2021 IRA. 25 Harreman publikoak eta prentsa askatasuna Iñaki Soto Zer egin behar duzu norbaitek, erakunde publiko bateko arduradunak, egunkarian zeri buruz hitz egin behar duzun eta titularretan zer jarri behar duzun esaten baldin badizu? Teorian, gehiengo batek arduradun horrek esan dizunaren kontrakoa egiteko esango lizuke, berria hor egongo baita, ziur asko. Badakizue, «patroi batek argitaratuta ikusi nahi duen edozer publizitatea besterik ez da eta, aldiz, egunkarian ikusi nahi ez duen hori albistea da». Borobilegia, nire gusturako, baina egia da hein handi batean. Arduradun horrek iradokizun hori zure egunkarian egiten badu, auzia zitalagoa da. Bi aukera baitaude: inkontzienteki esan du ala asmo txarrez egin du. Honela bada, mezu bat bidali nahi izan dizu, posizio bat markatu nahi izan du. Jose Luis Rebordinosekin hauxe gertatu zaigu, Zinemaldiko zuzendariarekin. Jaialdiaren lehen egunerako elkarrizketa egin zion Koldo Landaluzek GARAn. (H)emen-ekin batera egon diren jardunaldiei buruz galdetuta, Rebordinosek Johnny Depp-en gaia atera eta honela dio: «Depp-ena bezalako polemikei dagokienez, horrelako eztabaidak sare sozialetatik eta egunkarietako titularretatik kanpo geratu behar direla uste dut». Irakurri nuenean harrituta geratu nintzen. Rebordinos ezagutzen dut, ez dugu harreman handirik baina berak gonbidatuta elkarrekin bazkaldu dugu bitan, bere ikuspuntuez eta proiektuez hitz egiteko. Estimatzen dut, gurekin ondo portatu da. Garenerako, gure komunikabideek Zinemaldiari egiten dioten jarraipena ez da nolanahikoa. “Egin”-etik datorren tradizioa da, gainera. NAIZekin hau indartu egin da eta lantaldearen esfortzua eskertu nahi dut. Badakit Zinemaldiko lantaldeak hau baloratzen duela, nazioarteko prentsa beraientzat hil ala bizikoa izanik, jaialdiaren izaera herrikoia ere garrantzitsua baita. Markaren parte da eta gu horren lagungarri. Hemengo prentsari begiratuta, argi dago batek baino gehiagok Rebordinosen iradokizuna jarraitu duela. Horregatik, atzerriko prentsak Johnny Depp nola tratatzen duen begiratzera joan naiz. Topatu dudan artikulurik hoberena BBCn dago eta iazkoa da. Bertan David Sillito kazetariak Londreseko epaiketari buruzko kronika sakona egiten du: https://bbc.in/3lS4mct. Depp-ek “The Sun” salatu zuela oroitu behar da, titular batean «wife beater» jartzeagatik (emazte jotzailea). Lehenago, 2018an “Rolling Stones”-ek bere endekapena erakusten duen profil izugarria argitaratu zuen: https://bit.ly/3CFhisV. Nola ez, Donostia Sariaz ere hitz egin dute, adibidez zinemagile emakumeen aldetik sariak jasan dituen kritikak nabarmentzeko, Associated Pressek: https://lat.ms/3ENGwHF. Reuters-ek asteazkeneko ekitaldia landu zuen, Depp-ek ezeztapenaren politikaz esan zituenak azpimarratzeko: https://reut.rs/3EPeaNg. Donostian prentsak ez zuen auzi hauei buruz galderarik egiteko aukerarik izan. Oso itsusia da eta kronikek ere hori jaso dute. Depp-ek, ordea, nahi zuena esateko aukera izan zuen, eta esan zituenak ikaragarriak dira. Aktore lanagatik saritu dute, baina askatasunen martiri gisa azaldu da, biktima gisa. Adi, horretara egon behar gara, ez hainbeste emakumeen aurkako biolentziara, asmo onez egindako salaketak badira ere, desbideratu baitira. Donostia Saria harreman publikoen kanpaina baten parte gisa erabili du. Horixe titulatu genuen guk. Ez batak ez besteak ez ziguten beste aukerarik utzi. • En San Sebastián la prensa no tuvo ocasión de hacer preguntas sobre malos tratos o juicios. Es muy fea. Depp, sin embargo, tuvo la oportunidad de decir lo que quería y las