GAUR8 - mila leiho zabalik

Lan antolakuntzaz hitz egiteko une aproposa da


Lanaren etorkizuna gaurkotasun handiko gaia da. Ez bakarrik pandemiaren ondorioz etor daitekeen krisi ekonomikoaren ikuspegitik, alegia, langabeziaren ikuspuntutik, baita bizitza partikularraren eta gizarte antolaketaren aldetik ere. Joe Bidenen «Pay Them More!» esalditik hasi eta telelanari buruzko gogoetetaraino, lana etengabeko eztabaida gaia da gaur egun. Ez da gutxiagorako, langileon bizitzan suposatzen duena kontuan hartuz gero.

Adi, ez naiz lanaren kontzeptuaz ari, baizik eta lanaren antolaketaz. Gero eta gogoeta gehiago entzuten dira lan jarduerari buruz, ez soilik ikuspuntu teoriko, sindikal edo enpresarialetik. Duela gutxi arte oso urrutikoak ziruditen zenbait errealitate honezkero hemen daude. Jakina, lana teoria ekonomiko eta sozial handietan agertzen da, marxismoan, adibidez.

Lanagatik, adimen artifizialari buruz irakurri behar izan dut azkenaldian, eta honek izango duen eragina izugarria da. Ugaritasunaren teoriek zenbait urte barru lan egitea ez dela ezinbestekoa izango diote. Makinek, robotek edo adimen artifizialak berak gaur egun gizakiok egiten ditugun lan gehienak egin ahal izango dituzte. Haien ustez, benetako eztabaida aberastasunaren banaketarena izango omen da.

Adi, beren burua erreskatatzeko ate bat dirudi; sistema kapitalista bideragarria ez dela eta zibilizazio mailan suntsitzailea izan daitekeela konturatu direnentzat atzeko ate erretoriko bat. Pozoia eta antidotoa dituztelakoan lasaitzen dira. Aberatsak dira, eta ez zaie gustatzen aberatsak izatea. Barkatu, aberatsak izatea maite dute baina ez dute beraiek hain aberatsak izatearen arrazoia gehiengoaren pobrezia dela onartu nahi.

Kontuan izan behar da roboten zergei buruz eztabaidatzen duten aditu hauek sarri bankuetako zuzendariekin partekatzen dutela mahaia, besteak beste. Uneotan, bankari hauek, mozkin ikaragarriak lortu arren, milaka langile kaleratzea erabaki dute. Pertsona eta korporazio horiek mozkinengatik ordaintzen ez dituzten zergak robotengatik ordainduko dituztela sinistea ez da erraza. Are zailagoa da sinestea etorkizunean mozkin horiek banatuko dituztela, onurak dituztenean enpleguari eusteko borondaterik erakutsi ez dutenean. Gauza bat da utopikoak izatea eta beste bat fededunak izatea. Hirugarren aukera gainerako guztiok ergelak garela sinestea da.

Langileon egunerokotasunetik gertuago, etxetik lan egiteko esperientzia bitxia, interesgarria edo traumatikoa izan da. Baldintzen arabera eta bizitza nola antolatu duzun kontuan hartuta, telelana lasaitua, aukera edo zigorra izan daiteke. Adibidez, bulegora ez itzultzeagatik lana uzten duten pertsonei buruz ari diren erreportaje pila bat topatu ditzakegu. Aldi berean, gero eta jende gehiagori entzuten diogu bulegora ez badira itzultzen erotu egingo direla.

Telelana ala bulegoa. Eztabaida gehienak parametro horietan planteatzen ditugu, zero baturako joko gisa. Irtenbide gehienak, ordea, hibridoak izaten dira. Aurrekoaren kalteak eta miseriak onartu ditzagun –presentismoa, adibidez–, azaldu ditzagun guztion interesak eta beharrak –kontziliazioa, nabarmen–, izan gaitezen kooperatiboak eta eraiki ditzagun alternatibak. Ondo lan egin ahal izateko, alegia, ez robotak eta ez bankariak bezala. Kidetasunez, bizitzeko eta eraikitzeko. •