2021 ABU. 21 infraganti BEÑAT LASAGABASTER Gasteizko Alde Zaharreko Aiztogile kalean, «Kutxin», badago kontzertuak antolatzen dituen taberna bat, Dazz izenekoa. Ez da zuzeneko musika eskaintzen duen taberna bakarra, baina bai jende asko jazzera hurbiltzea lortu duena, lagun arteko giroan eta maila handiko musikarien laguntzaz, Beñat Lasagabasterrek sumatzen zuen hutsunea beteta. Xabier Izaga Beñat Lasagabaster Galdos arrasatearra musikazalea da. Betidanik. Urte askoan DJ ibili da, bere herrian 18 urte zituela hasita 40 bete arte. Denetariko musika jartzen zuen, batez ere jazza, funka eta soula. Azken urteotan, Gasteizko Aiztogile kalean Dazz taberna zabaldu zuenetik, ez du jardun horretan jarraitzeko astirik; hala ere, musikarekiko harreman betean jarraitzen du, tabernan bertan kontzertu areto txiki bat kudeatzen baitu. 1998an joan zen Gasteizera eta zenbait urte geroago, Hego Amerikan denboraldi luze bat eman ondoren, Arabako hiriburura itzuli zen ideia argi bat zuela: Alde Zaharreko taberna batean jazz klub moduko bat zabaltzea. Dazz kluba 2015eko abenduan zabaldu zuen Dazz eta musika areto bihurtzeko ideia argi zeukan, beraz, «baina sekula ez genuen pentsatu heldu garen maila ematea, Euskal Herrian eta penintsulan erreferente bat izateraino», dio. «Oso pozik gaude hasieratik jendearen erantzunarekin». Sekula ez zuten pentsatu bertan jotzen duen jendea Dazzera joan zitekeenik. «Eta ez etortzea bakarrik, zeren etortzen direnak normalean behin etorri eta irrikatzen daude bueltatzeko, ez dakit zer ematen dugun… tira, zerbait ematen dugu: batez ere akustika ona, soinu ona eta publikoaren eta artistaren arteko errespetua, musikarekiko errespetu handia, eta hori asko baloratzen dute artistek. Pandemia aurretik 140 lagun batzen ziren kontzertuetan, guztiak isil-isilik». Lehen kontzertua 2016ko otsailean izan zen. Hilero bat egiten zuten; ondoren, bi egiten hasi ziren, batzuetan hiru; geroago, astean behin... eta hilean bost edo sei ere bai. Ordurako Beñatek bazuen halako heldutasun musikala. Gasteiz, Donostia, Getxo, Bartzelona, Madrilgo eta beste hainbat lekutako jazz jaialdi askotara joan ohi zen, eta kontzertuak antolatzen hastea erabaki zuenean, gaurko musika estilo askoren oinarri den horretara jo zuen: jazzera, hain zuzen. Oraindik ere ez du jazz jaialdien pistarik galtzen, «zein non dabilen» jakin eta Dazzera gonbidatzeko. Asmo handirik gabe Beñatek dioenez, konturatu dira arrakasta handia izan dutela, batez ere beren helburuari dagokionez. Hutsune bat sumatzen zuten eta hori bete besterik ez zuten nahi. Asmo handirik gabe, baina asmo argi bat zutela: elitistatzat jotzen den hori kalera, jendartera ekartzea. «Jende umila hasi zen jazza egiten, eta jende arrunta jazzera hurbiltzeko asmoa genuen». Estereotipoetatik atera nahi zuten, jazza «jende, musika edo gertaera elitistekin lotu izan baita, baina jazza kalean hasi zen, oso jende umilak jotzen zuen…». Eta lortu dute Kutxi kaleko taberna batean lehen mailako jazza entzutea, doan. Izan ere, oraintsu arte, ia bost urtean, ez dute zentimorik ere kobratu jazz munduko lehen mailako artisten kontzertuetara joateagatik. «Guretzat ikaragarria izan da». 140 pertsonarentzako kontzertu batek izan behar duen aurrekontua kontuan izanda, errentagarria ote da Dazzen jarduna? Horixe galdetu izan omen diote Beñati. «Igande arratsalde batean tabernako kontzertu batera 140 pertsona sartzen zirenean, erdi hutsik zegoenean baino etekin handiagoa zegoen, ez? Alde handia dago. Beti ez dugu dirua irabazi, baina dirurik irabazi ez dugunean ere, beste zerbait irabazi dugu. Eta balantza jarrita, dena ez da dirua. Artista onak aurkitzea, guri katxe apalago bat ematea, horien bidez beste artista batzuek gure berri izan eta hona deitzea…». Orain, pandemiak behartuta, aforoa murriztuta, sarrera ordaindu beharra dago kontzertuetara sartzeko. Aretoaren edukiera erdian, kontzertu bakar baten ordez, 40 lagunentzako emanaldi biko saioak egiten dituzte. Edonola ere, publikoak gustura ordaintzen ditu 10 euro eta eskerrak ematen dizkie, bertako musikak eta giroak gehiago merezi dutelakoan. Sekretua, lana eta seriotasuna Urtero, Gasteizko Jazzaldia baino lehentxoago, jazz ziklo txiki bat antolatzen dute, Dazz Jazz izenekoa. Iaz, Aiztogileko aretoan egin ezinik, Vital Aretoan izan zen, 150 lagunentzako edukierarekin. Aurten, berriz, Jesus Guridi Auditoriumean, eta askoz jende gehiagok izan du kontzertuetara joateko aukera. Eurek ere espero ez zuten arrakasta horren sekretua zein den galdetzen diote lagun askok Beñati: «Ez dago sekreturik. Batez ere seriotasuna, gauzak ahalik ondoena egin