2021 UZT. 31 ETA MAITA HERRIA... (BOSGARREN ATALA) Idoiak Patxiren sendia ezagutu du haren etxean. Afalorduan, nekazaritzaren etorkizun beltza dute hizpide. Patxik eta Idoiak elkarrekin bizitzea eta, denbora bat iraganda, ezkontzea erabaki dute. Ezkontzaren ondoren jota bat abestuz bukatuko da bosgarren atal hau. Haira ARIZTEGI Gerardo MUNGIA 6. JELKALDIA. Ibaiertzean amodiotan izan dira elkarrekin xarmatuak. Handik, Patxiren gurasoen etxerat afaltzera doaz bestetako egun handia delakoz. Bikotea, jendez beterik den etxeko ezkaratzean sartzen da. Eneko (Patxiren anaia) Idoia eta Patxi agurtzera doa. Jelki taulara Idoia, Patxi eta honen ahaideria ate urdinetik. Tauladako zoko batean arreba tikiak jostetan ari dira. Eneko (anai gehiena) 69. Eta nor da andere hau? Begi horiek hain distirant. Zein pollita, zoin karana! Erraguzue kuxian. Idoia 70. Idoia ene izena. Elkarrekin gabiltza biok. Berriki gure kontua. Zen(ren)dako hainbeste harrizio? Eneko 71. Ongi etorri etxerat. Barkatu trebekeria. Pasa zaitezte salarat. Ezagutu ahaideria. Xabier (anaia) 72. Aita, amatxi, osabak, Lehengusuak, ama, izebak, Enekoren seme-alabak. Tiki hauek gure arrebak. Senideak eskualde ezberdinetarik joanak dira. Eta hasten dira afaltzen… Fermin (aita) 73. Berriki Iturberoan aurkitu ditek gizon bat hil abantzu bertan zena. Intoxikatua orobat. 74. Edan omen zian gaixoak urbasa zena sinetsia, maluruski ohar gabe pozoitzen zuela bizia. 75. Intsektizida, abonuek iturburuak kutsatu. Lurpeko goaietan sartu. Araztasuna mendratu. Donado (osaba) 76. Lurra agortuta zegok. Jadanikan lugorria. Uzta erdia bilduko duk lagun bagaitu zoriak. Iñigo (lehengusua, kusia) 77. Intxaurrondoak landatu. Ardiak, behiak idoki. Abeltzaintza gainbehera. Ari natzaizue serioski. 78. Abereekin beharturik. Lanpeturik, ez bestarik. Noiztik nihaur oporretan? Ez diat oroitzapenik. Maritxu (lehengusina, kusia) 79. Abonu, bihi etxeak: Monsanto, Bayer, Dow Chemical… Nekazaritzan nagusiak. Hauek nola bara ahal? 80. Ihinztaketa sistemak, urtegiak, ubide anitz. Zer dituk, maula ala mauka? Ni badaezpada kanpix. Eunate (lehengusina, kusia) 81. Geroa, non? Landetxetan? Herriak husten, ixiltzen. Gure mundua ondikoz ari zaiguk ezabatzen. Izaga (arreba tikia) 82. Lagun guti jolasteko hutsik baitira karrikak. Bakarrik Mari ta biok auzokoekin kilimixkak. Alaitz (arreba tikiena) 83. Ni tikiena herrian. Jolasteko Potxo (txakur kumea) baizik. Banoaie berarekin Ene adineko ez haurrik. Patxi 84. Iraila diagu hurbil. Aitzinatua duk uzta. Arto-labore, soroak aurten goldatu hobe markaz (lau hortzetako goldea) Denak erretira. Taula hutsik geratu da. Jelki artzainak ikusleen arteko korridoretik. Kantatzera doaz. Artzainak (ardiekin, txakurrarekin eta astoarekin) igaiten dira taula gainera. 3. KANTOREA: Euskal Herria, lau urtaro –Udaberriak zapart eginez, gibelean utzirik negua. Enarak, txirrinak, urubiak tai gabe parekatze entseguan. Landareen kimuak urratzen zeru dunduaren soseguan. Natura osorik pulunpatzen amodioaren edanguan. –Tamalgarria iduritzen zait uzta ez duena izan bizi. Lasto-haxeak, bihi horailak astorki usaina eta kizki… Ez joan, ez joan, ez joan... Lurraren heiagora. Ez joan, ez joan, ez joan... Arbasoen galtoa. –Larrazkenean palto ñabarrak. Aitzinaturik dator mahaska. Jitoak heldu mahats-biltzera. Urrundik beren suak pindarka. Udalde luze, idor izan da. Fruituak, igaliak metaka. Pirinioko ibarretarik artaldeak hegorantz marraka. –Neguan karriketan salara. Subilez egurtegia plenik. Sukaldean umea katuka Leka-kordak hagatik zintzilik. Ez joan, ez joan, ez joan... Lurraren heiagora. Ez joan, ez joan, ez joan... Arbasoen galtoa. Artzainek, kantorea eman ondoren, opilak banatzen dituzte ikusleriaren artean. Gero guziak erretira. Orain taulada garbitu behar... ardiak ibili baitira. Taulada hutsik eta garbia geratuko da. 7. JELKALDIA Denbora batez Idoia eta Patxi elkarrekin bizi izan dira. Orain ezkonduko direla ebatzi dute. Jelki taulara Idoia, Patxi, beren adiskideak eta senideak. Jelki Mera alkatea eta haurrak. Euskal jaia. Mera (alkatea) 85. Gaur ororen aitzinean Patxi eta Idoia ja ezkonduak zarete. Elkarri jar uztaiak. Haurrak 86. Gure adiskide hauek bizi daitezela luzez. Senarra eta emaztea. Ogi eta jaki bitez! 87. Ezteiak ospe handian, lagunek buru ditzagun! Maitaleen nahiak haatik bildutasun, barnatasun. 4. KANTOREA: Jotak -Zugandik hurbilago Ai! maitea… Nehoiz baino gehiago. Karana ezinago, Sutan, irrikaz nago. Gaua goaitean dago. Ai! maitea… Zugandik hurbilago. -Gure bular gainean Amodioa… Ezartzen garenean. Miazkatzen gaituenean. Izerdi usainean. Orgasmoaren minean. Amodioa… Gure bular gainean. Airea: “Nafarroa” (Jean Mixel Bedaxagar - Mila M. de Jaurrieta). Jelki dantzariak erdiko bortatik: Ezkonberrien dantza. Gero, guziak taulatik erretira.