dugu aurkitzerik izan, tontolapiko batzuek gobernatzen gaituzte, hau kaka zahar handi bat da eta munduko aire garbi guztiak ere ez ditu gauza puta horiek aldaraziko!». Nihilistatzat har genezake Renton baina nihilistatzat joko genuke Evaristo Paramos ere eta honek Euskal Herria Galiako herrixka gaindiezintzat izan du; bada aldea. Egungo autoestimu galera honekin ez omen daude kezkaturik euskal gobernariak; kontrakoa iragar liteke, batzuk eroso-eroso direla autoexijentziaren mailaren jaitsiera honekin, ardura politikoak gainetik kentzen dizkien neurrian. Garai postpandemikoetan, gainera, ez da herri harrotasuna berpizteko baldintzarik antzematen, joera indibidualen eztanda baizik. Bistan da, ordea, Euskal Herrian, herri mailan eta kudeaketa politikotik aparte, gauzak ondo eta txukun egin direla urte eta erdi honetan, salbuespenak salbuespen, badela nor bere senideekin, auzokideekin, herriarekin harro egoteko motiborik. Bistan da ere gure geografiaren perimetro osoan harrotasunerako arrazoi faltarik ez dela, Ipar Euskal Herriko hauteskundeen emaitzetatik Union Tuteraren sorkuntza zirraragarrira. • Los gobernantes vascos no están preocupados por esta pérdida de autoestima: se puede predecir lo contrario, que son cómodos porque les quita de encima las responsabilidades políticas