GAUR8 - mila leiho zabalik

Elektrikak. Denak balio du?


Oinez noa, zamatuta, ohiko oinazeen atsekabea pauso artean desagertuko zaidalakoan. Urradurak gogoan eta azalean, ugariak eta anitzak, eta tronpatu egiten naiz samin guztiei kolpe batez aurre egitean. Ikasia dugu, halabeharrez, larritasunei lehentasunak ezartzen saminetako bat bederen arintzeko esperantzan.

Energiaren prezioaren gorakada amaigabeak uda inoizko maila gorienera eraman du eta nire zirkuitu eta fusibleak erre. Jada ez dut ezer ulertzen. Nahiz enpresa pribatuen helburua mozkinak lortzea izan, onartuko dugu herritarren behar oinarrizkoa den elektrizitateak prezio onartezina izan dezakeenik? Onartuko dugu gainezka dauden patriketarako xox andana gehiago arpilatzea?

Han urrun, nonbait norbait boteretsu sentitzen da. Dolarrak begi ninietan iltzatuta hortz zorrotz eta ezpain lerdetsuetatik hartzen ditu erabakiak, igitaiarekin nola ebakitzen dituen bizitza lerdenak sentitu ere egin gabe.

Auzora etorrita… ikasia dugu Iberdrolak gose aseezina duela eta bidean desegiten dituen familien odol jarioak ez zaizkiola axola, eragindako minaren etekina gozoagoa bailitzaion.

Azken krisi ekonomikoan milaka familiak pairatu zuten argindar mozketak ilunpetik argitara atera zuen pobrezia energetikoa. Geroztik, badakigu etengabekoak direla argindar etenak.

Arduradunek, baina, izen-abizenak dituzte; guregandik hurbilen hasteko, Iberdrola eta bere buru Ignacio Sanchez Galán. Izan bezate etorkizunean nahiko zori beraien menutik probatzeraino. •