eta lana. Zuk ikusten baduzu aurrera badoala, eta gainera fruituak ematen baditu, filosofia horrekin jarraitu behar duzu». Hasieran Beñatek bilatzen zituen artisten kontaktuak; orain, berriz, haietako askok deitzen diote berari, euren artean ahoz aho zabaltzen baitute klub berezi horren berri. Euskal Herrian eta Estatuan ez ezik, Europan ere gero eta ezagunagoa da, baita munduko bazter gehiagotan ere. «Esate baterako, Europara bira egitera datozen amerikar askok Gasteizera deitzen dute, Dazzen kontzertua egiteko eskatuz. Batzuek igual jaialdiak dauzkate, katxe handiarekin, eta libre daukaten egun batean Dazzera etorri nahi dute, nahiz eta gutxiago kobratu, eguna gustura pasatzera». Izan ere, entzuleek bezala, lagun arteko giroa topatuko dute musikariek ere; hori bai, «betiere profesionaltasunez jardunda», nahiz eta halako jendearentzat bertako katxeak oso murriztuak diren. «Azken batean, jende hori, batek Oscar bat eta besteak hamaika sari eta sona handia izan arren, zu eta ni bezalakoak dira. Oro har jende onena, musikaririk onenak apalenak izaten dira, eta batez ere tratu adeitsua nahi dute». Pandemia aurretik, 2019ko azaroan, BBK Jazz Saria jaso zuen Dazzek, EAEko jazz klubik onena izateagatik. Ezuste handia izan zen Beñatentzat. Arazoren bat ere izan dute, ordea. Esate baterako, 2019an Udalak kontzertu kopurua murriztu nahi izan zuenean. Hilean bat baino ez baimentzeko asmoa zuen kontzertuak betiere ordutegia errespetatuz eta inoiz bizilagunekin arazorik batere izan gabe egiten ziren arren. Tabernariek eta musikariek bat egin zuten neurri horren kontra eta bertan behera uztea lortu zuten. Lehen mailako artistak Dazz Jazzen bezala, ohiko kontzertuetan ere maila handiko artistak izan dira, Euskal Herriko, estatuko zein Europakoak, baita AEBetakoak ere, hala nola Ben eta Leo Sidran aita-semeak. Ben Sidran, besteak beste, Rolling Stones taldearen, Diana Roosen eta Eric Claptonen produktore eta Steve Miller Band-eko kide izandakoa, Dazzera itzultzeko irrikaz omen dago. Haren seme Leorekin oso harreman ona du Beñatek. New Yorkera doanean, ezinbesteko bisita du Brooklynen, han bizi baita Jorge Drexlerrekin batera “The Motorcycle Diaries” filmeko “Al otro lado Del Río” abestiagatik Oscar bat irabazi zuen musikaria. Sidran gazteak kontzertu bi egin ditu Dazzen, eta aurtengo urrian hirugarrena egingo du. Bertan lehenengo kontzertua egin zuenean, denek «flipatu» egin omen zuten, baita Beñatek ere. Eta ez zuen gutxiago flipatuko musikari estatubatuarrak esan zionean hura bere bizitzako kontzerturik onena izan zela. Beñatek behin esan zion bazekiela Ben Sidran urtero joaten zela Espainiara, Madrilgo klub famatu batera, eta luze gabe semeak aita Gasteizko klubera etortzea lortu zuen. Ben Sidranek bertan jo eta, gehienek bezala, itzuli egingo da. Aurten pandemia dela-eta, ez du etortzerik izan, baina espero dute datorren urtean etortzea. «Guretzat horrelako jendea etortzea, Kutxiko lokal batera jende hau etortzea, sekulako lorpena da», dio Beñatek. Publikoari dagokionez, lehendik ere jazza gustuko zuen jendea ziren batzuk, baina beste batzuk jakin-minez hurbildutakoak, eta jakin-mina zaletasun bihurtuta, kontzertu gehienetara joaten direnak. Beñatek dioenez, ez da disko bat entzutearen parekoa. «Musika mota hori entzuten ohituta ez dagoena CD bat entzun eta aspertu egiten da. Neu ere batzuetan aspertzen naiz halako batean disko bat entzuten, baina zuzenean entzun eta ikusita, besterik da. Ordubeteko kontzertu bat, kristoren saxofoilaria, kristoren bateria-jotzailea metro batera, ikuskizun ikaragarria da. Zuzenean entzun eta ikusteak ez du zerikusirik CD bat entzutearekin. Eta lortu dugun beste gauza bat da askotariko jendea elkartzea, hainbat adinetako, hainbat estilotako jendea, eta gainera nahikoa fidela izatea». 18 urteko gazteak joaten dira, eta hortik gora… ikuslerik zaharrenak 87 urte dauzka. • «Ez dakit zer ematen dugun… tira, zerbait bai: batez ere akustika, soinu ona eta publikoaren eta artistaren arteko errespetua, musikarekiko errespetu handia, eta hori asko baloratzen dute» «Jazza jende, musika edo gertaera elitistekin lotu izan da, baina kalean hasi zen, oso jende umilak jotzen zuen…». Eta Kutxiko taberna batean lehen mailako jazza entzutea lortu dute Leo Sidranek Dazzen lehen aldiz jo zuenean, «flipatu» egin omen zuten. Beñatek ez zuen gutxiago flipatuko estatubatuarrak esan zionean hura bere bizitzako kontzerturik onena izan zela Lehendik jazza gustuko zuen jendea joaten da, baina beste batzuk jakin-minez hurbildutakoak dira, eta jakin-mina zaletasun bihurtuta, kontzertu gehienetara joaten dira